menu

NDR Elbphilharmonie

NDR Elbphilharmonie Orchestra, Alemaniako orkestra garrantzitsuenetakoa Kursaalen arituko da berriz, Leonidas Kavakos biolinista karismatikoa bakarlari dela

Gaurkotasuna / 11 azaroa, 2019

Alan Gilbert estatubatuarrak, orain dela gutxi arte New Yorkeko Filarmonikako zuzendari denak, gidatuko du zuzendari hoberenak jaso dituen orkestra prestijiotsu hau

Bihar, azaoak 12, arratsaldeko 20:00tan, Hanburgoko okestra Kursaalen arituko da. Hanburgoko NDR orkestrak bere historiako aldi berri bati heldu dio, eta egoitza artistiko garaikidea aurkitu du Elbphilharmonie areto berrian. Orkestra egoiliar gisa, eginkizun garrantzitsua beteko du Hanburgoko kontzertu-areto berriaren profil musikala tankeratzeko orduan. Alan Gilbert iparramerikarra da, New Yorkeko Filarmonikoa zuzentzetik datorren zuzendari interesgarri bat, aurtengo denboralditik hasita, orkestraren zuzendari nagusia.

Leonidas Kavakos greziarra nazioarteko hainbat sari irabazi dituen biolin-jotzaile goiztiar bat da, eta gaurko saioan Bartoken biolinerako 2. kontzertua eskainiko du, orkestra alemaniarrarekin batera; denbora luzez uste izan zen Bartokek instrumentu honetarako kontzertu bakarra idatzi zuela, 1938koa, baina beste bat aurkitu zen, askoz ere lehenagokoa (1907/08), eta orain azken hori agertzen da lehena delakoan. Aparteko edertasuna du, eta XX. mendeko biolinarentzako errepertorioko obra garrantzitsuenetako bat da. Konpositorearen heldutasun-garaian gaude, eta egonkortuak agertzen dira hemen beste urte batzuetako konnotazio eta eragin posibleak, errealismo magikotik folklorera. Inguruko presio orotatik pixkanakako aldentzea da etapa honen ezaugarri nagusia; ez dago borondate nazionalistarik, nortasun-ikur ukaezinak baizik. Konbinazio instrumentalen gardentasuna, metalen distira, arkuen aberastasun ebakigarria, Andantearen hunkiberatasun magikoa, bat egiten du denak bakarlaria giro liluragarri eta irudimen handiko batez inguratzeko.

Laugarrenarekin batera, zazpigarren sinfonia da Brucknerren obrarik interpretatuena. Leipzigeko Gewandhaus antzokian estreinatu zen 1884ko abenduan, Arthur Nikisch zela podiumean. Esanekotasun diziplinatuz erantzuten diote lau mugimenduek Vienako sinfonia klasikoaren eskemari. Lau itzelezko pieza dira, bai iraupenean, bai sakontasun adierazkorrean. Brucknerrek unibertso goitar batera eramaten du entzulea, bere melodia luze, trinko, inguratzaile, isuri-erraz, plastikoekin. Harritu egiten du egituren soiltasun eta sendotasunarekin, eta liluratu sonoritateen distira eta trinkotasunarekin. Hauxe da, zazpigarren sinfonia, sinfoniaren munduan ezagutzen den lorpen musikal bikainenetako bat, bai orkestrazio apartagatik, bai gaien prestutasun eta monumentaltasunagatik.

NDR Elbphilharmonie Orchestrak eskainiko duen kontzertua ”la Caixa”ren laguntzarekin gauzatuko da, zeina Kursaal Eszenaren kontzertu-programa posible egiten duen enpresa-taldeari batu zaion berriki. Kursaala bere 20.urteurrenean murgilduta dagoen honetan iritsi den bat egite honek, berezko programazio egonkor baten aldeko apostu haundia, ekimen pribatuaren babesik gabe bideragarria izango ez litzatekena, indartzea ekarriko du.

NDR  ELBPHILHARMONIE ORCHESTRA – HAMBURGO
Azaroak 12 / 20:00
Kursaal Auditorioa
55 / 44 / 35 / 28 / 11 €
 Sarrerak erosi