Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

menu

Kursaalek Miramar Jauregiaren kudeaketa bere gain hartu du gaurtik aurrera

Gaurkotasuna / 11 iraila, 2020

Miramar Jauregi Partzuergoak Kursaal Elkarguneari eman dizkio gaur goizean Jauregiko giltzak, eta hark bere gain hartu du hemendik aurrera Donostiako balio historiko handiko eraikin paregabe honen kudeaketa.

Miramar Jauregi Partzuergoak, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duen sektore publikoko erakundeak, ekainean berritu zuen eraikina 20 urtez erabiltzeko emakida. Eta gaur sinatu da Partzuergoaren eta Kursaal Elkargunearen arteko lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, Kursaalak bere gain hartzen du Jauregiaren kudeaketa, kultura-jarduerak egiteko eta Donostiaren eta Gipuzkoaren nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren aberastasuna eta irudia indartuko duten kongresu, konbentzio eta ekitaldiak egiteko. Helburua da, hor sortzen den jardueraren bidez pertsonak erakartzea eta balio erantsia ematea inguruneari, bai arlo ekonomikoan, bai ezagutzaren arloan.

Ekitaldian parte hartu dute, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea eta Miramar Jauregi Partzuergoko presidentea, Bingen Zupiria; Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia eta Kursaal Elkarguneko presidentea, Markel Olano; Donostiako Udalako Alkatea eta Kursaal Elkarguneko presidenteordea, Eneko Goia; eta Kursaal Elkarguneko zuzendari gerentea, Iker Goikoetxea.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak akordioaren garrantzia azpimarratu du: “Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala ados jarri gara Miramar Jauregiari beste bultzada bat emateko. Hemendik aurrera, eraikin historiko honek kudeaketa kontrastatua eta arrakastatsua izango du, Kursaalekoa, hain zuzen ere; horrez gain, Donostiak kulturarako, ezagutzarako eta kongresu zein ekitaldiak egiteko beste gune bat irabaziko du”.

Kursaala, esperientzia eta ezagutza

Kursaalen lankidetzaren oinarria kulturgintzaren eta kongresuen kudeaketan izandako esperientzia handi eta arrakastatsua da, hogei urte baino gehiagoko ibilbideak bermatua. Kursaal sozietatea osatzen duen taldearen ezagutzak eta esperientziak Miramar Jauregiak jarduera handiagoa har dezan lagunduko dute. Era berean, baliabide espezializatuak partekatzearen eta merkataritza-prozesu komunak aplikatzearen ondorioz sinergiak eta efizientziak sortuko direla aurreikus daiteke, merkataritza-posizionamendua osagarria izan dezaketen bi eraikinetan.

Eraikin paregabea

Miramar Jauregiak hainbat kultur eta gizarte jarduera izan ditu hainbat hamarkadatan, hala nola EHUren Udako Ikastaroen egoitza ezaguna da, baita Eusko Ikaskuntza edo Jakiunderena ere, eta Musikeneren kokalekua izan zen 2016ra arte. Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia Ibaetako eraikin berrira joan ondoren, lurraldea aberastuko duen interes handiko jarduera berriak garatzeko aukera bat sortu da.

Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendari kudeatzaileak Miramar Jauregiaren “balio historiko handia” eta “hirian duen kokapen ezin hobea” azpimarratu ditu. “Horrek ahalmen handia ematen dio ekitaldietarako trakzio-ibilgailu gisa, eta Kursaalek espazio hori bere gain hartzeak aukera zoragarria ematen dio Donostia, Gipuzkoa eta Euskadiren helmugari kongresu eta konbentzioen eremu gutiziatuan dugun kokapena indartzeko.”

Kursaal Eszenak bertako eta atzerriko artisten hamabost kontzerturekin berrekingo dio bere kultur egitarauari

Gaurkotasuna / 4 iraila, 2020

• Aurreko denboraldian Covid-19a dela eta bertan behera utzitako kontzertuetako batzuk, Izaro, Amaral eta “Eko-Musik” haurrentzako kontzertua, denboraldi honetan ospatuko dira, neurri berrietara egokituta.

