CFAH Amaral-ek irekiko du igandean Kursaal Eszenaren denboraldia, % 100eko edukierarekin - Kursaal Donostia - San Sebastián Kursaal Donostia – San Sebastián

Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Ikusleak eserlekuetan eserita egon behar dute ikuskizun osoan zehar.

menu

Amaral-ek irekiko du igandean Kursaal Eszenaren denboraldia, % 100eko edukierarekin

Gaurkotasuna / 6 urria, 2021

  • Nathy Pelusok (urriak 12) eta Love of Lesbian taldeak (urriak 20 eta 21) osatzen dute urrirako Kursaal Eszenaren herri-musikako eskaintza.
  • Gaur, egunean zehar jarriko dira salgai edukieraren mugaketa dela-eta orain arte blokeatuta egon diren Kursaal Eszenako ekitaldietarako sarrerak.

Igande honetan, urriaren 10ean, Amaral duoak irekiko du Kursaal Eszenaren 22. denboraldia. Zaragozakoak Kursaal Auditorioan ariko dira, Salto al color euren diskoaren Donostiako aurkezpena pandemiaren eraginez birritan bertan behera geratu ostean. Kursaal Eszenaren herri-musika eskaintzari dagokionez bereziki bizia izango den hilabete honetan, jada edukieraren % 100 berreskuratuta egingo den emanaldi horren ostean izango dira Nathy Peluso argentinarrak urriaren 12an eta Love of Lesbian taldeak hilaren 20 eta 21ean emango dituzten kontzertuak.

Kontzertu horietarako, eta honezkero salgai dauden Kursaal Eszenaren gainerako ikuskizunetarako sarreren salmentari dagokionez, ostegunean indarrean jarriko den Eusko Jaurlaritzaren Dekretu berriak 5000 eserleku baino gutxiagoko gune itxietan % 100ko okupazioa ahalbidetuko duenez,  gaur asteazkena, egunean zehar, salgai jarriko dira edukiera mugaketa dela-eta orain arte blokeatuta egon diren sarrerak. Sarrerak eros daitezke Kursaaleko leihatilan  eta www.kursaal.eus webgunean (hori da sarreren online salmentarako bide baimendu bakarra).

Urriaren 10ean, igandearekin, Amaralek Salto al Color, estudioko euren zortzigarren lana aurkeztuko du Donostiako Kursaal Auditorioan; sortzaileek honela definitu dute lan hori “soinudun kolorezko ozeano batean murgiltzea da. Egurra eta metala, bihotza eta azala, gorputza, arima eta bizipoza elkarrekin bizi diren lekuan” eta horretan biltzen dira, besteak beste, Mares igual que tú, Nuestro tiempo edo Soledad kantuak. Eva Amaral eta Juan Aguirre Espainian barrena hogeita hamar kontzertutik gora eman eta gero iritsiko dira Kursaalera; joan zen 2an La Palman ematekoa zuten kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten Cumbre Vieja sumendiaren eraginez eta horren ordez bertakoen aldeko kontzertu birtuala egin zuten. Juan Aguirreren jaioterrian emango duten kontzertu honetan lagun izango dituzte Tomás Virgós (pianoa eta teklatua), Ricardo Esteban (baxua), Álex Moreno (bateria) eta Laura Rubio (koruak); eszenografia ikusgarri batean murgilduta, Evaren karismak eta ahots bereziak eta Juanen soinu-diseinuak eta berariazko gitarrek bertaratutako publikoaren zirrara eragingo dute berriz ere, Salto al color-eko doinuak eta jada espainiar musikaren historiako kantu klasikoak bilduko dituen energiaz beteriko kontzertuan.

Bi egun beranduago, urriaren 12 asteartearekin, Nathy Peluso argentinarrak Calambre aurkeztuko du Kursaalean. La Sandunguera izenez ere ezaguna den artistak bere musika-iruditerian barrena bidaia egiten du lan berri horretan. Besteren artean Business Woman, Buenos Aires eta Sana Sana kantuak jasotzen dituen diskoan, Nathyk bere musikazko unibertso aberatsa garatzen du eta horretan hip-hopa, 2000. hamarkadako neo soula eta musika latinoamerikarra uztartzen ditu, entzuleei sentsazio sorta eskainiz, antzezlan baten aurrean baleude bezala. Horri esker, Nathy Peluso 2020ko Grammy Latino sarietarako hautatu zuten, Artista Berri Onena eta Kantu alternatibo Onena (Buenos Aires) kategorietan. Urriaren 12an Kursaalen aurkeztuko duenaren harira, Nathy Pelusok berak honakoa adierazi du: “kantu sortak asmo zehatza du, saiestu ezineko elektrizitate hori sorraraztea, zintzotasunetik zeharkatzea. Badakit energia askodun diskoa dela; zuzenean jotzeko sortu nuen, kalanbrearen energia eszenatokian zabaltzeko”.

Eta urriaren 20an eta 21ean Love of Lesbian izango dira Kursaal Auditorioan ariko direnak. Hogei urteko ibilbidearen ostean, poparen izen nagusienetakoa den taldeak bere azken diskoa aurkeztuko du: V.E.H.N. (Viaje épico hacia la nada). Aurten plazaratutako lan hori 2016an argitaratutako El poeta Halley bildumaren jarraipena da. Donostian emango dituzten kontzertu horiek nazioarte mailan garatuko duten aurkezpen biraren baitan kokatzen dira: espainiar hiri eta jaialdi nagusietan aritzeaz gain, hainbat europar hiriburutan (Londres, Edimburgo, Paris, Berlin, Brusela eta Geneva), euren fan gehien biltzen dituzten Latinoamerikako herrialdeetan (Mexiko, Txile, Peru, Kolonbia eta Argentina) eta estreinako aldiz Estatu Batuetan izango dira (han 25 kontzertutik gora emango dituzte).

AMARAL
2021eko urriak 10, igandea / 19:00
Kursaal Auditorioa
45 €

NATHY PELUSO
2021eko urriak 12, asteartea / 19:00
Kursaal Auditorioa
35 €

LOVE OF LESBIAN
2021eko urriak 20, asteazkena / 20:00
2021eko urriak 21, osteguna / 20:00
Kursaal Auditorioa
40 €