menu

Jornada Basque Railway sala de cámara Kursaal

Basque Railway 2020 Nazioarteko IV. Trenbide Jardunaldiak trenbide sektoreko 500 profesional baino gehiago bildu ditu Kursaalen

Gaurkotasuna / 22 urtarrila, 2020

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak antolatuta, “Basque Railway 2020” izeneko nazioarteko IV. Trenbide Jardunaldia egin da Kursaalean. Jardunaldi horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuan eta Europan sektorearen garapenarekin zerikusia duten 500 eragile baino gehiagoren presentziarekin, Laugarren Trenbide-Paketea indarrean sartzearen ondorioz abiadura handiko sare berriak martxan jartzearen eta trenbide-espazio europarraren liberalizazioaren aurrean planteatzen diren erronkei heldu zaie.

Ekitaldi horretan Europako trenbide-arloko erreferente nagusiek parte hartuko dute. Horien artean aipatzekoak dira jardunaldi baten irekieran parte hartuko duen François Davenne Trenbideen Nazioarteko Batasuneko (UIC) Zuzendari Nagusia. Euskal errealitatera gehiago mugatzen diren gaiei dagokienez, Arantxa Tapia Sailburuak eta Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak “Euskadiko Tren industriaren aukerak” gaiaren inguruan hitz egin dute.

Ekitaldiaren laugarren edizioa da. 2007an, plaka gaineko trenbidearen gaia jorratu zen; 2008an, Trenbideko merkantzien garraioari buruzkoa izan zen; eta 2015ean, Prestazio handiko trenbideen ustiapenari buruz eztabaidatu zen bertan. Oraingo honetan, Basque Railway une erabakigarrian egin da, Eusko Jaurlaritzak, ETSren bitartez, Euskal Y-aren Gipuzkoako adarreko obra zibileko lanak amaitu eta, obra zibil osoa 2023an bukatzeko helburuarekin Atotxako (Donostia) eta Ezkioko geltoki berria eraikitzen hastear dagoen unean, hain zuzen ere.

Jardunaldiaren helburua, beraz, bikoitza da. Alde batetik, sektorearekin batera, sare berria zerbitzuan jartzeko eta etorkizunean ustiatzeko konpondu beharreko alderdi teknikoak aztertzea, eta baita Laugarren Trenbide-Paketea indarrean jartzearen ondoriozko agertokia ere. Bestalde, abiadura handiko trenbide-sareen ontasunak eta eskualdeen garapen sozioekonomikoari eta lehiakortasunari eta mugikortasunari egiten dioten ekarpena sozializatu nahi dira, nazioarteko trenbide zabaleraren bitartez ahalmen handiko Europako sareekin konektatuz.

Jardunaldiak Amurrio Ferrocarriles, Bombardier, CAF, Danobat, Dominion, Ekide, Ikusi, Ingeteam, JEZ Sistemas Ferroviarios, Talgo eta Thales enpresen laguntza izango du. Horiek guztiek stand gune bat izango dute, eta bertan, bertaratutako 500 profesionalek baino gehiagok networking-a egin ahal izatea aurreikusten da.

MoUren sinadura SHIFT2RAILekin

Euskadi, Shift2Rail-ekin elkar ulertze memorandum bat (MoU) ixten duen Europako lehen eskualdea bilakatu da. Txekiar Errepublikarekin lortutako gobernu-akordioaren ondoren, Europako eskualde batek trenbide sektoreko ikerketarako eta berrikuntzarako proiektuen tresnekin/deialdiekin jarduteko eta batera finantzatzeko lehentasunezko estrategiak ezartzeko lankidetzarako konpromisoa hartzen duen lehen aldia da. Monique Van Wortel, Shift2Railen arduradunak, eta Tapia sailburuak, Basque Rail Wayren barruan izenpetu dute aipatutako MoUa.

Moniquek azaldu duenez, “Shift2Rail, Bruselatik Europako trenbide ikerketa eta berrikuntza gehiena bideratzen duen Europako Batzordeak sustatutako ekimen publiko-pribatua da”. Shift2Rail-eko arduradunaren arabera, “Akordioa bultzada berri eta garrantzitsua da Euskadiko sektorearen garapenean, eta, aldi berean, Euskadiko eta Europako berrikuntzaren ekosistema indartzeko balioko du”.