Gaurkotasuna / 17 azaroa, 2025
• Gaur astelehena jarri dira salgai 2026ko urtarrilaren 16an izango den kontzertu berezi horretarako sarrerak, eta baita otsailaren 4an izango den Beethovenen Sinfonien Integralaren IV. atalerako ere.
• Sarrerak salgai kursaal.eus webgunean eta Kursaal Elkarguneko leihatiletan.
2026ko urtarrilaren 16an (19:30), Kursaal Eszena, Kursaal Elkargunearen ekoizpen propioko kultur programazioak modu berezian irekiko du 2026ko denboraldia: Yuja Wang pianista karismatikoa Mahler Chamber Orchestrarekin ariko da, Fabien Gabelen zuzendaritzapean, Europan barrena egingo duen biran; Chopin eta Ligetiren lanak interpretatuko ditu, Stravinsky eta Mozarten pieza instrumental banak osatuko duten egitarauan. Yuja Wangek honako hau adierazi zion The New York Times egunkariari: "Uste dut programa bakoitzak bizitza propioa izan behar duela eta une horretan sentitzen naizen moduaren antzezpen bat izan behar duela". Interprete honen nazioarteko ibilbide bikainaren erakusgarri, aipatzekoak dira 25/26 denboraldian Estatu Batuetako orkestra sinfoniko nagusienetako batzurekin jardungo duela (San Francisco Symphony, The Philadelphia Orchestra, New York Philharmonic edo The Cleveland Orchestra) eta Europan Suediako Irratiko Orkestrarekin, Amsterdamgo Concertgebouweko Errege Orkestrarekin eta Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoarekin ariko dela, baita Kursaalera ekarriko duen Mahler Chamber Orchestrarekin biran, eta baita David Hockney artistari Londresko Lightroom aretoan eskainitako erakusketa murgiltzailean emandako errezitala eta 2023an Bakarkako Instrumental Klasiko Onenaren Grammy saria irabazi izana ere.
Halaber, gaur jarri dira salgai 2026ko otsailaren 4an Philippe Herrewegheren zuzendaritzapean Orchestre des Champs Elysées egingo duen Beethovenen Sinfonien Integralaren laugarren atalerako sarrera solteak. 2023an abiatu zen garai guztietako konpositore handienetako baten sinfonien berrikuspenari jarraiki, 2. eta 8. Sinfoniak izango dira entzungai; Beethovenen gaztetasunaren eta heldutasunaren arteko elkarrizketan, Philippe Herreweghek eta Orchestre des Champs-Élysées-ek, euren sentsibilitate nahastezinarekin, Bigarren Sinfoniaren argizko freskotasuna eta Zortzigarrenaren betetasun espirituala erakutsiko dute, bien artean hamar urteko aldea egon arren genioaren umorea, energia eta askatasuna partekatzen dituzten bi obra.
Kontzertu horietarako sarrera solteak gaurtik aurrera eros daitezke kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan; era berean, biak Kursaal Eszenako Abonu Klasikoaren parte dira eta hori abenduaren 22an jarriko da salgai.
YUJA WANG, pianoa & MAHLER CHAMBER ORCHESTRA
2026ko urtarrilaren 16a, 19:30. Kursaal Auditorioa. 68 / 54 / 44 / 35 / 11 €
BEETHOVENEN SINFONIEN INTEGRALA (IV)
2026ko otsailaren 4a, 19:30. Kursaal Auditorioa. 58 / 46 / 37 / 30 / 11 €
Sarrera solteak salgai: kursaal.eus / Kursaal Elkarguneko leihatilak


