Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Ikusleak eserlekuetan eserita egon behar dute ikuskizun osoan zehar.

Gaurkotasuna / 7 iraila, 2022

  • “Punk-aren amabitxia” irailaren 28an, bere taldeak lagunduta itzuliko da Donostiara.
  • Patti Smith bera eta Emir Kusturica bezalako nazioarteko izenekin batera, herri musikaren arloko eskaintza osatuko da lurraldean sakonki errotutako proposamenekin: Benito Lertxundiren emanaldia edo Gontzal Mendibilen Hazia musikala, esaterako.
  • Musika klasikoko eta dantzako hitzorduen protagonista izango dira Les Arts Florissants orkestra eta abesbatza, Scapino Ballet Rotterdam, Piotr Beczala tenorra, Il Giardino Armonico eta Mahler Chamber Orchestra-rekin batera etorriko den Mitsuko Uchida pianista.
  • Familiarteko publikoarentzat programatu dira La Maquiné konpainiaren Parade, el circo de los valientes eta Sutan Musikala, Jaso Fundazioaren ikuskizuna.


Datozen hilabeteotarako, Kursaal Eszena-k 11 hitzordu prestatu ditu; irailaren 28tik 2023ko urtarrilaren 13ra, Kursaalera etorriko dira nazioarteko sona eta ibilbide luzedun artistak, musikaren historian ez ezik oro har artearen historian euren arrastoa utzi dutenak; esate baterako, Patti Smith eta Mitsuko Uchida, hurrenez hurren, denboraldia ireki eta itxiko duten musikako dama handiak. Baina mundu zabalari so egitearekin batera, Kursaal Eszena-k aintzat hartzen du gertukoena ere, eta hitzordu azpimarragarriak dakartza, ez bakarrik kulturalki (Benito Lertxundiren errezitala), baita gizarte balioak bultzatzeagatik ere (José María Arizmendiarrietaren inguruko Hazia musikala eta Sutan Musikala, arte eszenikoen bidez gizarte kontzientzia piztarazteko egitasmoa).

Irailaren 28an Patti Smith & Band-ek irekiko dute denboraldia eta Mahler Chamber Orchestra-k  eta Mitsuko Uchida pianistak itxiko dute, urtarrilaren 13an.

Herri musikaren alorrean, irailaren 28a mugarria izango da Kursaal Eszena-n; 75 urte beteak dituela, Patti Smith polifazetikoa, askok “Punkaren amatxi” deitzen dutena, rockaren historiako pertsonaia nabarmena da eta horren erakusle izango da bere bandarekin batera emango duen kontzertua. Bi aste beranduago, urriaren 13an, Emir Kusturica & The No Smoking Orchestra-k Kursaalen geraldia egingo dute, euren agur biraren baitan; emanaldiak festa herrikoi anitzaren tankera izango du, Europako zein mundu osoko doinuen erritmora. Azaroaren 26an, Gontzal Mendibilek Hazia ikuskizuna ekarriko du Kursaaleko eszenatokira, José María Arizmendiarrieta, Mondragon kooperatiba-ereduaren bultzatzaile izandakoaren irudikatze artistikoa; musikalak bertakoa eta, aldi berean, unibertsala den istorioa kontatzen du. Azkenik, urtarrilaren 6an, Errege Egunean, Benito Lertxundi kantautore oriotarra Kursaal Auditoriora itzuliko da eta, beti lagun dituen musikariekin batera, bere kantu ezagunenak eta abesti berriak ekarriko ditu.

Musika klasikoari dagokionez, urriaren 12an, William Christie-k zuzenduko du berak 1979an sortutako Les Arts Florissants ahots zein instrumentu talde barrokoa, Haendelen oratoriorik berezienetako baten interpretazioan, L’allegro, il penseroso ed il moderato HWV 55 oda, hain zuzen ere. Ondoren, azaroaren 6an Scapino Ballet Rotterdam balletak Casablanca eszenaratuko du Kursaalen; Ed Wubbe-ren koreografia horrek errealitatearen eta fantasiaren arteko mundua iradokitzen du, askotariko dantza estiloak, zirkuko elementuak eta zineko klasiko horren soinu bandako zatiak erabilita.

Dantzaren ostean, kantuari eskainitako emanaldiaren txanda izango da (azaroaren 15ean).  Piotr Beczala poloniar tenorra, antzinako tenor lirikoen kantu tradizioa gogora ekartzen duten kantu moldea eta estiloa dituena, lehenbiziko bisita egin eta lau urteren buruan dator Kursaalera.

Abenduaren 11n, musika barrokoa atriletan izango da berriz ere, Giovanni Antonini gidari duen Il Giardino Armonico taldeari esker. Isabelle Faust biolinista lagun dutela, Pietro Antonio Locatelli konpositorea hizpide izango dute, bere birtuosismoagatik eta biolinari eskainitako lan eskergari esker “XVIII. mendeko Paganini” gisa ezaguna.
Eta denboraldiari amaiera emateko, 2023ko urtarrilaren 13an, Mozart protagonista izango da, egun haren lanaren interprete gailenetakoa den Mitsuko Uchida pianistak eta Mahler Chamber Orchestrak emango duten kontzertuan; izan ere, pianistak eta orkestrak urte asko daramatzate Salzburgeko maisuaren piano kontzertuen inguruan elkarlanean.

