CFAH “Living Room Music”, etxean sortutako musika familiartean gozagarri, maiatzaren 29ko larunbatean Kursaalen - Kursaal Donostia - San Sebastián Kursaal Donostia – San Sebastián

Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Ikusleak eserlekuetan eserita egon behar dute ikuskizun osoan zehar.

menu

“Living Room Music”, etxean sortutako musika familiartean gozagarri, maiatzaren 29ko larunbatean Kursaalen

Gaurkotasuna / 27 maiatza, 2021

Kursaal Eszenak eta Euskadiko Orkestrak koprodukzioan aurkezten dute proposamen berri hau

Maiatzaren 29ko larunbatean, Kursaal Eszenak dei egiten die berriz ere haur eta helduei familiartean zuzeneko musikaz gozatzera. “Living Room Music” euskarazko ikuskizuna, perkusioak eskaintzen dituen aukera mugagabeak oinarri hartuta Euskadiko Orkestrako Musika Gelak garatutako ekoizpen berria, 6 eta 10 urte bitarteko haurrei dago zuzenduta.

Mikel Cañadak, Euskadiko Orkestrako Musika gelaren koordinatzaileak “Living Room Music” ikuskizuna eraiki du John Cage-en izenburu bereko obratik abiatu eta zenbait konpositoreren lanak lotuta; musika horren gainean, 2020an bizi izan genuen konfinamenduko oroitzapenak iradoki eta gizakiok, perkusio bidez, ia edozer gauzarekin soinuak, erritmoa eta, ondorioz, musika sortzeko dugun gaitasuna azaltzen dituen parodia dibertigarria sortu du.

“Living Room Music” muntaian, lau perkusionistek (Anthony Lafargue, Héctor Marqués, Igor Arostegi eta Gorka Catediano) harriduraz hartzen dute laurek elkarrekin, apartamendu berean, berrogeialdia egin behar duteneko albistea. Derrigorrezko itxialdiagatik barruak nahastuta dituztela, lau pisukideek etxeko tresna ugari erabiltzen dituzte, perkusio bidez, musika sortzeko: mahaiak, goilarak, abanikoak, ura, lanparak, loreontziak, eskailerak edo zabor-ontziak eta baita eskuak zein ahotsa, guztia erabilgarri dute itxita dauden bitartean dibertitzeko erritmoak sortzeko. Bitartean, kanpoaldearekin duten lotura lotsik gabeko aldamenekoa da, hainbeste “zarata”rekin amorrazita, une oro musikariak gogaitzen ematen duen sopranoa; paper hori Ana Hernández Sanchiz aktoreak jokatzen du.

Anthony Lafargue eta Héctor Marqués Euskadiko Orkestrako perkusio bakarlariak dira, eta Igor Arostegi bakarlari laguntzailea; Gorka Catediano, aldiz, sarritan aritzen da orkestren lankide eta Trío Zukan zein IKKO Percussion Group-eko kidea ere bada. Ana Hernández Sanchiz iruindarrak arte eszenikoen alderdi ugari lantzen ditu (aktorea, ikuskizunen sortzailea, gidoigilea…) eta aditua da musika hezkuntzan.

Kursaal Eszenak Euskadiko Orkestrarekin koprodukzioan antolatutako familiarteko ikuskizun honetarako azken sarrerak salgai daude www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatilan.

 

LIVING ROOM MUSIC
Anthony Lafargue, Héctor Marqués, Igor Arostegi, Gorka Catediano, perkusioa
Ana Hernández Sanchiz, aktorea
J. Cage, F. J. Cogollos, J.S. Chapi, C. Kahlua, S. León, F. Tárrega, J. Guillem, M. Wettlen obrak
Kursaal Auditorioa
Maiatzaren 29 larunbata, 18:00