Gaurkotasuna / 30 azaroa, 2021
- Alemandar musikagilearen obraren 300. urteurrenean.
Abenduaren 2an, ostegunarekin, Sevillako Orkestra Barrokoa Kursaal Auditorioan ariko da, Kursaal Eszenaren
musika klasikoko atalaren baitan. Alfonso Sebastiánek zuzenduko duen emanaldiarekin, orkestrak bat egiten du Bachen Brandenburgoko Kontzertu ospetsuen hirugarren mendea ospatzearekin. 3, 4 eta 5. kontzertuak izango dira entzungai.
1995ean Barry Sargent-ek eta Ventura Rico-k sortua,
Orquesta Barroca de Sevilla antzinako musika irizpide historizistekin interpretatzen duten espainiar orkestra nagusien artean kokatzen da. 2001etik, Pedro Gandía Martín da taldearen zuzendari artistikoa. Sevillako bere kontzertu denboraldiaz gain, espainiar eta nazioarteko eszenatoki nagusienetan aurkeztu ohi da (Thüringer Bachwochen eta Brühler Haydn Festival Alemanian; Festival ‘Musiques des Lumières’ de Sorèze, Pariseko Salle Gaveau eta Pontoise-ko Festival Baroque Frantzian, eta beste batzuk Italian, Suitzan eta abarren). Orkestra zuzendu duten zuzendari esanguratsuenak dira Gustav Leonhardt, Christophe Coin, Sigiswald Kuijken edo Jordi Savall. 2011n Kultura Ministerioak Musika Sari Nazionala eman zion eta, besteak beste, jaso ditu Manuel de Falla saria (2010), FestClásica saria (2011), Sevillako Udaleko Ohorezko Aipamena, Gramophone aldizkariaren Editor’s Choice, Scherzo-ren Excepcional, Ritmo Parade. Kultura Ministerioaren, Sevillako Udalaren eta Sevillako Unibertsitatearen laguntza du.
Alfonso Sebastián (Zaragoza, 1974) Orquesta Vigo430 orkestraren zuzendari gonbidatua eta Los Músicos de Su Alteza taldeko kide da. Sevillako Orkestra Barrokoaz gain, lankidetzan aritzen da La Tempestad ensemblearekin, Al Ayre Español, Salamancako Unibertsitateko Orkestra Barrokoarekin, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoarekin eta abarrekin. Hainbat grabaketa burutu du: Luigi Boccheriniren bi klabetarako musika eta klabe eta orkestrarako espainiar musika (Silvia Márquez eta La Tempestad taldearekin); Los Músicos de Su Alteza taldearekin grabatu ditu Nebraren
Miserere eta
Amor aumenta el valor opera, J. R. Samaniegoren gabon kantak eta Carissimi zein Luigi Rossiren erromatar oratorioak, Alpha frantziar disko etxearentzat.
Brandemburgo kontzertuak izenez ezagunak diren kontzertuak 1721ean Johann Sebastian Bachek Christian Ludwig markesari eskaini zizkion,
Concerts avec plusieurs instruments izenburupean. Nagusiki italiar izaera dute, sei kontzertuetatik lehenengoan ohiko hiru mugimenduei dantza suite labur bat gehitu bazion ere, eta Pablo J. Vayón-en, egitarauari oharren egile den musika kritikoaren iritziz, “kontzertu horietan deigarriena da instrumentazio-molde eta forma aniztasuna”.
Kontzertu horretarako
sarrerak eros daitezke Kursaaleko leihatilan eta webgune honetan (hau da sarreren online salmentarako bide baimendu bakarra).
Kontzertu horren ondoren, Kursaal Eszenaren deonboraldi honetako musika klasikoko azken emanaldia urtarrilaren 13an izango da: Javier Camarena tenorrak Delibes, Massenet, Bellini, Donizetti, Verdi, Cilea, Jiménez eta García Abrilen lanen askotariko aukeraketa kantatuko du, Ángel Rodríguez pianistak lagunduta.
ORQUESTA BARROCA DE SEVILLA
Abenduak 2, osteguna. 19:30ean. Kursaal Auditorioa
30 / 24 / 19 / 15 / 11 €
Sarrerak erosi