menu

Sasha Waltz, dantza garaikidearen berritzaile handia, aurreneko aldiz arituko da Kursaalen

Nouvelles / 12 mars, 2016

  • Juan Kruz Díaz de Garaio Esnaola gipuzkoarrak koreografietako bitan parte hartuko du.
  • Ikuskizuna, era berea, Donostia 2016aren Elkarrizketak lerroaren baitan kokatzen da.

Sasha Waltz & Guests Dance Company berlindar konpainiak debuta egingo du aurten Kursaal auditorioan, datorren martxoko 14an, arratsaldeko 20:00etan, “Sacre” programarekin. Koreografo alemaniarrak «Udaberriaren sagaratzea» obraren bere bertsio txalotua aurkeztuko du Donostian, berak sortua Igor Stravinskiren musikaren gainean. Waltzen beste bi piezarekin osatuko da programa: “Fauno baten biaoa”, Debussyren musikarekin, eta “Maitasunezko eszena”, Berliozen Romeo eta Julietaren musikarekin.

Dantza-antzerki alemaniarraren birsortzailetzat hartzen du Sasha Waltz nazioarteko prentsak. Arrakasta handia izan zuen 2013an koreografia berri honen estreinaldiaren, hain zuzen ere Igor Stravinskren «Udaberriaren sagaratzea» obra estreinatu eta handik mende batera.

Sasha Waltz Karlsruhen jaio zen, Alemanian. Dantza-ikasketak egin zituen Amsterdameko Dantzaren Garapen Berrientzako Eskolan, eta New Yorken hasi zen dantzan, lan handia eginez Pooh Kaye, Yoshiko Chuma, Lisa Kraus eta haren Dantza Konpainiarekin. 1993an, Jochen Sandig-ekin batera, Sasha Waltz & Guests konpainia sortu zuen. 1999az gero koreografoa eta Schaubühne konpainiaren zuzendaritza artistikoaren kidea. Konpainia horrentzat egin ditu, besteak beste, Körper, S eta 17-25 4 (dialoge 2001). Gaur egun Schaubühne Am Lehniner Platz taldearen zuzendaria da, eta, besteren artean, Thomas Ostermeier zuzendariak eta Jens Hillje eta Jochen Sandig antzerkigileek osatzen duten abangoardiako artista talde baten kidea.

 

«Sacre»ren inguruan, Sasha Waltz

Sasha Waltzek Mariinsky Antzokiak egin zion eskaintza bat onartu zuen, musikaren eta dantzaren historiako pieza garrantzitsu hau agertokietara eraman zezan. Erritmo nabarmen azpimarratua, beheraldi latzak eta obra osoan etengabe errepikatzen diren musika-motiboak dira konposizio deigarriki arkaiko, tentsioz bete eta angeluar honen ezaugarri nagusiak. Bere disonantzia ugariak, zarata diruditela ia, eta soinu-estilo espresionista direla medio, abangoardia modernoko musika-pieza famatuenetako bat egin dute obra hau. Jadanik formatu handiko aurreko zenbait obratan –«Jagden und Formen (Zustand 2008)», eta «Continu» (2010) obretan esate baterako–, erakutsi zituen Sashak errituetan eta talde-dinamikan egin duen ikerketaran elementu batzuk, eta elementu horiek «Sacre» honetan jo dute gailurra.

«Luzaroan egon naiz interesatua izadiaren boterea eta ordena nagusia konjuratzen duten mito eta erritu arkaikoetan. Gaurko munduan, teknologiak halako eragina duelarik, hainbesteraino murriztu dira izadiaren indarrak, non ia-ia hondamendi forman bakarrik ageri baitira. Erritualek, beste aldetik, izadiaren nolakotasun ziklikoa agertzen dute, eta haren jatorrira bideratzen dute gizadiaren lotura. Indartu egiten dira goren mailako ordena baten sinesmena eta harekiko harremana; gizabanakoak komunitatearen mesedetan sakrifikatzen du bere burua. Stravinskiren «Le Sacre du Printemps» obrarako koreografiak pieza bat osorik material horretara eskaintzeko aukera ematen dit», aitortu du Sasha Waltzek.