menu

“ASKE!”, Jaso ikastolaren zazpigarren musikalak Kursaalen eskainiko du bira amaierako emanaldia

Gaurkotasuna / 18 urria, 2019

Ikastolako ikasleek sortua, familia osoarentzako den ikuskizun honek aniztasun sexuala du gai nagusitzat.

 “Aske!” euskarazko musikala Kursaalera iritsiko da datorren larunbatean, urriak 19an. Aniztasun sexualaren trataera gai nagusitzat hartuta, Jaso Ikastolak proposatzen duen endredo komedia da hau. Istorioak, pertsonaiek eta haien inguruak bizi duten bidai psikologikoan zehar eramango gaitu; norberaren identitate eta onarpen prozesuaren bidaian, hain zuzen ere.

Onarpen eta aniztasun sexualaren mezua zabaltzeko asmoarekin sortutako musikal honek, gazte desberdinen istorioa kontatzen digu. Izan ere, protagonisten hitzetan “pertsonai bakoitzak badu bere barne istorioa eta beraien eboluzioa ikusiko da”. Beldurrei aurre egitea izango da haien erronka nagusietako bat, eta, batez ere, haien ingurukoek bizi duten itsutasuna argitzea; hauek, itsutasuna sistema patriarkalaren ondarea den legez, ez baitira gazte hauek bizi dituzten barne borrokak onartzeko gai.

Kantuak, dantzak, akrobaziek eta efektu bereziek bat egingo dute ordu bete eta 25 minutuko iraupena duen ikuskizun honetan. “Aske!” Jaso Ikastolako ikasleek prestatu eta egin duten zazpigarren sorkuntza da; Imanol Janices, Irantzu Zabalza eta Nerea Martínez irakasleak izan dituzte langintza horretan zuzendari eta gidari.

50 ikasleek osatzen dute lan taldea eta beraiek dira sorkuntza lanaz gain eszenaratzeko lan guztiak egiteaz ere arduratzen direnak. Gidoiaren sorkuntza, koreografien sorkuntza, argien diseinua, soinuaren diseinua, eszenografiaren sorkuntza, jantzien diseinua, muntaia… Gauzak honela, diziplina, lan taldea, motibazioa eta batez ere, lagunartekoa, lantzen dute. Ikasleek beraiek azaldu dutenez, “elkarlana eta beste kurtsoko ikasleekin harremantzea izan da hoberena”. Ideia honen harira, Imanol Janices zuzendariak honela dio: “musikalak ikastolako giroa hobetu du, izan ere, musikalean parte hartzen duten gazteek lotura bihurtzen dira. Dena den,  musikalaren helburua nagusia euskara sustatzea da eta euskara gazteei modu moderno batean hurbiltzeko moduak badaudela erakutsi nahi dugu”.

Kursaaleko ikuskizuna birako azkena izango da eta honen aurrean sentimendu kontrajarriak dituzte gure protagonistek: “gogo handiz datoz Kursaalera, baina pena handiz ere azken saioa delako”. Dena den, hasiak dira zortzigarren musikalaren prestaketa lanetan.

ASKE! MUSIKALA
Urriak 19 larunbata / 18:00
7 € / 3 € (<12 urte)
Euskaraz (6 urtetik aurrera)

 Sarrera erosi