Gaurkotasuna / 17 ekaina, 2025
- Musika klasikoaren alorrean, Orchestre des Champs Elysées eta Herreweghe, Mikhail Pletnev, Il Gardellino eta Cor de Cambra del Palau de la Música Catalana eta The Fairy Queen dantza eta musika ikuskizuna.
- Musika herrikoian, Paloma San Basilio, Laurie Anderson eta The Waterboys, baita Nøgen eta Ryan Adams ere.
- Haur eta familientzat, itzal antzerkia eta zuzeneko musika Animalia-Inauterian, eta haize-metal soinuak Metálicos
- Musika klasikoko abonuak eta sarrera solteak gaur jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera.
Kursaal Eszenako hurrengo denboraldia urriaren 18an hasiko da, haurrentzako Animalia-Inauteria ikuskizunarekin, eta abenduaren 17an amaituko da, Bachen Eguberriko Oratorioarekin: udazkenean, izango da, beraz, gozatzeko aukera Europako panorama klasikoaren proposamen interesgarrienetako batzuekin (Orchestre del Champs Elysées, Pletnev, Il Gardelino); barrokoaren eta hip-hoparen arteko dantza eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizun batekin (The Fairy Queen); Laurie Anderson legendazkoarekin, The Waterboysen rock klasikoarekin eta baita Paloma San Basilio gaztelerazko musikaren ikurretako baten emanaldiarekin ere. Familian ikasi eta gozatzeko ere une aproposa izango da.
Musika klasikoko zikloa urriaren 22an hasiko da, 2023tik Kursaal Eszenako programazioaren barruan Philippe Herreweghe zuzendari belgikar ospetsuaren zuzendaritzapean Orchestre des Champs Elysées burutzen ari den L.V. Beethovenen Sinfonien Integralaren hirugarren atalarekin. Beethoven intimista eta fin baten isla diren 5. eta 6. Sinfoniak interpretatuko dituzte. Hala, Herreweghek eta bere orkestrak aurrera darraite Europako areto garrantzitsuetako askorekin batera Kursaal Eszena kide duen nazioarteko proiektu honekin. Beethovenen bederatzi sinfoniek osatzen duten obra-multzoaz gozatzea musika-hizkuntzaren eta -formen eraldaketa ezagutzeko modu egokia dela abiapuntutzat hartuta, sinfonien corpus horrek beti izan du paper nagusia Orchestre des Champs Elysées-en programazioan, erreferentzia-puntu eta errepertorio berriei ekiteko funtsezko bitarteko gisa.
Azaroaren 7an, musika sinfonikoak errezitalari egingo dio bide: Mikhail Pletnev, errusiar piano-eskolako figura handienetako bat, Kursaaleko agertokira itzuliko da azkenekoz etorri zenetik hamarkada bat baino gehiago igarota. Literatura- eta folklore-kutsuko egitarau zabala aurkeztuko du, Bach, Grieg eta Schumann onenaren Kreisleriana dramatiko ospetsua hizpide hartuta. Pletnev gure garaiko artista errespetatuenetako eta eraginkorrenetako bat da; pianista, orkestra-zuzendaria, konpositorea eta kultur ikurra izatea dira bere ibilbidearen alderdi esanguratsuetako hainbat eta, hala ere, musikaria baino ez dela azpimarratzen du etengabean. Pianista gisa, Grammy sari bat jaso zuen 2005ean Prokofiev-en Errauskine lanagatik eta Grammy sarietarako izendapenak Schumann-en Ikasketa sinfonikoengatik (2004) eta Rachmaninoff eta Prokofiev-en Pianorako 3. Kontzertuengatik (2003), guztiak Deutsche Grammophon-ek argitaratuak. Konpositore gisa, orkestrarako, ahotserako eta instrumentu bakarlarientzako obra oparoa du, besteak beste, biolin, biola eta tronpetarako kontzertuak.
