Gaurkotasuna / 4 otsaila, 2026
• Philippe Herreweghek eta berak sortu eta zuzentzen duen Orchestre des Champs Elysées-ek 2. eta 8. Sinfoniak intepretatuko dituzte.
• Sarrerak salgai kursaal.eus webgunean eta Kursaal Elkarguneko leihatiletan.
Gaur asteazkena, otsailaren 4a (19:30), Kursaal Eszenaren musika klasikoko programazioaren baitan, Beethovenen Sinfonien Integralaren laugarren atala izango da, Philippe Herrewegheren eta berak sortu eta zuzentzen duen Orchestre des Champs Elysées orkestraren eskutik. 2023an abiatu zen garai guztietako konpositore handienetako baten sinfonien berrikuspenari jarraiki, 2. eta 8. Sinfoniak izango dira entzungai, haren gaztetasunaren eta heldutasunaren arteko elkarrizketan. Kontzertu horretarako sarrerak eros daitezke kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan.
Egitarauari oharretan jasotzen denaren arabera, “Bigarren sinfonia, 1801. eta 1802. urteen artean konposatua, Beethoven goiztiarraren garaikoa da; hala ere, argi eta garbi iragartzen ditu haren heldutasunean nagusi izan ziren energia hedakorra eta kemena. Musikagilea krisi pertsonalean murgilduta zegoen garaikoa bada ere -Heiligenstadten Testamentuan ezin hobeto islatu zuen krisi
hura- bizitasun harrigarriko lana da. Kontraste hori, sarritan, barne-baieztapen ekintza gisa interpretatu izan da. Beethovenek berak adierazi zuen “Zortzigarren sinfonia” fa maiorreko sinfonia txiki bat zela, baina, txikigarri horren atzean, aparteko kontzentrazio eta asmameneko obra bat dago ezkutaturik. 1812an konposatua, Zortzigarren sinfoniak Beethoven intimo eta aske bat irudikatzen du, ez hain solemnea, baina sakontasun berekoa: heldutasun bete-betean zela, irribarre egin zezakeen, baina harritu gabe”.
Orchestre des Champs-Elysées orkestraren errepertorioak Haydnenetik hasi eta Debussyraino. Orkestra hau 1991n sortu zen Alain Durel, Champs Elysées antzokiaren zuzendariaren eta Philippe Herrewegheren eskutik. Hainbat urtez, orkestra Théâtre des Champs-Élysées-en jardun zuen, Bruselako Palais des Beaux-Arts-en, eta kontzertu-areto nagusi gehienetan jo du (Vienako Musikverein, Amsterdamgo Concertgebouw, Londresko Barbican Centre, Munich, Berlin eta Koloniako Philharmonie-ak, Leipzigeko Gewandhaus, New Yorkeko Lincoln Center eta abar). Orkestraren errepertorioak bilakaera izan du urteetan zehar, eta gaur egun 150 urtetik gorako errepertorio musikala hartzen du.
Bere ibilbide oparoan zehar, Philippe Herreweghek hainbat talde sortu ditu, eta horiekin Errenazimentutik gaurdaino hedatzen den errepertorioa landu du: La Chapelle Royale (1977), Ensemble Vocal Européen edo Orchestre des Champs-Elysées. 1982tik 2002ra, Sainteseko Musika Akademietako zuzendari artistikoa izan zen eta 2009az geroztik, Gent hiriko Collegium Vocale taldearekin kolaboratzen du, koru sinfoniko europar handi bat sortzeko helburuarekin. 2001etik Accademia delle Crete Senesiko zuzendari artistikoa da. Philippe Herreweghek helburu du bere horizonte artistikoak zabaltzea, besteak beste, Beethovenetik Stravinskyra doan musika sinfonikoa aintzat hartuta.
BEETHOVENEN SINFONIEN INTEGRALA (IV)
2026ko otsailaren 4a, 19:30. Kursaal Auditorioa. 58 / 46 / 37 / 30 / 11 €