• Euskal musikari eskainitako bi hitzordu berezi ere izango dira, Izaroren kontzertuez gain. Lehena “Hesia urraturik” izango da, Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren 10. heriotza urteurreneko ospakizunerako idatzitako oratorio sinfoniko-korala. Bigarren hitzorduak Oreka TX eta bandaren “Xarma” izeneko azken ikuskizuna izango ditu protagonista.

• Amaia abeslari eta konpositore nafarraren kontzertuak osatuko du pop musikari dagokion eskaintza.

• Musika klasikoari dagokionez, Venice Baroque Orchestra, Capella Andrea Barca eta Philippe Jaroussky kontratenorrak osatuko dute egitaraua.

• Ballet garaikidea ere izango da denboraldi honetan Kursaal Auditorioan, Ballet Preljocaj-en eskutik.

Hamabost dira denboraldi berrirako Kursaal Eszenak proposatu dituen hitzorduak, batzuk Covid-19a dela eta aurreko denboralditik berreskuratu eta egoera berriko neurrietara egokituak. Pop musikari dagokion egitarauan emakume ahotsak izango dira nagusi eta euskal musikari lotutako bi hitzordu berezi izango dira. Musika klasikoari eskainitako atalak Philippe Jaroussky kontratenor entzutetsua izango du protagonista eta ballet garaikideko hitzordu bat ere izango da denboraldi berrian, Frantziako dantzaren munduko koreografo garrantzitsuenetako bat den Angelin Preljocaj albaniarraren konpainiaren eskutik.

Urriaren 11n Amaiak inauguratuko du 2021eko urtarrilera arte luzatuko den denboraldia: urtarrilaren 25ean amaituko da Philippe Jaroussky-ren errezitalarekin.

Musika klasikoko egitarauko lehen proposamena Venice Baroque Orchestra italiarra izango da, azaroaren 8an: Europako ganbera musika talde onena da askorentzat eta antzinako musika interpretatzen aditua da. Talde historizistak Vivaldiren Lau urtaroak interpretatuko du, Giuliano Carmignola biolinistak zuzenduta.

Capella Andrea Barca ganbera orkestrak emango du hurrengo kontzertua azaroaren 30ean. András Schiff pianista hungariarrak sortutako orkestra bakarlari bikainez osatuta dago eta elkarrekin Bach konpositorearen Pianorako eta orkestrarako kontzertuak joko dituzte, exijentzia tekniko eta musikal handiko sei kontzertu, hain zuzen ere.

Philippe Jaroussky kontratenor frantsesarena izango da musika klasikoko egitaraua itxiko duen kontzertua, 2021eko urtarrilaren 25ean. 2017an izandako arrakasta handiaren ondoren, Jaroussky Kursaal-era itzuliko da Artaserse Ensembleak lagunduta, Vivaldiren garaiko europar gustuen araberako Hasse-tik Scarlatti-rainoko ariaz osatutako programarekin.

Horrez gain, ballet garaikideko ikuskizuna izango da abenduaren 15ean, Ballet Preljocajen eskutik. “Winterreise” (Neguko Bidaia) dantzatuko dute. Angelin Preljocaj koreografoaren ikuskizunak arrakasta handia izan du Europako antzoki nagusietan: desamodio istorio honen bihotzera egindako bidaian musikak eta dantzak bat egiten dute.

Bestelako musiken atalari dagokionez, Amaia iruñarrak ekingo dio denboraldiari, urriaren 11n. Pero no pasa nada (2019) lehen diskoarekin pop egitura konbentzionalenetatik ihes egin eta maitasun nerabeari eskainitako kantuak aurkeztu zituen Operación Triunfo lehiaketan ezagutu genuen abeslariak.