Musika Familian, Kursaal Eszena-k haurrei eta familiarteko publikoari zuzendutako ildoak denboraldi honetan arreta berezia eskainiko dio, txikienen garapenerako oinarri gisa, gizarte eta ingurumenaren aldeko kontzientzia bultzatzeari. Urriaren 22an, Sutan Musikala izango da ikusgai; azken hamar urteotan giza balioak sustatzea helburu duten arte eszenikotako proiektuak garatzen diharduen Jaso Fundazioaren ikuskizunak gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak azaleratu eta eskubide berdintasuna aldarrikatzen du, Clara Lemlichen bizipenak oinarri hartuta. Eta azaroaren 12an, La Maquiné konpainiak aurkeztuko du Parade, el circo de los valientes; garai bateko zirkua inspirazio iturri dutela, eta Satie, Poulenc zein Stravinskyren musika baliatuta, animalienganako errespetua eta horiekin elkarbizitza aldarrikatzen dute, Babar elefantetxoaren istorioa aitzaki.

ABONUAK ETA SARRERAK
Musika Klasikoko Abonuak
Musika Klasikoko abonuak 5 ikuskizun biltzen ditu (Les Arts Florissants, Scapino Ballet Rotterdam, Piotr Beczala, Il Giardino Armonico, Mahler Chamber Orchestra & Mitsuko Uchida) eta % 20ko aurrezkia suposatzen du sarrera solteen prezioarekin alderatuz gero, bestelako abantailak eskaintzeaz gain. Abonuak Kursaal Eszenako bulegoetan erosi ahalko dira, irailaren 7tik urriaren 12ra bitartean.

 Sarrera solteak
Gaur, irailaren 7an, asteazkenarekin, 11:30etan abiatuko da Kursaal Eszena-ren denboraldi berriko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta, Patti Smith eta Emir Kusturicaren kontzertuetarako sarrerak izan ezik, horiek joandako uztailean jarri baitziren salgai.

Kursaal Eszena-ko ikuskizunetarako sarrera solteak eros daitezke Kursaaleko leihatiletan eta www.kursaal.eus webgunean; gogorarazten dugu webgune hori dela sarrerak online saltzeko baimendutako bide bakarra.

KURSAAL ESKURA
Kursaal Eskura ekimenaren bidez, Kursaal Eszena-k ahalbidetzen du Donostiatik urrun dauden Gipuzkoako herrietako biztanleek bere ikuskizunetara bertaratzeko aukera izatea, garraiobide kolektiboen erabilpena bultzatzearekin batera.

Kursaal Eszena-ren eta Gipuzkoako zenbait udalen arteko elkarlanari esker, ekimen honek Kursaal Eszenaren programazioko publikoaren esku jartzen du emanaldietara bertaratzeko doako autobus zerbitzua; ekimenean parte hartzen duten herrietatik abiatu eta, ikuskizunaren ondoren, horietara itzultzen da. Joan zen denboraldian Kursaal Eskura-n parte hartu zuten udalerriak dira Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Legazpi, Antzuola, Zumarraga, Urretxu, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia.

Zaz abeslari frantziarra, ostiral honetan Kursaal Eszenan

Bere bosgarren diskoa, Isa, zuzenean aurkeztuko du. Sarrerak salgai www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan. Ostiral honetan (martxoak 17), Zaz abeslari frantziarrak irekiko du Kursaal Eszenako musika herrikoiaren programazioa; Organique Tour biraren baitan, bere bosgarren diskoa […]

Pariseko Ganbera Orkestrak debuta egingo du Kursaal Eszenan, Nil Venditti zuzendari gaztearen zuzendaritzapean

Europako ganbera-talde garrantzitsuenetakotzat jotzen den horrek Mendelssonhnen, Mozarten eta Bizerten obrak interpretatuko ditu. David Fray pianistak Mozarten 9. Kontzertua, “Jeunehomme” joko du. Martxoaren 7an, asteartearekin, Kursaal Auditorioan Pariseko Ganbera Orkestra entzuteko aukera izango da, Nil […]

2022ko Kursaaleko balantzea: Zifra prepandemikoetan itxi du urtea, kultur jardueran errekorra ezarriz eta kongresuen berreskurapen garrantzitsuarekin

Kursaalek gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan 2022ko jardueraren balantzea. Otsaila arte edukiera-murrizketak pairatu bazituen ere, urtean zehar jarduera bikain suspertu da. Joan den urtean 303 ekitaldi egin dira Kursaalen eta guztira 343.009 bertaratu izan dira. […]