menu

Vetusta Morla

Vetusta Morlak kontzertu bikoitza eskainiko du Kursaalen

Gaurkotasuna / 31 urria, 2019

Espainiako indie musikaren talde ikonikoak, eta zuzeneko musikaren berpizkundearen erreferenteetako bat denak, Vestusta Morlak, emanaldi bikoitza eskainiko du Kursaal Eszenaren denboraldi berriaren barruan, bere estudioko bosgarren albuma dela-eta, “Mismo sitio, distinto lugar”. Azaroaren 2ko emanaldirako sarrerak agortuta daude, baina badira oraindik azaroaren 1eko kontzerturako sarrerak.

Talde madrildarraren bosgarren diskoa dena, “Mismo sitio, distinto lugar”, hamar abestiz dago osatua, eta birsortze-eskuliburu bat balira bezala irakur daitezke. Izan ere, bandak bere errealitatea musikaren bidez interpretatzen jarraitzeko duen premiatik datorren birsortzea da, bereizten duen estiloari osorik eutsiz.

2008an bere estreinako diskoa aurkeztu zuenetik, etengabe jaso du seikote honek publikoaren eta kritikaren onespena, Espainian zuzeneko musikaren goraldiaren erreferente bihurtu den arte.

Jauzi kualitatiboa da bere proposamenaren planteamendu eszenografikoan eta azterketa xehean. Esperientzia bakarra balitz bezala zaindu du Vetustak interpretazio bakoitza.

Areto handietako itzuli honetan aurkezten den ikuskizunak euskarri bisual bikain eta sofistikatu bat du, Vetusta Morlako kideak, ezbairik gabe, musikari gisa beren unerik onenean dauden talde baten moduan ikustera bultzatzen gaituena.

Bi kontzertu hauetako sarrerek 45 euroko prezio bakarra dute, eta www.kursaal.eus webgunearen bidez (baimendutako online salmenta-kanal bakarra) eta Kursaaleko leihatiletan eros daitezke.

Vetusta Morla
Ostirala, azaroak 1/20:00
Larunbata, azaroak 2/20:00 (agortuak)
Kursaal Auditorioa

 Sarrerak erosi 

Omara Portuondo

Omara Portuondo Kursaalen izango da bere nazioarteko azken itzuli handiarekin

Gaurkotasuna / 29 urria, 2019

Omara Portuondo, Kubako musikaren ezinbesteko izena, Buena Vista Social Club-eko diva, Tropicanako erregina, filinen neskalaguna, Kursaalen izango da bihar asteazkena, urriak 30, “Omara es Cuba – El último beso” nazioarteko bere azken  itzuli haundiaren baitan.

Omararen birarik intimoena da hau, eta adiskidez inguratuta, bere obra musikal zabalaren hoberena eskainiko du bertan. Omarak bere lurrari kantatu nahi dio: “Kuba deitzen den herrialde batean jaio nintzen, palmondoak, eguzkia, hondar fina, Martí, Maceo, azukre-kanabera, melaoa, guarapoa, kafea, guk egiten dugun kafe guztiz zaporetsu hori den horretan! Musika ere bada Kuba, musikaren bidez adierazten ditugu gure nortasun kulturala definitzen duten elementuetako asko, eta ni nolakotasun horren guztiaren parte naiz”.

Horixe da Omara; apaltasuna xarma bihurtzeko bertute zoragarria, oihal xume bat jantzi fina egitea, kantu bat klasiko errepikaezina gertaraztea. Abesti askoren notak daude haren ahotsean: Adiós, Y Deja, Llanto de Luna, Noche Cubana, La Tierra del Son, Canción de un Festival, Veinte Años, Lágrimas Negras, Es Lo Que Me Queda Por Vivir, Son de la Madrugada, Guitarra en Son Mayor, Drume Negrita, Siboney… “bizitzeko geratzen zaidana irribarrez egingo dut, oinazea ezabatu egin baitut nire bizitzatik”.

Oraingo honetan, Kubako abeslariak ez du atzean orkestra haundi bat izango; laukote bat baizik, piano, baxu, bateria eta perkusioz osatutakoa. Roberto Fonseca pianista birtuosoak laguntzen dio, Omarak musikari handiez inguratu nahi duelako, baina baita bere jendeaz eta konfiantzazko lagunez ere. Eta, horregatik, gonbidatu berezien zerrenda bat ere badu itzuli honek, musikari izarrez gain, beraren parcero, beraren pana, beraren carnal, beraren asere direnak, eta baita moninaren bat ere, Kubako landazabalean betiko lagunei esaten dieten bezala.

