Gaurkotasuna / 22 apirila, 2026
Duela urtebete estreinaldi arrakastatsua izan ondoren, Euskadiko Orkestrak “Logelan logale” ekoizpen propioa eskainiko du berriro, Leire Bilbaoren libretoarekin eta Jagoba Astiazaranen jatorrizko musikarekin. Donostian, Kursaal Eszenarekin lankidetzan, apirilaren 21ean eta 22an izango da, Kursaal Auditorioan.
Egitasmoan parte hartu duten irakasle zein ikasleek argi uzten dute ekimen honen eragin positiboa, parte hartzen dutenen bizitzak eta dinamikak aldatzeraino. Euskara hutsezko haur kantata bat gertaera historikoa da: 1998 urtera arte atzera egin behar da, seguraski, antzeko izaeradun zerbaitekin topo egiteko (Tomás Aragüések konposatutako “Jimmy Potxolo” haur-kantata, Bernardo Atxagaren letrarekin). Horrela bizi izan zen iaz “Logelan logale”ren estreinaldia, lurraldeko musika-gertakari handi bat bezala, parte-hartzaileek urte askotan gogoratuko dutena.
Eta horregatik, hain zuzen ere, proiektu handi eta garrantzitsu honek urrunago joan behar zuen. Bigarren edizio honetan inoiz baino hobeto beteko du kantuaren bidez Euskal Herria egituratzeko helburua. Euskadiko Orkestrak Donostian eta Gasteizen hiru emanaldi emateaz gain, kantata Bilbora ere iritsiko da bi saiorekin, lehen aldiz. Bilbao Orkestra Sinfonikoak hartuko du Bizkaiko hiriburuan Euskadiko Orkestrak sortu eta bultzatutako haur kantata honen lekukoa.
Eragile ugari behar dituen proiektua. Kantata bat sortzea musika-ekitaldi garrantzitsua da, eragile asko biltzen ditu eta giza mobilizazio handia eskatzen ditu. Maria Goiricelayak diseinatu du proposamen eszenikoa, Juanjo Ocónek zuzenduko du orkestra eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da protagonista ipuinaren narratiban; Euskadiko Orkestrak lagunduko du eszenatokian, eta baita eszenatokian zein besaulki-patioan kokatuko den haur abesbatzak ere, 1.400 haurrek osatutako abesbatza handia. Abesbatzak, alde batetik, lau abesbatza pilotu izango ditu (Easo Eskolania, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Zegamako Orkatz Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxetako ikasle-taldeak. Bilboko kontzertuetan Bizkaiko ikastetxeetako beste 1.700 haurrek parte hartuko dute.
Parte hartu duten ikastetxeetako proiektuan inplikatutako irakasleak hainbat prestakuntza-saiotara joan dira, eta errepertorioa, zuzendaritza, ahotsa, didaktika, logistika eta alderdi eszenikoa landu dituzte. Material horietatik abiatuta, irakasleek ikasturte osoan lan egin dute eskolan kontzertuaren egunera arte, ahalik eta ondoen prestatuta iristeko.
Gipuzkoako 18 ikastetxek hartzen dute parte egitasmo honetan: Aitor Ikastola, Aitxuri Herri Eskola, Anoetako Herri Ikastola, Antoniano Ikastetxea, Egape Ikastola HLHI, Eguzkitza HLHI, Haztegi Ikastola, Intxaurrondo Hegoa HLHI, Intxaurrondo Ikastola Publikoa, Izarraizpe Ikastola Publikoa, Karmengo Ama IPI, Mary Ward Ikastetxea, San Andres HLHI, San Martin Agirre Herri Eskola, San Martin HLHI, Sasoeta-Zumaburu Ikastetxea, Ugaro Herri Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola.


