Gaurkotasuna / 19 otsaila, 2026
Kursaal eta Miramar Jauregia indartsu hazi dira, maximo historikoen gainean, % 17,7ko igoerarekin diru-sarreretan
Kursaalek 2025eko balantzea aurkeztu du gaur goizean, Kursaalerako eta Miramar jauregirako urte historiko gisa finkatu dena. Kursaal sozietateak % 17,7ko ezohiko hazkundea izan du 2024aren aldean, eta guztira 6,7 milioi euroko fakturazioa izan du. 2023tik, hazkunde metatua % 34,5ekoa da, eta, horri esker, bi urte eskasetan gainditu da 2024-2027 Plan Estrategikoan lau urterako ezarritako asmo handiko helburua. Emaitza hori bi egoitzetan garatutako jarduera biziari esker lortu da: guztira 511 ekitaldi hartu dituzte eta 420.403 lagun erakarri, lurraldearen dinamizazio kultural ,eta ekonomikorako azpiegitura estrategiko gisa duten eginkizuna indartuz.
Hazkunde iraunkor hori emaitzetan ere islatu da: EBITDA 1.909.840 eurokoa izan da. Jarduera maila bikainak, diru-sarreren hazkundeak eta gastuaren kudeaketa eraginkorrak bultzatuta, emaitza honek % 66,1eko igoera dakar 2024arekin alderatuta.
Kursaal Sozietateak, Kursaaleko eta Miramarreko hazkunde horri esker, 2025ean bere historiako inpaktu ekonomikorik handiena eragin du lurraldean: 70,1 milioi euro guztira. Tokiko garapenari egindako ekarpena berretsiz eta Gipuzkoan motor ekonomiko eta kultural gisa izan duen eginkizuna sendotuz.
Hazkundearen hiru bektore estrategiko
2025eko bi egoitzen hazkundea hiru bektore estrategikotan oinarritu da. Lehenik eta behin, Kursaaleko funtsezko bi segmentuen portaera bikaina. Kultura arloak bere jarduera historiko gorenera iritsi da, 162 ikuskizunekin, eta % 14,3ko igoera izan du fakturazioan aurreko urtearen aldean. Bestalde, Kongresuen segmentuak orain arteko fakturaziorik handiena lortu du, % 40,2ko hazkundearekin 2024arekin alderatuta, dimentsio eta iraupen handiagoko kongresuak erakartzeak bultzatuta.
Bigarrenik, fidelizazioa indartu da ekitaldiei lotutako zerbitzuaren garapenaren bidez. Zerbitzu horren merkaturatzea % 24,5 hazi da Kursaalen eta % 19,8 Miramarren, eta balio erantsi handiagoa eman die antolatzaileei eta sustatzaileei.
Hirugarren bektorea Miramar Jauregiaren jarduera sendoa izan da: fakturazioan %19,4ko hazkundea 2024arekin alderatuta, birgaitze-lanek markatutako testuinguruan ere, eta diruzaintzako superabita sendotuz.
Hazkunde ekonomikoa, gainera, eraginkortasuna eta bezeroarentzako arreta bikaina mantenduz lortu da. Bezeroen gogobetetasuna maila gorenean mantentzen da, 10etik 8,8ko batez besteko balorazio haztatua lortuta, kalitatearekiko eta zerbitzuarekiko konpromiso irmoa islatuz.
Kursaal elkarguneak ere, herritarren babes zabala du, egindako azken ezagutzaren azterlanean islatu den bezala: Gipuzkoako biztanleen %83k Kursaalen ekitaldiren batera joan da, eta haren jardueraren balorazioa hobetu egin da, 5etik 4,5era iritsi arte; horrek berresten du gizartean duen errotze sendoa eta herritarrentzat duen garrantzia.
Kursaal: 311 ekitaldi eta 400 mila lagun baino gehiago
2025ean jarduera handia izan da Kursaalen, 311 ekitaldi eta 400.548 bertaratuekin; horri esker, negozio-bolumenaren errekor berria lortu da, 2024koa gaindituz.
Kultura jauregiaren jardueraren ardatz nagusietako bat izan da berriro ere. Urtean zehar, guztira 162 kultur ikuskizun egin dira, eta 275.799 lagun bildu dituzte; horrek Kursaala hiriaren eta lurraldearen kultur eskaintzaren erreferente gisa sendotu du.
Kursaal Eszenak, Kursaalen programazio propioa eta kalitate artistikoaren aldeko apustu sendoak, 20 ikuskizun eskaini ditu eta 20.090 ikusle erakarri ditu. Proposamenak musika herrikoia, klasikoa eta dantza uztartu ditu publiko guztientzat; izen handiak bildu ditu, hala nola The Waterboys eta Paloma San Basilio, baita gorabidean dauden talentuak ere, besteak beste Guitarricadelafuente eta Juanjo Bona. Musika klasikoaren eta dantzaren arloan nabarmendu dira Orchestre des Champs-Élysées, Philippe Herrewegheren zuzendaritzapean; Mikhail Pletnev pianista; Les Arts Florissants, Compagnie Käfigekin batera; eta Martha Graham Dance Company. Denboraldia Gabonetako Oratorioa obraren interpretazioarekin amaitu zen, Il Gardellinok eta Cor de Cambra del Palau de la Música Catalanak eskainita; horrela, Kursaalek balio artistiko handiko eta herritarrentzat kultur proiekzioa duten proposamenekin duen konpromisoa berretsi du.
