Segurtasun neurriak Covid-19aren aurrean

cerrar

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da uneoro, sarreran, irteeran eta ikuskizunean zehar.

Sarreran derrigorrezkoa izango da bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea

Errespetatu segurtasun-distantzia eta bete aretoko langileen jarraibideak eraikinera sartzeko eta irteteko.

Ikuskizunetara behar besteko aurrerapenarekin etortzea gomendatzen da.

menu

Iker Goikoetxea, Kursaalen zuzendari-gerentea, Espainiako Biltzar Jauregien Elkartearen presidente izendatu dute

Gaurkotasuna / 23 urtarrila, 2020

Iker Goikoetxea, Donostiako Kursaal jauregiaren zuzendari-gerentea, aukeratu dute, aho batez, Espainiako Biltzar Jauregien Elkartearen (APCE) presidente Elkartearen batzar nagusian. Asteazkenean, Nazioarteko Turismo Azokaren (FITUR) lehenengo egunean, izan zen batzarra, IFEMAn (Madril), eta, presidentea aukeratzeaz gain, Batzorde Betearazlea berritu ere egin da, abenduaren 20an hasitako hauteskunde-prozesua amaitu ostean.

Batzarrean, zuzendaritza talde berria berretsi dute hauteskunde-prozesuan parte hartu duten biltza-jauregien zuzendari eta arduradunek. Hauek osatuko dute taldea:

Presidentea: Iker Goikoetxea Mendoza (Kursaal Elkargunea)
Presidenteordea: Javier Lacunza Arraiza (BALUARTE, Nafarroako Batzar Jauregia)
Idazkari nagusia: Belén Mann Cerdeira (IFEMA, Konbentzioak eta Biltzarrak)
Batzordekidea: Yolanda de Aguilar Rosell (Málagako Azoka eta Biltzar Jauregia, FYCMA)
Batzordekidea: Sylvia Andrés Guilló (Valentziako Biltzar Jauregia)
Batzordekidea: Carlos García Espinosa (Cádizeko Biltzar eta Erakusketa Jauregia)
Batzordekidea: Marc Rodríguez Gómez (Bartzelonako Nazioarteko Konbentzioen Zentroa, CCIB)

Presidente berriak zuzendaritza taldeaz esan du ordezkagarritasun geografikoa eta esperientzia dutela, eta «aukera paregabea dugula Elkartea sustatzeko eta bazkideei balio erantsi handiagoa eskaintzeko». Goikoetxearen arabera, helburu hori erdiesteko, «ezinbestekoa da guztiok konpromisoa hartzea»; hortaz, lehenik, erakundea gehiago profesionalizatzea erabaki da, asmo handiagoko helburuak iriste aldera. Presidenteak esan duenez, «une egokia da ideia berriak martxan jartzeko, Elkarteak presentzia handiagoa izan dezan eta nabariagoa izan dadin, eta, horri esker, baliabide eta zerbitzu gehiago eta hobeak eskain ditzagun».

«Gure kokapena, “Premium-aditua” gure indar handia da, eta, hari esker, ezaugarri bereizle hauek ematen dizkigu: esperientzia, zerbitzuaren bikaintasuna eta teknologia berritzaileena. Biltzar eta ekitaldi instituzional edo korporatibo garrantzitsuenak APCEko jauregietan egiten dira. Eta ekitaldi horietan ziurtatuta dago zerbitzuaren bikaintasuna: sektore profesional onenekin lan egitea». Halaber esan du biltzarren industria gero eta dinamikoagoa, espezializatuagoa, jasangarriagoa eta sortzaileagoa dela. Dioenez, «ekitaldiek emozionalki konbentzitu behar dute. Garrantzitsua da faktore teknologikoa, baina funtsezkoa, berriz, giza elementua. Ekitaldiak marka eta ikusleak lotzen ditu emozionalki. Eta biltzar-jauregiok funtsezko zeregina dugu lan horretan».

Besteak beste, helburu estrategiko hauek proposatu ditu zuzendaritza talde berriak Elkartearen aro berriari begira: APCEk bilera eta ekitaldien industrian duen ordezkagarritasuna indartzea, Elkarteko kide diren zentroetako taldeen garapen profesionala sustatzea, eta sektoreari buruzko azterlan eta ikerlan gehiago egitea.

2020an ere, bi ekitaldi hauek izango dute pisu espezifikoa: Udako Eskola (urtero antolatzen du Elkarteak, jauregietako profesionalak trebatzen jarraitzeko; aurten, baliteke Ávilan izatea, azken bi urteetan Málagako FYCMAn izan baita) eta urteko biltzarra (aurten, Gasteizen izango da, uztailaren 1etik 3ra, eta jasangarritasunaz hitz egingo da, besteak beste, gaia garrantzitsua delako eta Arabako hiriburua eta bertako biltzar-jauregia nagusi direlako sektore horretan).

Iker Goikoetxea

APCEren presidente berriak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia eta Zuzendaritza Estrategikoan masterra ditu (Deustuko Unibertsitatea), baita Enpresen Goi Mailako Zuzendaritzako Programa ere (IESE Business School, Nafarroako Unibertsitatea).

2008ko hasieratik da Donostiako Kursaal Elkargunearen zuzendari kudeatzailea, eta, 2011 eta 2015 artean, Biltzar Jauregien Nazioarteko Elkarteko (AIPC) kontseilukidea izan zen.
AIPCn egon zen bitartean, Cádizeko Biltzar eta Erakusketa Jauregiko Carlos García Espinosa presidente zela, presidenteordea izan zen Goikoetxea, eta jarduneko presidentea izan zen azken sei hilabeteetan, buru duen zuzendaritza talde berriarekin pasa den asteazkenean amaitu zen hauteskunde-prozesuari hasiera eman baino lehen.

APCE

Espainiako Biltzar Jauregien Elkartea 1995ean sortu zen; hortaz, aurten, 25 urte beteko ditu. Ekintza komun batzuk jarri nahi ditu martxan biltzar-jauregiak gune fisiko eta antolakuntza-egitura gisa babesteko, eta Espainiako biltzar eta bilerei lotutako turismoaren ardatz egituratzaile gisa jokatzeko. Horrez gain, esperientziak eta ideiak trukatzeko bide eman nahi du gauzatzen duten jarduerarekin erlazionatutako gaien inguruan, baita administrazio eskudunekin proposamenak, kontsultak eta akordioak egiteko aukera eskaini ere. Gaur egun, 32 biltzar-jauregik osatzen dute Elkartea.