Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Ikusleak eserlekuetan eserita egon behar dute ikuskizun osoan zehar.

menu

“Living Room Music”, etxean sortutako musika familiartean gozagarri, maiatzaren 29ko larunbatean Kursaalen

Gaurkotasuna / 27 maiatza, 2021

Kursaal Eszenak eta Euskadiko Orkestrak koprodukzioan aurkezten dute proposamen berri hau

Maiatzaren 29ko larunbatean, Kursaal Eszenak dei egiten die berriz ere haur eta helduei familiartean zuzeneko musikaz gozatzera. “Living Room Music” euskarazko ikuskizuna, perkusioak eskaintzen dituen aukera mugagabeak oinarri hartuta Euskadiko Orkestrako Musika Gelak garatutako ekoizpen berria, 6 eta 10 urte bitarteko haurrei dago zuzenduta.

Mikel Cañadak, Euskadiko Orkestrako Musika gelaren koordinatzaileak “Living Room Music” ikuskizuna eraiki du John Cage-en izenburu bereko obratik abiatu eta zenbait konpositoreren lanak lotuta; musika horren gainean, 2020an bizi izan genuen konfinamenduko oroitzapenak iradoki eta gizakiok, perkusio bidez, ia edozer gauzarekin soinuak, erritmoa eta, ondorioz, musika sortzeko dugun gaitasuna azaltzen dituen parodia dibertigarria sortu du.

“Living Room Music” muntaian, lau perkusionistek (Anthony Lafargue, Héctor Marqués, Igor Arostegi eta Gorka Catediano) harriduraz hartzen dute laurek elkarrekin, apartamendu berean, berrogeialdia egin behar duteneko albistea. Derrigorrezko itxialdiagatik barruak nahastuta dituztela, lau pisukideek etxeko tresna ugari erabiltzen dituzte, perkusio bidez, musika sortzeko: mahaiak, goilarak, abanikoak, ura, lanparak, loreontziak, eskailerak edo zabor-ontziak eta baita eskuak zein ahotsa, guztia erabilgarri dute itxita dauden bitartean dibertitzeko erritmoak sortzeko. Bitartean, kanpoaldearekin duten lotura lotsik gabeko aldamenekoa da, hainbeste “zarata”rekin amorrazita, une oro musikariak gogaitzen ematen duen sopranoa; paper hori Ana Hernández Sanchiz aktoreak jokatzen du.

Anthony Lafargue eta Héctor Marqués Euskadiko Orkestrako perkusio bakarlariak dira, eta Igor Arostegi bakarlari laguntzailea; Gorka Catediano, aldiz, sarritan aritzen da orkestren lankide eta Trío Zukan zein IKKO Percussion Group-eko kidea ere bada. Ana Hernández Sanchiz iruindarrak arte eszenikoen alderdi ugari lantzen ditu (aktorea, ikuskizunen sortzailea, gidoigilea…) eta aditua da musika hezkuntzan.

Kursaal Eszenak Euskadiko Orkestrarekin koprodukzioan antolatutako familiarteko ikuskizun honetarako azken sarrerak salgai daude www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatilan.

 

LIVING ROOM MUSIC
Anthony Lafargue, Héctor Marqués, Igor Arostegi, Gorka Catediano, perkusioa
Ana Hernández Sanchiz, aktorea
J. Cage, F. J. Cogollos, J.S. Chapi, C. Kahlua, S. León, F. Tárrega, J. Guillem, M. Wettlen obrak
Kursaal Auditorioa
Maiatzaren 29 larunbata, 18:00

 

Venice Baroque Orchestra Kursaal Eszenako denboraldian

Gaurkotasuna / 19 maiatza, 2021

Scapino Ballet Rotterdam-ek bere herrialdetik kanpo aritzeko ezintasunagatik, Klasikaren ataleko emanaldiak bertan behera utzi eta gero

Venice Baroque Orchestra ekainaren 13 igandean ariko da Kursaal Eszenaren programazioaren baitan, 17:00 eta 19:30etan.  Italiar taldea Chouchane Siranossian biolinistarekin batera aurkeztuko da donostiar publikoaren aurrean. Hartara, iazko azarorako iragarri arren, Covid-19aren ondorioz ezarritako murrizketengatik bertan behera geratutako kontzertuei helduko zaie berriz ere.