Omara es Cuba – El último beso itzuliak abeslariaren obraren hoberena jasotzen du, berdinik gabeko elezahar bat eszenan ikusteko aukera paregabean.

OMARA PORTUONDO
Asteazkena, urriak 30
/ 20:00
Kursaaleko Ganbera Aretoa
40 €

 Sarrerak erosi

IZAROk martxoaren 21ean aurkeztuko du Kursaalen bere hirugarren album-a

Gaurkotasuna / 25 urria, 2019

Bere debut album nabarmenaren (Om, 2016) eta ospetsu bihurtu zuen bigarren diskoaren ondoren (Eason, 2018), kantautore bizkaitarrak 2020ko urtarrilaren 31ean estreinatuko du bere lan berria, “Limones en invierno” izenekoa.

Euskal artista gazte batek sekula ez du lortu hain denbora laburrean “sarrerak agortuta” kartela zintzilikatzea Euskal Herriko musika-tenplu nagusienetan. Artista gazte batek sekula ez du lortu halakorik, kontzeptuari eta estiloari dagokionez hain proposamen zabala den batekin, horrenbesteko emozio eta gustuarekin; bere sormenari inolako aurreritzi edo mugarik jarri gabe. Ingelesa, euskara eta gaztelania erabiliz; pop-a, folk-a, mediterraneoaren itzala edo melodia urratu eta geldoa enplegatuz; bere kontzertuetan hiru belaunaldi ezberdinetako ikus-entzuleak biltzea lortuz….

Orain, “Limones en invierno” lanarekin, kolore, usain, tenperatura eta kontraste kitzikagarriak agintzen dizkigu Izarok. Disko berriak egun eguzkitsuak argitzen dituzten argi zitrikoak jasotzen ditu, baina baita neguko errekak estaltzen dituzten behe-lainoak ere. Eta ez dizuegu ezer gehiago kontatuko…

“Limones en invierno”, 2020ko urtarrilaren 31ean, Ciudad de Mexicon aurkeztuko da eta jarraian Latinoamerika eta Espainian barna bira luzea egingo da. Aipatu birak 2020ko martxoaren 21ean egingo du Kursaalen geldialdia.

Kontzertu honetarako sarrerek prezio bakarra dute, 25 €, eta bihar hasita eskuratu ahal izango dira (ostirala, urriak 25, 11:30etatik aurrera), www.kursaal.eus orria bitarteko (baimendutako online salmenta kanal bakarra) edota Kursaaleko leihatilara hurbilduta.

IZARO: “Limones en invierno”
Martxoak 21, larunbata / 20:00
Kursaal Auditorioa
25 €

 

Gaur egun Kursaal jauregia dagoen oruberako aurkeztutako proiektu ugarien errepasoa egiten du Solar K erakusketak

Gaurkotasuna / 24 urria, 2019

 Rafael Moneoren eraikina inauguratu zenetik 20 urte betetzen direla ospatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakasle eta ikasleek erakusketa bat antolatu dute gaur egun jauregia dagoen oruberako aurkeztutako proiektu guztiekin.

 Denboraren joanean, 1964tik 1989ra bitartean, hiru lehiaketa antolatu ziren, eta arkitektura-talde ugarik 135 proposamen aurkeztu zituzten guztira.

 Gaur egungo Kursaalak sekulako kalapita piztu zuen gure artean, “Belle Époque betikoaren irudi izoztua defendatzen zutenen eta Donostia kultur hiri moderno bihurtu nahi zutenen artean”.

Donostiako Kursaalak ateak ireki zituela 20 urte betetzen ditu aurten. Rafael Moneoren proiektua Gipuzkoako hiriburuaren ikonoetako bat da gaur egun, baina eztabaidaz eta istiluz jositako bide luze bezain malkartsua egin behar izan zuen denek onar zezaten. Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle- eta ikasle-talde batek 25 urte iraun zuen prozesu haren errepasoa egin nahi izan dute, urteen joanean antolatutako hiru lehiaketetara aurkeztu ziren 135 proiektuak gogora ekarriz.

MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak prestatutako programazioaren barruan ikusi ahal izango da erakusketa, eta urriaren 23tik abenduaren 8ra bitartean egongo da zabalik, Kursaal jauregiko hallean. Erakusketa 11.00etatik 14.00etara egongo da zabalik, ostiraletik igandera bitartean (urriak 15 izan ezik), bai eta denbora-tarte horretan ekitaldiren bat antolatzen duten guztietan ere.

