
Gaurkotasuna / 14 martxoa, 2023
- Bere bosgarren diskoa, Isa, zuzenean aurkeztuko du.
- Sarrerak salgai www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan.
Zaz (Isabelle Geffroy) kantariak zuzenean aurkeztuko duen Isa bere diskoa 2021eko udazkenean plazaratu zuen. Aurreko lau diskoetako doinuak nazioarteko hiru biratan mundu osoko entzuleei ezagutzera eman ostean, Zaz-ek 2020ko udaberriko itxialdian ekin zion disko hau lantzeari, bakardade behartuan, baina baita preziatuan ere. “Bihotzarekin margotutako album bat da, koadro asko bezala”. Disko berri honetarako, Zazek Herbehereetako REYN ekoizlearekin egin du lan (Vanessa Paradis, Stephan Eicher, Benjamin Biolay, Gaëtan Roussel... bezalako artisten ekoizlea ere badena), eta harekin patxadan lan egin zuen, diskoko abesti bakoitzari kolore berezia emateraino, aurkezpenik behar ez duen ahots bizi bezain hunkigarriarekin eta beti tonu egokian; letrak zuzenak, pertsonalak eta intimoak dira, jada ibilbide nabarmena duen artista batenak.
Diskoa aurkezteko, Zaz-ek Organique Tour bira prestatu du, mundu osoko aretorik garrantzitsuenetan aritzera eramango duena; giza eskalako ikuskizuna prestatu du, ikusleengandik hurbil egotea ahalbidetuko diona, funtsezkoenera itzulera bat; modu naturalean, Organique Tour deritzo birari. Publikoak artistaren unibertsoan eta nortasunean murgiltzeko aukera izango du eta horren konposizio-lanaren alderdi berriak ezagutuko ditu; Zaz-ek bere kantu ezagunenak (esaterako Je veux, On ira, Éblouie par la nuit, Que vendra...) eta berrienak kantatuko ditu, horien artean Imagine. “Ikuskizun ezberdina, kementsua, positiboa eta eskuzabala da, aurpegian irribarre bat marraztu eta joie et de la bonne humeur (alaitasuna eta umore ona) eskainiko diguna; gogora ekarriko digu mundua bere arros koloreko ikuskizunen bidez hautemateko aukera dugula beti Zazen eskutik. Bestalde, Zaz-ek eta bere publikoak aukera izango dute hark Zazimut bere elkarte-sarearen bidez lankide dituen gobernuz kanpoko erakundeekin bat egiteko. Izan ere, ez al da Zaz kolore biziko emakumea?
Donostiako Kursaal Auditorioan emango duen kontzertuaren ondoren, Zaz Vigon, Bartzelonan eta Las Palmasen (Kanaria Handikoa) ariko da. Ondoren, Santiagora (Txile) joango da, eta hori izango da Hego Amerikan barrena egingo duen biraren lehen geldialdia.
Kontzertu honetarako sarrerak www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan eros daitezke.
ZAZ
Martxoak 17, ostirala. 19:30. Kursaal Auditorioa. 40 €