Izan ere, Covid-19aren eraginei aurre egiteko berriki Herbeheretan hartutako neurriak direla eta, Scapino Ballet Rotterdam konpainiak bertan behera utzi behar izan ditu datorren igandean (maiatzak 23) Kursaal Eszenaren atal klasikoaren baitan ematekoak zituen ikuskizunak, neurri horiek ezinezko egiten baitiote jaioterritik kanpo dituen konpromezuei erantzutea.

Horren ordez, eta denboraldiko abonua osatu aldera, ekainaren 13an, igandearekin,   (17:00 eta 19:30) Venice Baroque Orchestra eta Chouchane Siranossian biolinistak interpretatuko dituzte Francesco Geminianik (1687-1762) 1729an Corelliren Sonata Op. 5 12. zkia oinarri hartuta idatzitako concerto grosso re minorren, “La Follia”, eta Antonio Vivaldiren (1678- 1741) “Lau urtaroak” ezaguna. Orkestra italiarra eta Chouchane Siranossian sarri aritzen dira lankidetzan, esaterako 2020an Tartiniren kontzertuak biltzen dituen diskoaren grabaketan, Andrea Marconen zuzendaritzapean; grabaketa horrek zenbait sari merezi izan du honezkero.

Venice Baroque Ensemble taldearen bi emanaldietarako sarrerak gaurtik aurrera eros ahalko dira kursaaleszena.eus webgunean eta Kursaaleko leihatilan.

Bestalde, Kursaal Eszena zuzenean harremanetan jarriko da bertan behera gelditu diren Scapino Ballet Rotterdam konpainiaren emanaldietarako sarrerak dituzten pertsonekin.

VENICE BAROQUE ENSEMBLE
Chouchane Siranossian, biolina
F. GEMINIANI: Concerto grosso re minorren “La Follia”
A. Vivaldi : “Lau urtaroak” Op. 8 1-4 zkiak.

Kursaal Auditorioa
Ekainaren 13 igandea 17:00 h. / 19:30 h.
45 / 36 / 29/ 23 €

Iseo & Dodosound bikotea Kursaal Eszenaren ekaineko programazioan izango da

Gaurkotasuna / 11 maiatza, 2021

Ekainaren 20an Kursaal Auditorioan izango diren bi emanaldietarako sarrerak gaurtik aurrera izango dira salgai

Iseo & Dodosound bikote nafarra Donostiako Kursaalen ariko da ekainaren 20an, igandearekin, Kursaal Eszenaren programazioaren baitan. Euren “Inédito Tour” kontzertu-sortari dagokion ikuskizunaren bi saio izango dira, 17:30etan lehena eta 20:00etan bigarrena.

Denbora luzez zuzeneko kontzerturik eman gabe estudioko lanean murgilduta egon ostean, Iseo & Dodosound-ek, hau da, Leire Villanuevak eta Alberto Iriartek zuzenean aurkeztuko dituzte argitaratzear den euren azken laneko kantuak, diskoa kaleratu aurretik. Kantu berri horiek lehenbiziko aldiz entzuteko aukera emango duen “Inédito Tour” deritzon bira oso hiri gutxitara helduko da eta Donostia da horietako bat. Eszenatokian, Iseo & Dodosoundek lagun izango dute The Mousehunters taldea. Ohikoa dute haize talde horren lankidetza eta oraingo honetan esfortzu berezia egin dute horien laguntzaz hirugarren diskoko doinuak modu esklusiboan bere jarraitzaileei aurkezteko.

Iseo & Dodosound bikoteak 2014an ekin zion bere ibilbideari. Etiketatatik harago, askotarikoak dira lantzen dituzten musika estiloak. Urteotan bi disko kaleratu ditu, “Cat Platoon” (2015) eta “Roots in the Air” (2017) eta orain aurkeztuko dituen doinu berriak izango dira sortu berri duten Twin Cats Records zigilupean plazaratuko duten estudioko lana osatuko dutenak.

Ekainaren 20an Kursaal Auditorioan emango dituzten bi emanaldietarako sarrerek 22 €ko salneurria dute eta www.kursaal.eus webgunean edo Kursaaleko leihatilan eskura daitezke gaurtik aurrera.

 

Iseo & Dodosound

Kursaal Auditorioa

Ekainaren 20 igandea, 17:30 h.

Ekainaren 20 igandea, 20:00 h.

22 €