Antolatzaileen esanetan, “erakusketa ez da kontakizun historiografiko bat (…), gertaturikoari buruzko datuz eta azalpenez josia”; aitzitik, “toki horretan zer eraiki erabakitzeko zenbait arkitekto-taldek denboraren joanean aurkezturiko proposamen onenen ibilbide bisual eta neutroa egitea da asmoa”. Ikerketa-lana Mario Sangalli doktore, arkitekto, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Peña Ganchegui Artxiboko kideak zuzendu du. Ikerketa-taldea, berriz, honako ikertzaile hauek osatu dute: Felipe Aurtenetxe, Ana Azpiri, Diego Rodríguez eta Iñigo Viar ikertzaileek, eta Paúl Campo, Ander Guerra, Adrián López eta Laila Medina ikasleek.

Erakusketan, jakina, Rafael Moneok sortu eta orain 20 urte inauguratutako Kursaal jauregiaren proiektua ikusi ahal izango da, bai eta 20 maketa ere, 1/500 eskalan, ordena kronologikoan jarriak, lekuz kanpo, inolako testuingururik eta zirkunstantziarik gabe. Garbi, zuri, abstraktu. Arazo berberari emandako soluzio formalen sekuentzia modura aurkezten dira maketak. Sekuentzia itxiz, orubea bete zuen aurreneko eraikina erakusten da.

Erakusketan, ospe handiko arkitektoen proiektuak ikus daitezke: 1996an Pritzker saria jaso zuen Moneoren proposamenaz gain, hortxe daude, gure gozamenerako, Mario Botta, Norman Foster, Arata Isozaki, Juan Navarro Baldeweg eta Luis Peña Ganchegui, José Antonio eta Mateor Corralesek osatutako taldeak hirugarren lehiaketan (egin zen azkenekoan, alegia) aurkeztu zituzten proiektuak.

Aurreneko lehiaketa, sasoi hartan EuroKursaal deitzen ziotena nori esleitu erabakitzeko antolatua, 1964. eta 1965. urteetan egin zen, eta orduko proiektuak ere ikusgai daude erakusketan: luxuzko hotelak, etxebizitzak, zinema-aretoak, estalitako igerilekuak, bainu-etxeak, bulegoak, jatetxeak, patinaje-pistak, galeria komertzialak… Jan Lubicz-Nycz britainiarrak, Carlo Pelliccia italiarrak eta William Zuk iparramerikarrak osatutako taldeak irabazi zuen aurreneko lehiaketa hura. Oro har, “sasoi hartako potentzia espresionista itzela” igartzen zaie proposamen guztiei.

Bigarren lehiaketa, Kursaal Handia egiteko lanak nori esleitu erabakitzeko antolatua, 1972tik 1975era bitartean egin zen, eta garai hartan aurkeztutako proiektuen artean ere, tartean ziren luxuzko hotelak, etxebizitzak, garajeak, kongresu-aretoak, igerilekuak, gimnasioak, bulegoak eta jatetxeak. José Antonio Corrales eta Ramón Vázquez Molezún arkitektoek irabazi zuten lehiaketa, Francisco Javier Sáenz de Oiza handiari gailenduta. Bigarren lehiaketa hartan, proposamenak “hiritarragoak” izan ziren, ete denek ere “hiri-zabalgune bateko lursail bat nola bete erabakitzeko zenbait eredu” proposatzen zituzten.

Azkeneko lehiaketa 1989koa dugu, eta erakusketaren antolatzaileen arabera, orduko hartan Moneorena izan zen “lekuaren azterketa egokiena” proposatzen zuen proiektua. Haien esanetan, Moneoren proposamenean, batetik, eraikina “itsasoa aurrez aurre duen ikono autonomoa da”, baina horrekin batera, bestetik, “bertute handi bat ere badu: hiria zerbitzatzea, hiriari behar zituen hornikuntzak eskaintzea”.

Rafael Moneo eta Iñaki Gabilondo aurrez aurre

Hurrengo azaroaren 28an, arratsaldeko 18.00etan, Rafael Moneo arkitektoa eta Iñaki Gabilondo kazetaria elkarrekin solasean jarriko ditugu Kursaaleko Ganbera Aretoan, eta besteak beste, Kursaalak hiriko ekonomiari nola eragin dion eta ingurua nola eta zenbateraino aldatu duen hartuko dute hizpide, eta horrez gainera, eraikinaren bilakabideaz eta premia eta teknologia berrietara egokitu den moduaz ere arituko dira solasean.

Solasaldira joateko izena eman nahi duenak, urriaren 24tik aurrera izango du horretarako aukera Kursaalaren web-orrian. Ganbera Aretoko besaulki-patioa betetzen baldin bada, gonbidapena dutenek aldamenean dagoen aretoan bertan ikusi ahal izango dute topaketa streaming bidez.

