
Gaurkotasuna / 7 urria, 2022
- William Christiek sortu eta zuzentzen duena munduko talde barrokorik ospetsuenetako bat da
- Sarrerak salgai www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan.
1979an William Christiek sortu zuen Les Arts Florissants taldea nazioartean gehien eskatzen diren ahots eta instrumentu talde barrokoetako bat bihurtu da, eta horrek kontzertu-jarduera bizia garatzera eraman du. William Christie edo Paul Agnew zuzendarien gidaritzapean, urtean ehun kontzertu eta opera-emanaldi inguru ematen ditu. 2015etik Parisko Philharmonien du egoitza, eta lotura berezia du, halaber, Frantziako Vendée eskualdearekin. Hortik mundu osoko aretorik ospetsuenetara abiatzen da. Taldearen diskografia ehun bat grabaziok osatzen dute eta Harmonia Mundirekin elkarlanean bere bilduma propioa du. Gainera, Les Arts Florissants-ek musikari gazteentzako hainbat hezkuntza-programa sustatzen ditu eta ekitaldi ugari antolatzen ditu audientzia berriak sortzeko.
William Christie (Buffalo, 1944) antzinako musikaren erreferentea da. Klabezinista, zuzendaria, musikologoa eta irakaslea, bere karrerak norabide berri bat hartu zuen 1979an Les Arts Florissants sortu zuenean. Talde horren buruan, geroztik arrakasta ugari lortu ditu Frantziako eta Europako errepertorio barrokoak ardatz hartuta. Bere opera-ekoizpen berrienen artean nabarmentzen dira: Haendel Jephtha eta Ariodante, Parisko Opéra National-en eta Vienako Estatuko Operan, hurrenez hurren; Europako bira batean The beggar 's opera eta Salzburgoko Jaialdian Monteverdiren L' incoronazione di Poppea. Zuzendari gonbidatu gisa, sarritan aritzen da zuzendari nazioarteko opera jaialditan, esaterako Glyndebourneko Jaialdian (2018an Giulio Cesare in Egitto zuzendu zuen han) eta opera-aretoetan zuzentzen du sarritan (horien artean, Metropolitan Opera House eta Zuricheko Opernhaus). 2002 eta 2007 artean, Berlingo Filarmonikoko zuzendari gonbidatua izan zen aldizka.
Kontzertu honetarako sarrerak www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan eros daitezke.
Musika Klasikoko Abonua. Kursaal Eszena-k Musika Klasikoko Abonu bat du publikoaren eskura, urritik 2023ko urtarrilera bitartean Kursaal Eszenako musika klasikoaren denboraldia osatzen duten bost hitzorduez (Les Arts Florissants, Scapino Ballet Rotterdam «Casablanca», Piotr Beczala, Il Giardino Armonico, Mahler Chamber Orchestra & Mitsuko Uchida) sarrera solteekiko % 20 deskontuaz gozatzeko, beste zenbait abantailekin batera. Abonua www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan eros daiteke urriaren 12ra arte.
LES ARTS FLORISSANTS
Urriaren 12 asteazkena, 19:00. Kursaal Auditorioa. 50 / 40 / 32 / 26 / 11 €

