CFAH azaroa 2020 - Kursaal Donostia - San Sebastián Kursaal Donostia – San Sebastián

Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

Ikusleak eserlekuetan eserita egon behar dute ikuskizun osoan zehar.

menu

Labèque ahizpen errezitaldi bikoitza Kursaalen

Gaurkotasuna / 26 azaroa, 2020

Baionan jaiotako pianistek lau eskutarako programa, Schubert, Debussy eta Bernstein-en lanez osatutakoa, interpretatuko dute. COVID-19ak eragindako edukiera eta ordutegi murrizketak direla eta, saio bikoitza eskainiko dute (17:00 eta 19:30etan) datorren igandean, azaroaren 29an.

Katia eta Marielle ahizpek gaur egungo piano duo entzutetsuenetako bat osatzen dute. Egundoko sinkronizazioa eta indarra dute ezaugarri eta ospea 1980.urtean lortu zuten, Gershwin-en “Rhapsody in Blue” bi pianorako bertsioan grabatu zutenean; hauxe izan zen, gainera, Urrezko Diskoa lortu zuen musika klasikoko lehen grabaketetako bat. Harrezkero Labèque ahizpek berebiziko ibilbidea egin dute mundu osoko auditorium garrantzitsuenetan emanaldiak eskainiz.

Duo bezala duten esperientziagatik eta Berlingo Filarmonikoa, Bavierako Irratikoa edota Boston, Txikago eta Londoneko Sinfonikoa bezalako orkestra garrantzitsuekin duten harreman hestuagatik, Labèque ahizpek interpretazioaren maila gorenean segitzen dute gaur egun. Eta ez musika klasikoaren esparruan bakarrik; orohar gaur egungo interpretazioan, jazz-a eta herri-musikaren hurbileko eremuak ere barne direla.

Labèque ahizpek datorren igandean, azaroak 29, Kursaalen eskainiko duten errezitaldirako atondu duten programa Claude Debussyren Antzinako Epigrafeak obrarekin abiatzen da. Frantziako konposagileak 1915 urtean idatzi zituen lau eskutarako pianorako sei kontzertu horiek – gerora bi pianotara egokituak – baina birlanketa bat dira berez; Debussyk 1901ean antzezlan erotiko baterako sortutako musikatik ateratako materialaren birlanketa. Programak barne hartzen du, era berean, Franz Schuberten Fantasia fa maiorren obra ere.  Lau eskutarako pianoko errepertorioko obrarik ezagunenetakoa da inondik ere eta baita, austriar konposagilearen sorkuntza-lan inspiratuenetakoa ere, zalantzarik gabe.

Errezitaldia West Side Story-rekin amaituko da; XX.mendeko orkestra zuzendari eta musikagile handienetakoa izan den Leonard Bernsteinen klasiko handiarekin hain zuzen. Bi piano eta perkusiorako bertsio ikusgarri honek, Labèque ahizpek Loves stories diskorako Irwin Kostali eskatuek, Wst Side Storyko hogei bat eszena biltzen ditu, eta horietako zazpi entzun ahal izango dira; ospetsuenetakoak.

  

KATIA & MARIELLE LABÈQUE
KURSAAL Auditorioa
Azaroak 29, igandea, 17:00 / 19:30
35 / 28 / 22 / 18  €

 

Xabier Leteren omenezko “Hesia Urraturik” abenduaren 5ean estreinatuko da Kursaalen saio bikoitzean, 16:00 eta 19:15etan

Gaurkotasuna / 26 azaroa, 2020

Joxan Goikoetxeak idatzitako oratorio sinfoniko-koralaren atariko bezala, Eñaut Elorrietak eta Maite Larburuk Oiartzungo poeta eta abeslariaren hainbat kantu eskainikiko dituzte
“Hesia urraturik” Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren oroimenez eta haren 10. heriotza urteurren ospakizunerako idatzi duen Oratorio sinfoniko-korala da, Leteren testu eta melodia bilduma berreraikitzen duen alegoria musikala.