Azaroaren 19an, zuzeneko musikaz jantzita iritsiko da denboraldi honetako dantza proposamena: The Fairy Queen-en ("Maitagarrien erregina") bertsio bat, Mourad Merzoukiren Compagnie Käfig konpainiak, Paul Agnew zuzendari duen Les Arts Florissants talde instrumentalak eta bakarlari talde batek interpretatuko dutena. Bertsio horren koreografian nabarmen izango diren hip-hop-a eta dantza garaikideko beste forma batzuk Mourad Merzouki koreografoaren nortasun-ezaugarri dira, 2024ko Musika Hamabostaldian arrakasta handiz aurkeztutako Folia ikuskizunean argi geratu zen bezala. Merzoukik opera baterako egindako lehenbiziko lanean, Purcellek XVII. mendean konposatutako obraren inguruan musikariak, abeslariak eta dantzariak bildu ditu. Shakespeareren Udako gau bateko ametsa lanean oinarrituta, britainiarrak maitagarrien ipuin dibertigarri bat sortu zuen, hirurehun urte geroago ere edonor harritzeko gai dena; izaki magikoz eta nahastutako tramaz betetako ametsa, aldi berean sublimeak eta groteskoak diren pertsonaiez josia. Merzoukiren hitzetan, "ekoizpen honetan, kantua, musika eta dantza elkarlotzea landutako gaiaren metafora bera dira: bat-batean harritzen gaituzten forma artistikoen topaketa berri eta liluragarria". Esperientzia operistiko erabatekoa, onirikoa, gaztea eta berria izango da, non antzinako arteak gaurkoarekin topo egiten duen zentzumenen gozamenerako.
Eta abenduaren 17an Kursaal Eszenako musika klasikoko programazioaren baitako Eguberri aurreko hitzordu tradizionalean, Bachen Eguberriko Oratorioa izango da entzungai aurten. Christoph Prégardienen zuzendaritzapena ariko dira Il Gardellino Orchestra, Cor de Cambra del Palau de la Música Catalana, eta Alison Lau (sopranoa), Martina Baroni (kontraltoa), David Fisher (tenorra) eta Micha Matthäus (baxua) bakarlariak. 1734ko Gabonetarako konposatua, ez zen berriro 1857ra arte interpretatu. Oratorioaren inguruko zirkunstantziek islatzen dute gaur egun garai guztietako konpositorerik onena denaren obrak hainbat hamarkadatan jasandako ahanztura. 1988an sortu zenetik, Il Gardellino Orkestrak errepertorio zabala lantzen du, Monteverditik Mozartera eta Rosenmüllerretik Rollera doana. Bi urte geroago, 1990ean, sortu zen Cor de Cambra del Palau de la Música Catalana, Errenazimenduko musikagileen errepertorioa nahiz gaur egungo konpositoreen erabateko estreinaldiak lantzen dituena, a cappella musikatik hasita, opera-ekoizpenak eta errepertorio sinfoniko-koral handira.
Musika Herrikoiaren eskaintza urriaren 19an abiatuko da, aurten bere musika ibilbidearen berrogeita hamar urte ospatzen dituen Paloma San Basilioren kontzertuarekin. Bere Gracias birarekin, gaztelerazko musika-eszenako ahots ikoniko eta moldakorrenetako batek agertokiei agur esan eta eskerrak emango dizkie urte hauetan guztietan babestu duten jarraitaileei: "Beste ibilbide batzuk hasi edo jarraitu behar ditudala sentitzen dut, baina horren aurretik, ez dut abentura sinestezin hau utzi nahi ESKERRAK behin eta mila aldiz eman gabe". Paloma San Basiliok musikaz, emozioz eta oroitzapenez beteriko esperientzia bat eskainiko du, bere ibilbidea markatu duten arrakastak berreskuratuta ("No llores por mí Argentina", "Luna de miel", "Porque me abandonaste" edo "Juntos"). 33 disko baino gehiago argitaratuta, gehienak urrea eta platinoa izan direnak, hamasei milioi kopia baino gehiago saldu ditu kantariak; eta sari eta errekonozimendu ugari jaso ditu, hala nola 2006ko Latin Grammy sarietan bere ibilbideari emandakoa edo 2021ean jasotako Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina.