Kursaaleko agertokietan programatzen duten sustatzaile pribatuek ere izen handiko proposamenak ekarri dituzte. Horien artean nabarmendu dira Manolo García, Sara Baras, Ara Malikian, Celtas Cortos, Jorge Blas ilusionista, Mikel Erentxun bere Duncan Dhu taldeari omenaldia egiten dion birarekin, Ana Belén, Morgan eta James Rhodes. Umorezko eskaintzak ere protagonismo handia izan du, besteak beste Galder Varas, Luis Zahera, Pantomima Full eta David Ceporen emanaldiekin.
Gainera, urtero bezala, programazio honi Euskadiko Orkestraren abonu-denboraldiko ikuskizunak, Donostiako Orfeoiaren kontzertuak, Musika Hamabostaldia eta Jazzaldia gehitu behar zaizkio, baita Zinemaldiaren zinema-proiekzioak ere, Kursaala lurraldeko epizentro kultural gisa berretsiz.
Kongresu-urte bikaina
Jarduera-datu bikainen testuinguru honetan, Kursaalen 149 kongresu eta bilera-ekitaldi izan ziren, eta sektore profesional desberdinetako 124.749 parte-hartzaile bildu ziren, 2025ean.
Miramar jauregiak ere jarduera-maila handia mantendu zuen; pasa den urtean zehar 200 ekitaldi egin ziren eta ia 20.000 lagun bertaratu ziren, topaketa profesional eta sozialetarako funtsezko gune gisa duen posizioa sendotuz.
Urtea tamaina handiko, iraupen eta dimentsio handiagoko kongresuen harrerak markatu du; horietako asko nazioartekoak izan dira, eta horrek Kursaal eta Miramar Jauregia kongresuen arloko egoitza erreferente gisa sendotu ditu. Horien artean aipatzekoak dira AEA/SEROD 2025 Kongresua, SEAP-IAP XXXII Kongresu Nazionala edo XXIII FAME Kongresua bezalako erreferentziazko kongresu medikoak, hitzordu zientifiko eta teknologiko nabarmenekin batera, hala nola Graphene Conference 2025 (Konstantin Novoselov Nobel saridunaren parte-hartzearekin), AI4AM edo GOLD 2025 Conference. Nazioarteko mailan, International Symposium on Bilingualism 2025 edo FEICA European Adhesive and Sealant Conference 2025 bezalako topaketek helmugaren nazioarteko proiekzioa indartu dute.
Kongresuekin batera urtea sektore estrategikoetako —finantzak, kontsumoa eta IT— konbentzio eta bilera korporatiboek ere markatu dute, Laboral Kutxa, Kutxabank, Angulas Aguinaga, Arrow Electronics edo Straumann Group konpainien parte-hartzearekin. Era berean, Kursaal kultura- eta sormen-hitzordu handien egoitza izan da berriro ere, hala nola Dantz Network Congress, Sormen Klubaren C Eguna, San Sebastian Gastronomika eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, bere jarduerak lurraldean duen eragin ekonomiko eta soziala zabalduz. Ahaztu gabe Udako Ikastaroen programazio zabala, zeinaren jarduera nagusia Miramar Jauregiaren egoitzan garatzen den.
Lehiakortasuna mantentzeko inbertsioa eta etorkizunari begirada
Egoera onuragarriak bi azpiegituren lehiakortasuna mantentzera bideratutako inbertsio-plan garrantzitsu bat hedatzea ahalbidetu du. 2025ean 4,4 milioi euro inbertitu dira, eta 2026an beste 2,2 milioiko inbertsioa aurreikusten da.
Inbertsio horiei esker, Miramar jauregia birgaitzeko hirugarren faseari ekin ahal izango zaio eta Kursaalen, auditorioko besaulkiak berritu (C gunea), argiztapen eszenikoko ekipamendua eguneratu, hozteko makinetako bat ordeztu — aire giroturako hotza ekoizteko makina nagusietako bat — eta barne-prozesuen digitalizazioan aurrera egin ahal izango da.
Kudeaketa arduratsu eta gardenarekiko konpromisoaren ildotik, Administrazio Kontseiluak 2024-2027 Jasangarritasun Plana onartu du, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lerrokatuta, eta erakundeak bere lehen Jasangarritasun Memoria argitaratu du, ingurumenaren eta gizartearen iraunkortasuna eta erakundearen gobernantza-eredua modu integralean jasotzen dituena.
Ingurumenaren arloan, efizientzia-, segurtasun- eta kontrol-irizpideekin egiten dugu aurrera, ISO 14001:2015 arauaren arabera ziurtatutako gure kudeaketa-sistemaren bidez, 2007tik, eraginkortasun energetikoa, uraren eta hondakinen kudeaketa arduratsua eta gure ingurumen-aztarna murriztea bultzatuz. Gizartean, komunitatean dugun zeregin aktiboa indartzen dugu, kulturarako sarbidea erraztuz eta ezagutzaren zabalkundea sustatuz, ingurunean eragin positiboa sortuz. Era berean, kongresu eta topaketa profesionalek hirian eta herritarrentzat ondarea uzten laguntzen dute, ate irekien jardunaldien bidez edukiak eta esperientziak hurbilduz eta lurraldearen dinamismo kulturala eta soziala indartuz. Gobernantzaren arloan, memoriak iraunkortasun ekonomikoan eta berrikuntzan jartzen du arreta, erakundearen sendotasuna eta etorkizuneko proiekzioa bermatzen duten zutabe gisa.