Leteren unibertso poetiko eta musikala sinfonia-arlora gerturatzeko asmoa ez da berria; Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendariak iradoki zuen bere garaian, 90. hamarkada bukaeran hain zuzen, Benito Lertxundiren Auhen Sinfonikoa diskoaren arrakasta ikusirik. Baina, ordu hartan, Leteren gaixotasun akigarriak baztertu egin zuen egitasmoa automatikoki. Orain ordea, Joxan Goikoetxeak, Leteren musikarikolaboratzaile eta lagun minak berpìztu egin nahi izan du ideia, Oiartzungo poetari promesa eta eskertza moduan: “… Hasieratik izugarri erakartzen ninduen ideia, obrari Oratorio musikalaren egitura ematekoa zen. Banekien Xabierren lanetako testuetan oinarritutako musika idazteak liturgikoa ez zen Oratorioa zeramala bere baitan nahitaez. Zernahi gisaz, hare formatuari neritzon egokia izpiritualtasun giroa gauzatzeko, poesia- eta musika-ibilbide gisako zerbait helarazi nahi bainuen; filosofia -eta estetika- pentsamoldean, Xabierren bizitzako zenbait aldi eta alderdi biziberritzera eta barneratzera mugi gintzakeen bidea. Eta baita haren kezkak, zalantza existentzialak, aberria. nostalgia, pasioa, fedea, etsipena, elkartasuna, adiskidetzea, babesa, maitasuna, salbazioa, itxaropena…ere.

Izan liteke, bizitzako aldien antzera, obraren ataletan, denbora-antolatzea suma liezaiokeenik. Orobat, Meza baten zatien hurrenkera duelako itxura hartuko liokeenik… Ez bata, ez bestea, eta biak izan litezke aldi berean, subkontzientetik eragin didatenak.

Baina inoiz ez da nire asmoa izan haren ibilbidera eta aldietara modu osoan hurbiltzea. Hori lortzea, iraupenak iraupen, ezinezkoa da horrelako obra batean. Obraren atalak 13 izateak ere nabarmenkeria lirudike. Izan liteke… Hasieratik oso argi neukan ez nuela Leteren abestien begi bistako berrarmonizatze soil edo instrumentatze sinfonikoa egin nahi. Hori Xabierrek berak baztertu zuen bere garaian. Zenbait kasutan egin dudana, normala den bezala, melodiarik ez zuten testuentzat melodiak sortzea izan da. Beste zenbaitetan, berriz, “dekonstrukzio prozesua” deitu diodan teknika erabili dut: dagoeneko badauden testu eta melodiak zatikatzen, eraldatzen eta batzuk besteekin gurutzatzean datzan teknika…” dio Joxan Goikoetxea berak.

13 atalez osatua dago Goikoetxeak gorpuztu duen oratorioa, eta barne kezkak, pasioa, fedea, etsipena, maitasuna, elkartasuna, adiskidetzea, edo babesa bezalako zalantza existentzialak inork gutxik bezala adierazteko gaitasuna izan zuen Xabier Leteren pentsamendu eta imajinario filosofiko-estetikoan sakondu eta horiek gogora ekartzeko gonbidapena da.

Azken urteotan estreinatua izateko saiakera eta ekimen ugari izan dituen proiektu honek, orain, Landarbaso Abesbatzako zuzendari den Iñaki Tolaretxipi ere bidelagun du. Errenteriako abesbatza heldutasun aldi bikainean dagoen formazioa da, eta azken urteotan Joxan Goikoetxea behin baino gehiagotan aritu izan da abesbatza honekin elkarlanean.

