menu

”la Caixa” eta Kursaal Eszenak bat egin dute eskuragarria den eta edonoren eskura dagoen kultura sustatzeko helburuz

Gaurkotasuna / 5 azaroa, 2019

  • Gizarte Ekintza Deszentralizatuak 118 proiektutan parte hartu zuen Gipuzkoan, pasa den urtean
  • Akordioari esker, Gipuzkoako lurraldeari maila goreneko musika klasikoa zein herrikoia eskaintzen dion kultur-programa zabal eta eskuragarria indartuko da.
  • Datorren azaroaren 12an, Europako musika klasikoaren adierazgarri handienetakoa den Hanburgoko NDR Elbphilharmonie Orkestra Donostian izango da, ”la Caixa” -ren eskutik.
  • Tokian tokiko proiektuen sustapenak ”la Caixa” Banku-Fundazioak inplementatzen dituen gizarte-programak, hezkuntzakoak, kulturaren esparrukoak eta zientifikoak osatzen ditu. ”la Caixa” da Estatuko lehen fundazio pribatua eta 2018an 11 milioi pertsona baino gehiagorentzat izan zen onuragarria.
  • CaixaBank-ek, Gizartearekin Arduratsua den Bankua planaren baitan, eta lan egiten duen inguruko gizarte-beharrak asetzeko, Gizarte Ekintza propioa garatzen du.

Gizakiaren garapen pertsonalean kulturak zerikusi haundia du, eta pertsonarengan ez ezik lurraldearengan ere kulturak izan dezaken eraginaren erakusle da Kursaal Eszenak atondu eta gauzatzen duen kultur-programa. Hau horrela, ”la Caixa” eta Kursaal Eszenak indarrak batu dituzte eta, elkarlanean, bide berria urratzen hasi dira. Lankidetza akordio berri honekin kultura eskuragarria, gipuzkoar ororen eskura dagoena, sustatu nahi da. Izan ere ”la Caixa”k 30 urtetik gora daramatza Gipuzkoako lurraldean, eta gaur egun, lurralde osoan banatutako 44 bulegoek osatzen duten sareari esker, 110.000 gipuzkoar bezero dauzka.

”la Caixa”k Kursaal Eszenaren proiekturarekin bat egin du beraz, proiektu horrek maila goreneko musika-programazioa gipuzkoar ororen eskura jarri eta gerturatzen duen aldetik. Horretarako, nazioarteko ibilbide nabarmena egin duten artistak ekarri ohi ditu Kursaal Eszenak, bai musika klasikoaren esparrukoak bai herri musikari dagozkionak. Hala, datorren azaroaren 12an, Hanburgoko NDR Elbphilharmonie Orkestra Kursaalen izango da, ”la Caixa”-ren eskutik. Azken urteetan europar orkestra ezberdinen artean nabarmendu den formazioa da hau, eta Leonidas Kavakos biolinjole ezagunarekin batera ariko da. Egun horretan, eta ”la Caixa”ko Bolondresei esker, Gipuzkoako Elkarte bat kontzertuaz gozatzera etorriko da Kursaalera.

Lankidetza akordioaren aurkezpen ekitaldian Gaspar Guembek, CaixaBank-ek Gipuzkoan duen Instituzio Zuzendariak, akordioaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen eta Gizarte Ekintzaren lana ere aipatu zuen. “CaixaBank-eko langileek harreman estua dugu gure inguruarekin. Arazo larrienak gertutik ezagutzen ditugu eta baita arazo horiei irtenbide bat emateko lan egiten duten gizarte erakundeak ere. Hau horrela, bitarteko baliotsuak gara ”la Caixa”-ren Gizarte Ekintza bestela ikusezinak izango liratekeen tokietara iristeko eta milaka lagunen bizimodua hobetzeko”, azaldu zuen Guembek eta jarraitu zuen esanez: ”la Caixa” Banku-Fundazioaren aurrekontuaren herena hezkuntzari, ikerkuntzari eta kulturari ematen zaio, gizarte justu eta aurreratu bat lortzeko ezinbestekoak direla erizten bait diogu eta testuinguru honetan ulertu behar da Kursaal Eszenarekin sinatzen dugun akordio hau”.

Kursaal Elkarguneko Zuzendari Kudeatzailea den Iker Goikoetxeak, berriz, ongietorria eman zion ”la Caixa”-ri, Kursaal Eszenaren programa ahalbidetzen duten enpresen taldera batu den honetan, eta gehitze honen garrantzia azpimarratu zuen, aldi berean: “uztardura berri honekin berezko programazio egonkor baten aldeko apostu handia indartzea lortuko dugu. Kursaal Eszena etengabeko erronka da eta ez litzateke bideragarria izango ekimen pribatuaren laguntzarik gabe. ”la Caixa” babes hori indartzera dator oso berezia den une batean, Kursaala bere 20. urteurrenean murgilduta dagoen unean hain zuzen”.

Gizarte Ekintza Deszentralizatua

”la Caixa” Banku-Fundazioak, CaixaBank-eko bulegoak bitarteko zirela, 43,6 milioi euro enplegatu zituen iaz, lekuan-lekuko gizarte-proiektuak babesteko. Euskal Herriaren kasuan, 2018.urtean, 1.376.464€ bideratu zituen, Gipuzkoan 118 ekintza gauzatuz. Gizarte Ekintza Deszentralizatua izenekoak neurri txikikoak izanagatik ere, lan egiten duten lurraldeetan eragin haundia duten proiektuak babesten ditu, gisa honetan, ”la Caixa” Banku-Fundazioak gauzatzen dituen programa haundiak osatuz. ”la Caixa” Banku-Fundazioa Estatuko lehen fundazio pribatua da eta munduko garratzitsuenetako bat, 2019rako 545 milio euroko aurrekontuarekin.

CaixaBank-eko bulego-sareak, bere lurralde ezarpenari esker, ”la Caixa” Banku Fundazioaren gizarte lana babesten du, tokian tokiko beharrak antzemanez eta bere gizarte inbertsioaren zati bat behar horietara bideratuz. Bi instituzio hauen arteko elkarlanari esker, urtero milaka erakunde eta elkarte dira ”la Caixa” Banku-Fundazioaren laguntzak eskura dituztenak. Estatu osoan ia 9.500 erakundek (11.500 proiektuk baino gehiagok) jaso dute bultzada, CaixaBank-eko bulegoek inguruko gizarte-egiturekin duten konpromezuari esker eta ”la Caixa” Banku-Fundazioak gisa honetako ekimenetarako bideratzen duen aurrekontuaz baliatuz.

Kursaal Eszena

Kursaal Eszena, bere 20. denboraldian murgilduta dago oraintxe, kalitatea eta ospea ezaugarri dituen programazio baten onurarako kapital publiko eta pribatuaren arteko konplizitateak duen garrantziaren adierazgarri da. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta orain ”la Caixa” ere barne hartzen duen enpresa taldeak babestuta, kultur bikaintasunak bereizten dituen hogeitamar hitzordutik gora eskaintzen ditu Kursaal Eszenak urtez urte.