
COVID-19 PROTOKOLOA ETA SEGURTASUN-NEURRIAK
SARRERA
Kursaal Biltzar Jauregia eta Auditorioa oso kontziente da erabiltzaile eta bezeroekiko duen erantzukizun handiaz. Are gehiago egungo testuinguruan; izan ere, COVID-19aren agerpenak segurtasun eta osasun protokoloak ezartzera behartzen du, instalazioak berriz irekitzeak komunitatean kutsatzeko arriskua areagotu ez dezan.
Hau dela eta, osasun-agintarien gomendioak eta gidak jarraituz, eta arriskuak identifikatu eta aztertu ondoren, babes-neurriak ezarri ditugu gure zerbitzu eta instalazioetan, koronabirusarekiko esposizioaren arriskuak ahalik eta gehien murrizteko eta, horrela, pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, bai bisitariena, bai bezeroena, bai teknikariena.
Dokumentu honetan jasotako neurriak etengabe berrikusten ari dira, COVID-19ri buruz indarrean dauden araudiak eguneratzearen eta egokitzearen arabera.
HELBURUA
Protokolo honen helburua da COVID-19k eskatzen dituen higiene- eta segurtasun-neurrien eragin handiena jasango duten elementuak identifikatzea eta kongresu- eta kultura-jarduera berriz irekitzeko neurri eta jarduketa multzo bat proposatzea. Dokumentu honetan, segurtasun- eta prebentzio-neurri orokorrak eta espezifikoak proposatzen dira, egoera berrira egokitutako jarduera garatzeko.
1. Instalazioak garbitzea, desinfektatzea eta mantentzea
- Ekitaldi bakoitzaren aurretik, erabiliko diren instalazioak garbitu eta desinfektatuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie ateen heldulekuei, mahaien gainazalei, aulkien beso-euskarriei, eskudelei, bainugelen gainazalei, txorrotei, komun-ontziei, sarbideei eta, oro har, hainbat pertsonak maiz uki ditzaketen elementuei.
- Erabiltzaileek erabil ditzaketen espazio guztiak egunero garbituko dira, edo eta erabilera-maiztasunaren eta jende-fluxuen arabera.
- Gel-banagailu hidroalkoholikoak behar bezala seinaleztatuta jarriko dira konketen sarreran, txorrota eta komunak erabili aurretik eta ondoren nahitaez erabili behar direla zainduz.
- Airea berritzeko sistema. “Freecooling” aireztapen-sistema gehienera jarriko da beti, airea ahalik eta gehien berritu dadin.
2. Instalazioetara sarbideak eta zirkulazioak
- Publiko-fluxuak zuzentzeko behar diren bitartekoak artikulatuko dira. Barrutirako sarrera mailakatua izango da, eta segurtasun-tarte egokiak gordeko dira. Aretoko langileek instalazioen barruan lagunduko diote publikoari.
- Txarteldegian zein aretoetarako eta bainugelen sarbideetan segurtasun-distantzia mantentzen dela zainduko da, lurrean argi eta garbi identifika daitezkeen markak txertatuz.
- Igogailuen erabilera arauz ezarritako edukierara mugatuko da, eskaileren erabilera lehenetsiz.
3. Norberaren osasuna eta higienea
- Instalazioen barruan derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea.
- Gel-hidroalkoholikoa eta erabili eta botatzeko eskularruak emango dira esparruaren sarreran.
- Teknikariek, txarteldegiko eta aretoetako langileek norbera babesteko ekipamendua izango dute. Langile guztiak behar bezala prestatuta egongo dira harrera- eta jarduketa-protokoloetan, COVID19 osasun-larrialdiren bat gertatuz gero.