Nola Goikoetxeak hala Tolaretxipik, Juanjo Ocón maisu donostiarraren esku jarri nahi izan dute Kaabestri Ensemble orkestra eta Landarbaso Abesbatza gidatzeko ardura. Miren Urbieta-Vega sopranoaren eta Beñat Egiarte tenorraren partehartzeak ere azpimarragarriak dira, 75 minutu inguruko iraupena duen obra honen gauzatzean. “Xabierrek esaten zuen leialtasuna gure gizartean modatik joanda zegoela, baina harentzat oso garrantzitsua zela batez ere sentimenduetan, sinesmenetan, usteetan eta pentsamoldean. “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuan, 2009ko otsailaren 26an idatzi zidan eskaintza gogo biziz daramat landaturik bihotzean: “Joxan Goikoetxea adiskide leial eta lankide prestuari, bizitzaren poz eta zaurietatik sortutako poema hauek. Bihotz-bihotzez.” Leialtasun sentimendu horrek ezin ihartuzko eran iraun dezan nire izpirituan, eta bizitzako ibilbidean gida nazan”. dio bukatzeko Goikoetxeak.

Abenduaren 5ean Donostiako Kursaalen estreinatu eta gero, “Hesia Urraturik” Getxon (Muxikebarri – abenduak 13), Gasteizen (Principal – abenduak 26) eta Bilbon (Euskalduna Jauregia – urtarrilak 9) izango da. Obra CD Audio + DVD formatuan grabatu eta argitaratuko da, 2021. urtean.

« HESIA URRATURIK »
Xabier Lete in memoriam
(Estreinaldia)
KURSAAL Auditorioa
Abenduak 5, larunbata, 16:00 h. / 19:15 h.
20 €

Xabier Leteren omenezko “Hesia Urraturik” ikuskariaren estreinaldiak saio bikoitza izango du (16:00 eta 19:15ean) abenduaren 5ean.

Gaurkotasuna / 18 azaroa, 2020

Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena ekiditeko edukieretan egindako doikuntzaren ondorioz (400 pertsona gehienez barnekaldean ospatzen diren ekitaldietan), Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren oroimenez eta haren 10.heriotzaren urteurren ospakizunerako idatzitako “Hesia Urraturik” oratorio sinfoniko-korala abenduaren 5ean estreinatuko da, hasiera batean iragarri bezala, baina saio bikoitzean: arratsaldeko 16:00 eta 19:15etan.

“Hesia Urraturik” ikuskizunerako gaurdaino erositako sarrerak EZ DIRA BALIOGARRIAK hitzordu berrietarako. Sarrera hauen zenbatekoaren itzulketa automatikoki egingo da erosketa egitean erabilitako txartelean.

Kontzertu hauetara etortzeko interesa duten lagunek SARRERAK BERRIRO EROSI beharko dituzte bihar osteguna, azaroak 19, goizeko 11:30etatik aurrera, www.kursaal.eus web gunean edota Kursaaleko leihatilan (leihatilako ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:30etatik 13:30etara).

“HESIA URRATURIK”
Xabier Lete in memoriam (Estreinaldia)
KURSAAL Auditorioa
Abenduak 5, larunbata, 16:00 h. / 19:15 h.
20  €

Labèque Ahizpen errezitaldia Kursaalen

Gaurkotasuna / 16 azaroa, 2020

Baionan jaioatako pianistek saio bikoitza eskainiko dute (17:00 eta 19:30etan ) azaroaren 29an

Kursaal Eszenaren kontzertu denboraldiak, musika klasikoari eskainitako atalean, András Schiff-ek zuzentzen duen Capella Andrea Barcaren emanaldia aurreikusten zuen datorren azaroaren 30ean. COVID-19aren krisialdiak eragindako murrizketa ezberdinen ondorioz, kontzertu hori, ordea, ez da egingo eta bere ordez Katia eta Marielle Labèque pianistak protagonista izango dituen errezitaldia programatu du Kursaal Eszenak.

Gaur egungo piano duo entzutetsuenetako bat osatzen duten Labèque Ahizpek azaroaren 29ko igandez eskainiko dute errezitaldia, Schubert, Ravel eta Bernstein konposagileen obrez osatutako programarekin.

