Iggy Pop musikari paregabea da. Izugarrizko nortasunaren jabe eta ibilbide oso luzea egina duena, himnoez eta momentu ahaztezinez betea. Punkaren aitzindari, garai guztietako basatienak dira bere zuzeneko eta eszenaratzeak. Probokatzailea, berritzailea eta generoen sortzailea da bera, azken bost hamarkadetako musikan itzal handienetakoa utzi duen artista, ikono bat, legenda bat.
Iggy Pop bateria jotzen hasi zen bere jaioterri Muskegon (Michigan, AEB), bertako institutuko hainbat bandetan. Haietako bat, The Iguanas izenekoa, izan zen azkenean bere izen artistikoa zehaztu zuena: Iggy, Iguana. Bluesean interesatua eta besteak beste The Sonics, MC5 eta The Doors taldeen jarraitzailea, Iggy Popek hiru disko kaleratu zituen 1969 eta 1973 artean The Stooges bere taldearekin, lider eta abeslari gisa. Hiru disko horietan sekulako habestiak zeuden: I Wanna Be Your Dog, 1969, No Fun, Down on the Street, Gimme Danger… The Stooges ia 30 urte geroago itzuli ziren agertokietara, beste bi disko grabatu zituzten XXI. mendean sartuta, eta 2010ean Rock & Roll Hall of Fame-n sartu ziren.
The Stoogesen lehen etaparen amaiera eta Iggy Popen bakarkako ibilbidearen hasiera drogarekin zituen arazoek eta David Bowierekin zuen harreman artistikoak eta adiskidetasunak markatu zituzten. Elkarrekin, Iggyk eta Davidek beren adikzioen aurka jardun zuten borrokan eta, elkarrekin, idatzi eta ekoiztu zituzten Iggyren bakarkako lehenengo bi albumak.
Bere ibilbidean zehar bakarkako 18 disko argitaratu ditu Iggyk; disko horietan oso abesti ezagunak eta garrantzitsuak daude, besteak beste, The Passenger, Lust For Life, Real Wild Child, Wild One, Candy…
Iggyk inoiz ez dio utzi musika sortzeari eta, izan ere, bi disko argitaratu ditu azken urteotan: Post Pop Depression (2016) Queens of the Stone Age taldeko lider Josh Hommerekin lankidetzan sortutako diskoa, eta Free (2019) disko gogoetatsuagoa, non Jazzetik gertuago dauden generoak esploratzen dituen.
Iggy, Iguanak, Punkaren Aitajaunak, zeinak 75 urte beteak izango dituen 57 Jazzaldian ariko denerako, sormen handiko artista geldiezina izaten jarraitzen du, aparteko ibilbidea egina duen musikaria, eta bere zuzeneko emanaldietan beti harrituta uzten gaituena.
Eragilea
Jazzaldia