Azaroaren 5ean Laurie Anderson Kursaalera itzuliko da. Artista balioaniztuna (konpositorea, abeslaria, idazlea, argazkilaria, ikus-artista eta abar), elektronikaren eta teknologiaren erabileran aitzindari izan zen estatubatuarrak bere izenburua Big Science (1982) diskoko piezetako batetik hartzen duen ikuskizun bat proposatzen du oraingoan: Let X = X. Bere estreinako albumtzat jotzen den Big Sciencek zortzi orduko iraupena duen United States Live ekoizpenaren zati onenen hautaketa bat jasotzen du, eta Steve Reichen eta Robert Ashleyren arteko sintesi minimalista dela esan izan da. Laurie Andersonek Sexmob izango du lagun, New Yorkeko Knitting Factory klub mitikoaren baitan sortutako jazz-band bat, Steven Bernstein (balbula-tronpeta), Briggan Krauss (saxoa, gitarra), Tony Scherr (baxua), Kenny Wollesen (perkusioa, bateria) eta Doug Wesman (gitarra) musikariek osatzen dutena. Kursaala eta Bartzelonako L'Auditori izango dira nazioarteko bira honen barruan Andersonek penintsulan egingo dituen bi geldialdi bakarrak.
Abenduaren 3an, The Waterboys taldeak Life, Death And Dennis Hopper disko berria aurkeztuko du zuzenean. Izena ematen dion aktore estatubatuarraren figura ardatz hartuta eta bere istorioaren bidez, mendebaldeko pop kulturaren azken zazpi hamarkadak erretratatzen dira albumean. Memphiseko Sun Recordsen estudio mitikoetan grabatua, bere ibilbideko hamaseigarren LPa da eta horretan lankide aritu dira Bruce Springsteen, Steve Earle, Fiona Apple eta abar. Gaur egun, Mike Scott eskoziarra buru duen taldeak rock klasikoko puntako taldeetako bat izaten darrai. Zuzenekoan, berarekin ariko dira bandaren etapa guztietako musika birmoldatzen asmatu duten Memphis-eko Brother Paul eta Cornwall-eko James Hallawell teklatu-jotzaileak eta irlandar erritmo saila osatzen duten Aongus Ralston baxu-jotzaileak eta Eamon Ferris bateria-jotzailea.
Eta, 2026an iritsiko denaren aurrerapen gisa, Kursaal Eszenak Nøgen taldearekin hasiko du urtea, euren hamargarren urteurrena ospatzeko kontzertuarekin (urtarrilak 3). Sarrerak apirilaren 1ean jarri ziren salgai eta aste gutxitan agortu ziren, emanaldia beteta izango da hortaz. Hitzordu hori ziklo amaiera baten hasiera izango da talde donostiarrarentzat: "Inoiz ez dugu jakin nora goazen, baina aukeratu dugu nola eta norekin. Trenak pasa dira, batzuk hartu ditugu, eta beste batzuk ez; azken finean, edozein gaztek bezala, ahal izan dugun moduan egin dugu aurrera. Gure azken diskoan etxe bat irudikatu dugu, bai abestietan bai kontzertuetan, basoaren erdian dagoen aterpe bat. Eta orain, 10 urte bete ditugunean, aro horri amaiera ematera behartuta gaude. Kaxak bete eta etxea hustu. Hurrengo geltokia bilatuko dugu". Eta apirilaren 13an Ryan Adamsek bisita egingo digu An Evening with Ryan Adams Celebrating the 25th Anniversary of Heartbreaker nazioarteko biraren barruan; bakarka, ahotsa, gitarra eta harmonika bere gain hartuta, Ipar Carolinako musikariak Heartbraker (2000) diskoko kantuak berreskuratuko ditu.
Haurrentzat eta familientzat, Kursaal Eszenak bi ikuskizun eskainiko ditu Musika Familian zikloaren barruan: Animalia-Inauteria (urriak 18), Luz, Micro y Punto konpainiaren zuzeneko musika duen hitzik gabeko itzal-antzerki ikuskizuna, Saint-Saënsen Animalien inauterian oinarritua: Egun sentia da basoan, egun berezia animalientzat, Inauteri eguna! Mozorrotuta, jai giroan dabiltzala, bat-batean lehoia agertu da festan; eta haren beldur dira guztiak, ez baitakite bihotz handidun lehoiak jolastu besterik ez duela egin nahi. Eta Metálicos (azaroak 29): familiartean gozatzeko kontzertu honetan, Spanish Brass metal taldeak, interpretatu baino musika marraztu egiten du. Jotzen duten bitartean, musikariek, espazioarekin eta gorputzarekin jolasean ari direla, sortu, garatu eta desagertzen diren formak irudikatzen dituzte, musika sortu garatu eta desagertzen den bezala.