COVID-19ak eragindako edukiera eta ordutegi murrizketak direla eta, Labèque ahizpek saio bikoitza eskainiko dute Kursaal Auditorioan (17:00 eta 19:30etan). Kontzertu honetako sarreren prezioa 35/28/22/18€koa izango da, zonaldearen arabera. Aipatu sarreren salmenta bihar asteartea, azaroak 17abiaraziko da, goizeko 11:30etan, www.kursaal.eus web gunea bitarteko dela edota Kursaaleko leihatilan.

Era berean Kursaal Eszenak jakin arazten du Preljocaj Balletaren emanaldia, abenduaren 15erako iragarrita zegoena, bertan behera gelditu dela.

KATIA & MARIELLE LABÈQUE
KURSAAL Auditorioa
Azaroak 29, igandea, 17:00 / 19:30
35 / 28 / 22 / 18 €

 

Bertan behera gelditu dira Amaiak Kursaalen eskaintzekoak zituen kontzertuak

Gaurkotasuna / 11 azaroa, 2020

Datorren azaroaren 15ean Amaiak Kursaal Auditorioan eskaintzekoa zituen bi  kontzertuak (16:30 eta 19:30) bertan behera gelditu dira, abeslariak Covid-19n positibo eman ondoren.

Sarrera Internet bidez erosi zuten lagunei, automatikoki egingo zaie diru itzulketa. Leihatilan erosi zutenek, aldiz, 943 00 31 70 telefonora deitu beharko dute.

Data zehatza lotzearren, Amaiak kontzertua eskainiko du 2021ko Kursaal Eszenaren egitarauaren baitan.

 

Amaral

Bertan behera gelditu Amaralek Kursaalen eskaintzekoak zituen kontzertuak

Gaurkotasuna / 9 azaroa, 2020

Datorren azaroaren 18 eta 19an Amaralek Kursaal Auditorioan eskaintzekoak zituen bi kontzertuak bertan behera gelditu dira, COVID19ak eragindako krisiaren ondorioz indarrean dauden neurri murriztaileen ondorioz.

Sarrera Internet bidez erosi zuten lagunei, automatikoki egingo zaie diru itzulketa. Leihatilan erosi zutenek, aldiz, 943 00 31 70 telefonora deitu beharko dute.

Data zehatza lotzearren, Amaralek kontzertua eskainiko du 2021ko Kursaal Eszenaren egitarauaren baitan.

Venice Baroque Orchestra-ren kontzertua behera gelditu da

Gaurkotasuna / 3 azaroa, 2020

 Venice Baroque Orchestra talde italiarrak igande honetan, azaroak 8, eskaintzekoa zuen kontzertua bertan behera gelditu da. Musika barrokoan espezialdutako taldeak Donostian hasi eta bira egitekoa zuen Bartzelona edota Oviedo bezalako hiriak bisitatuz baina aipatu bira hori suspenditu egin da, COVD-19aren hedapena ekiditeko hartu diren azken neurrien ondorioz.

AMAIAk Kursaalen eskaintzekoak dituen kontzertuak orduz aldatu dira

Gaurkotasuna / 3 azaroa, 2020

 Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena ekiditeko edukieretan egin duen doikuntza dela eta (400 pertsona gehienez barnekaldean ospatzen diren ekitaldietan), Amaia abeslariak bi kontzertu eskainiko ditu azaroaren 15ean (igandea) Kursaal Auditorioan – 16:30 eta 19:30etan- hasiera batetan iragarritako kontzertu bakarraren ordez.

Amaiaren kontzerturako gaurdaino erositako sarrerak baliogabetuak gelditzen dira eta sarreren zenbatekoak itzulita eta, hau horrela, kontzertu hauetara etortzeko interesa duten lagunek berriz erosi beharko dituzte sarerrak www.kursaal.eus web gunea bitarteko dela edota Kursaaleko leihatilara gerturatuta (astelehenetik ostiralera, 11:30etatik 13:30tara).

Kursaal Eszenak gogorarazi nahi du, Eusko Jaurlaritzak ezarritako mugikortasun murrizketak direla eta, gaur gaurkoz, kontzertu hauetara etortzeko aukera Donostian edota udalerri mugakideetan bizi diren pertsonetara mugatzen dela.