Izaro izango da Kursaalera heltzen hurrena, lau datatan: urriaren 25, 26, 27 eta 28an emango ditu kontzertuak mallabitarrak, Limones en invierno hirugarren diskoarekin. Bere hitzetan, “diskoak egun eguzkitsuak argitzen dituzten argi zitrikoak jasotzen ditu, baina baita errrekak estaltzen dituzten behe-lainoak ere”.

Amaral taldea bi datatan arituko da Kursaaleko taulan, aurreko denboraldian Covid-19agatik haien kontzertuak atzeratu ostean: azaroaren 18an eta 19an. Salto al color zortzigarren lanarekin etorriko dira eta disko berriko kantuak nahiz dagoeneko gaztelaniaz egindako musikaren historiara igaro diren disko zaharretako kantuak joko dituzte.

Bereziki euskal musikari eskainitako atal bat ere izango du egitarauak, abenduaren 5ean hasiko dena Joxan Goikoetxearen “Hesia urraturik” obraren estreinaldiarekin. Xabier Leteren oroimenez, haren 10. heriotza urteurren ospakizunerako idatzitako oratorio sinfoniko-korala da. Kontzertuari Eñaut Elorrieta eta Maite Larburu artistek egindako atariko batek emango dio hasiera.

“Xarma” izango da atal honetako bigarren ikuskizuna: Oreka TX bandako musikariak erraldoi eta jostailuekin jostatuko dira. Eta haiekin jolastuko dute ere Kukai Dantzako dantzariek, zirkuko artistek eta Maika Etxekoparren ahotsak, urtarrilaren 8an.

Musika Familian, haurrentzako apropos atondutako programazioak, bi ikuskizun ezberdin hartuko ditu, eta lehena “Eko-Musik” izango da, musika klasikoaren eta ekologiaren artean zubia eraikiko duen kontzertua, azaroaren 14an. Euskadiko Orkestraren lankidetzarekin egingo dute emanaldia eta Enrike Solinis gitarristak hartuko du parte kontzertuan.

Bigarrena “Irauli!” Musikala izango da, abenduaren 12an, Jaso Fundazioaren komedia musikal berria. Ikuskizunean, pertsona talde batek iraultza teknologiko batetik ihes egin beharko du, arriskuz betetako bidaian murgilduz. Babesa baliabide urriagoak dituen nazio batean bilatuko dute, nazio horretako biztanleek pertsona hauei harrera egingo dieten ala ez erabaki beharko dutelarik.

Kursaal Eskura

Kursaal Eszenak aurrera jarraituko du, denboraldi honetan ere, Kursaal Eskura proposamenarekin. Donostiatik urrutien dauden Gipuzkoako udalerrietatik datozen zaleei Kursaal Ezenaren kontzertuetarako sarbidea erraztea da ekimen honen helburua.
Antzuola, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Getaria, Ezkio, Itsaso, Legazpi, Urretxu, Oñati, Tolosa, Zarautz, Zumaia, Zumarraga, Irun eta Orioko herritarrek izan dute dagoeneko ekimen honetaz gozatzeko aukera Kursaal Eszenak programatutako kontzertuetan.
Kursaal Eskura 2014an sortu zen, Kursaal Eszena eta Gipuzkoako hainbat udalen lankidetzarekin. Proiektu horrek doako autobus-zerbitzu bat jartzen du interesdunen eskura, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskizuna amaitu ondoren, jatorrizko herrietara itzultzen da.

Sarrerak

Sarreren salmenta gaur hasiko da, irailak 4, 12:00etan, Kursaleko leihatilan (astelehenetik ostiralera 11:30etik 13:30era; ostegun eta ostiraletan baita 17:00etatik 20:00etara; larunbatetan 17:00etatik 20:00etara) edota Kursaaleko webgunean (www.kursaal.eus). Gogoan izan helbide hau dela sarrerak online erosteko baimenduta dagoen kanal bakarra.