Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

menu

Labèque ahizpen errezitaldi bikoitza Kursaalen

Gaurkotasuna / 26 azaroa, 2020

Baionan jaiotako pianistek lau eskutarako programa, Schubert, Debussy eta Bernstein-en lanez osatutakoa, interpretatuko dute. COVID-19ak eragindako edukiera eta ordutegi murrizketak direla eta, saio bikoitza eskainiko dute (17:00 eta 19:30etan) datorren igandean, azaroaren 29an.

Katia eta Marielle ahizpek gaur egungo piano duo entzutetsuenetako bat osatzen dute. Egundoko sinkronizazioa eta indarra dute ezaugarri eta ospea 1980.urtean lortu zuten, Gershwin-en “Rhapsody in Blue” bi pianorako bertsioan grabatu zutenean; hauxe izan zen, gainera, Urrezko Diskoa lortu zuen musika klasikoko lehen grabaketetako bat. Harrezkero Labèque ahizpek berebiziko ibilbidea egin dute mundu osoko auditorium garrantzitsuenetan emanaldiak eskainiz.

Duo bezala duten esperientziagatik eta Berlingo Filarmonikoa, Bavierako Irratikoa edota Boston, Txikago eta Londoneko Sinfonikoa bezalako orkestra garrantzitsuekin duten harreman hestuagatik, Labèque ahizpek interpretazioaren maila gorenean segitzen dute gaur egun. Eta ez musika klasikoaren esparruan bakarrik; orohar gaur egungo interpretazioan, jazz-a eta herri-musikaren hurbileko eremuak ere barne direla.

Labèque ahizpek datorren igandean, azaroak 29, Kursaalen eskainiko duten errezitaldirako atondu duten programa Claude Debussyren Antzinako Epigrafeak obrarekin abiatzen da. Frantziako konposagileak 1915 urtean idatzi zituen lau eskutarako pianorako sei kontzertu horiek – gerora bi pianotara egokituak – baina birlanketa bat dira berez; Debussyk 1901ean antzezlan erotiko baterako sortutako musikatik ateratako materialaren birlanketa. Programak barne hartzen du, era berean, Franz Schuberten Fantasia fa maiorren obra ere.  Lau eskutarako pianoko errepertorioko obrarik ezagunenetakoa da inondik ere eta baita, austriar konposagilearen sorkuntza-lan inspiratuenetakoa ere, zalantzarik gabe.

Errezitaldia West Side Story-rekin amaituko da; XX.mendeko orkestra zuzendari eta musikagile handienetakoa izan den Leonard Bernsteinen klasiko handiarekin hain zuzen. Bi piano eta perkusiorako bertsio ikusgarri honek, Labèque ahizpek Loves stories diskorako Irwin Kostali eskatuek, Wst Side Storyko hogei bat eszena biltzen ditu, eta horietako zazpi entzun ahal izango dira; ospetsuenetakoak.

  

KATIA & MARIELLE LABÈQUE
KURSAAL Auditorioa
Azaroak 29, igandea, 17:00 / 19:30
35 / 28 / 22 / 18  €