menu

Javier Camarena

Javier Camarena tenorra Kursaalen izango da

Gaurkotasuna / 22 urtarrila, 2020

Gaur egun operaren munduan gailur-gailurrean dagoen Javier Camarena tenorra, hirugarren abeslaria da azken hirurogeita hamar urteetan New Yorkeko Metropolitanen bis bat eskaini duena, Pavarotti eta Flórezekin batera.

Bere interpretazioen edertasunagatik miretsia den tenor mexikarrak programa ikusgarri bat aurkeztuko du Kursaalera egingo duen bigarren bisita honetan (urtarrilak 23). Italiar errepertorioa landuko du batez ere, frantziar eta alemaniar errepertorioetan ere sarraldi batzuk eginez: Charles Gounod, XIX. mendearen amaierako Frantziako konpositore garrantzitsuenetakotzat hartua, eta ahotserako lana erruz konposatu zuena; Édouard Lalo, zeinak gehiago landu  baitzituen ganbera-musika eta lied-a, eta opera gutxi idatzi zuen, Le roi d’Ys besteak beste, Wagnerren eraginpekoa bestalde. Rossini, Bellini eta Donizettirekin bizi izan zuen belcantoak bere urrezko garaia; hirurek bilatu zuten legatuaren produkzio perfektua ahots-erregistro osoan zehar, eta orobat garatu zituzten elemento birtuosistikoak, nola diren koloratura, trioa, agudo eta sobreagudo distiratsuak eta arnasketaren erabilera biribila.

Donostian eskainiko duen errezialdirako, oso ezagunak ez diren aria batzuk aukeratu ditu Mexikoko tenoreak, guztiak argitsuak eta eskakizun bokal handikoak. Lehen zatia Ah! Mes amis, quel jour de fête aria ezagunarekin bukatuko da, zeina tenor lirikoen Everest menditzat hartzen baita. Bigarren zatiak belcanto gehiagorekin eta Friedrich von Flotow-en Martha operako aria batekin jarraituko du; izan ere, opera horrek famatu du bereziki konpositore alemaniar hau, oso obra ezaguna izan baitzen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, baina gaur egun oso gutxitan taularatzen da. Alfredo maitemindu batek abesturik, La Travista perako bigarren ekitaldiari hasiera ematen dion ariak itxiko du programa zail hau, zeinarekin Javier Camarenak bere teknika eta talentu natural guztia erakusteko aukera izango baitu

Bisen tenorra

Metropolitaneko balentria 2014an errepikatu zuen Madrilgo Errege Antzokian, 18 “goiko do” akasgabe interpretatu baitzituen La fille du régiment operako Ah! Mes amis, quel jour de fête aria errepikatu zuenean, eta lehen tenorra da bi antzokien historian bi emanalditan jarraian aria errepikatu duena. Duela oso denbora gutxi, historia egin du berriro Donizettiren Una furtiva lagrima errepikatuz Madrilgo koliseoan.

JAVIER CAMARENA
Kursaal Auditorioa
Urtarrilak 23, osteguna, 20:00
50 / 40/ 32 / 26 / 11 €