
Gaurkotasuna / 12 urtarrila, 2023
- Pianista japoniarra eta Claudio Abbadok eta Daniel Hardingek bultzatutako orkestra duela hamar urte ari dira elkarlanean Mozarten pianorako kontzertuen inguruan.
- Mitsuko Uchida 2021eko Musika Hamabostaldian izandako arrakastaren ondoren dator Donostiara, eta Kursaal Eszenan aritzeaz gain aurten Hamabostaldian ere izango da.
Mitsuko Uchida eta Mahler Chamber Orchestraren arteko lankidetza 2013. urtean abiatu zen eta Mozarten pianorako kontzertuen interpretazioan oinarritzen da. 2020an, The Guardian egunkari britainiarra honela mintzatu zen proiektuari buruz: "Uchidak eta orkestrak, zentzurik onenean, bizitza luzea elkarrekin bizi izan duten senar-emazteak dirudite sarritan , bakoitzak bestearen esaldiak amaituz". Elkarrekin ematen dituzten kontzertuek formatu bera jarraitzen dute beti: Mozarten pianorako bi kontzertu, Uchidak jo eta zuzenduak, eta horien artean orkestrak bakarrik interpretatutako pieza bat. Kursaal Eszenako kontzertuarekin amaituko da Uchidak eta MCOk Alacanten, Lisboan, Bartzelonan eta Donostian barrena egindako bira laburra; bira hori Mahler Chamber Orchestrak bere 25. urteurrena ospatzeko aurreikusitako ekintzen artean dago.
Mitsuko Uchida, Donostian ohikoa. Aspaldi kultuzko interprete bihurtutako pianista japiniarrak 2021ean bisitatu zuen Donostia; haren Musika Hamabostaldiko debutak harrera bikaina izan zuen publikoaren aldetik, aretoa bete eta zutik jarrita txaloka jarri baitzuen; eta orduan kritikak zera esan zuen hari buruz: “beti dotore”, “bere musika-diskurtsoak, ezohiko esaldi-jartze batean oinarritua, badirudi ez duela pitzadurarik”, Uchidak bere soinu-aberastasunarekin eta musikaltasunarekin hipnotizatu gintuen, pianoaren aurrean nagusitasunez agertuz, gai bakoitzari berezko nortasuna eman zion. Artista bikaina”. Eta, ostiralean Kursaal Eszenan MCOrekin batera emango duen kontzertuaren ondoren, Mitsuko Uchida aurtengo abuztuan itzuliko da, berriro ere Hamabostaldian parte hartzeko; Jonathan Bissekin batera bi pianotan, Schuberten obrak interpretatuko ditu. Horrela, Uchida Kursaaleko ohiko bihurtu izanak aukera paregabea ematen dio publikoari pianista handi horren kategoria artistikoaz hiru erregistro desberdinetan gozatzeko.
Mahler Chamber Orchestra 1997an jaio zen, Claudio Abbado bere sortzaile eta aholkulariaren eta Daniel Harding ohorezko zuzendariaren eskutik, jomuga izanik musika klasikoan esperientzia apartak sortu eta partekatzeko helburu duen orkestra aske eta internazional bat eraikitzea. 20 herrialdetako 45 kiderekin, orkestra nomada bat da, modu kolektiboan arautzen dena eta bost kontinenteetako 40 herrialdetan baino gehiagotan aurkeztu dena. Berrikuntza artistikoa oinarri hartuta musika klasikoaren garapena hainbat ikuspegitatik sustatuko duten sinergiak sortzeko asmoz, MCOk epe luzerako proiektuak lantzen ditu bazkide artistikoen sare batekin, funtsezko kontzeptu, gai edo errepertorioetan arreta jarriz. Egun lankide ditu Mitsuko Uchida eta Leif Ove Andsnes pianistak, Pekka Kuusisto biolinista, Daniel Harding, ohorezko zuzendaria, eta Daniele Gatti, aholkulari artistiko gisa.
MAHLER CHAMBER ORCHESTRA & MITSUKO UCHIDA, pianoa Urtarrilaren 13a, 20:00. Kursaal Auditorioa. 62 / 50 / 40 / 32 / 11 €