Enpleguaren Nazioarteko II. Kongresuaren eta Merkalan Enplegurako eta Heziketarako I. Azoka inauguratua

Gaurkotasuna / 21 urria, 2019

    • Beatriz Artolazabal: “prestakuntza handiagoa izatea eta hizkuntzak ezagutzea gure gazteen enplegagarritasunerako aukerarik onenak dira”
    • Eneko Goia alkatearekin eta Markel Olano Diputatu Nagusiarekin batera, Enpleguaren Nazioarteko II. Kongresuaren eta Merkalan Enplegurako eta Heziketarako I. Azokaren irekiera-ekitaldian parte hartu du
    • Gaur eta bihar, Donostia-San Sebastiángo Kursaal Biltzar jauregian
    • Bavariako eta Trentoko enplegu-ereduen analisia

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “gazteentzat prestakuntza handiagoa izatea eta hizkuntzak ezagutzea enplegagarritasunerako aukerarik onenak dira”. Eneko Goia alkatearekin eta Markel Olano Diputatu Nagusiarekin batera, Artolazabalek Enpleguaren Nazioarteko II. Kongresuaren eta Merkalan Enplegurako eta Heziketarako I. Azokaren irekiera-ekitaldian parte hartu du. Jardunaldia gaur eta bihar izango da, Donostia-San Sebastiángo Kursaal Biltzar jauregian.

“Gure programa bat dator Europar Batasunak ezarritako orientabideekin, eta gure lan-oinarria honako hau da: zenbat eta prestakuntza gehiago, orduan eta enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa. “Kalitateko enpleguarekin konprometituta” da nazioarteko bigarren kongresu honen eta Merkalan azokaren inguruan batzen gaituena; azken hori Lanbideren, enpresen eta beren lana hobetu nahi duten pertsonen artean kontratazioak, aholkularitza eta hurbiltasuna dinamizatzeko gure ekimen berria da”, esan du Artolazabalek.

Artolazabal sailburuak esan duenaren arabera: “Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak ahaleginak batu ditugu, ekimen hau batera aurkezteko; horretarako, Europako beste leku batzuetan garatutako jardunbide egokiak ezagutuko ditugu. Batzuek adierazitako gehiegizko trebakuntza eta besteek antzemandako eskulan gaiturik eza direla eta, gure analisiek erakusten dute gazteentzat prestakuntza handiagoa izatea eta hizkuntzak ezagutzea enplegagarritasunerako aukerarik onenak direla”.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, “Euskadi erreferentzia da Europan eta mundu osoan prestakuntza dualean, ikaskuntza eta lan-esperientzia bateratzen dituen Lanbide Heziketan”. Bere ustez, “Euskadiko esperientziak erakusten du ongi planifikatuta, lan-merkatuaren benetako premietara bideratuta eta Administrazioaren, enpresen eta erakunde akademikoen arteko elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta dagoen ekintza instituzionala dela belaunaldi berriak lan-merkatuan sartzeari buruzko indizeak igotzeko errezeta”.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak aipatu du “maila guztietan eta erabakigarritasun osoz kalitatezko enplegua sustatzen jarraitu” behar dela, “nazioartean ekonomiaren egoera zalantzazkoa den honetan”.

Alde horretatik, Olanok Administrazioaren eta enpresen arteko lankidetzaren emaitza den Merkalan azokak eta antzeko ekimenek egiten duten ekarpena baloratu du. “Gipuzkoan pertsona guztiek euren bizi-proiektua eraiki ahal izatea nahi dugu, Gipuzkoa etorkizuneko lurraldea izatea nahi dugu. Horretarako, funtsezkoa da denon artean kalitatezko enplegu-aukerak sortzen laguntzea, batez ere gazteentzat”, adierazi du diputatu nagusiak, eta gogoratu du Foru Aldundia “kalitatezko enplegua eta etorkizuneko industria-sektoreak” sustatzera bideratutako beste plan bat lantzen ari dela.

Talentua

“Ezegonkortasun-egoeraren aurrean, kalitateko enpleguak alde guztientzat dira onuragarriak azkenean, eta, haien bidez, gure historiako prestakuntza-maila handiena duten gure gazteen belaunaldien talentuari eustea lortzen da. Kongresuko bi jardunaldi horien bidez, beste errealitate batzuekin erkatu ahalko gara”.

Topaketan parte hartuko duten aditu guztiei ongi etorria eman ondoren, Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “Merkalanen lehen azoka harreman-zubi bat da, eta 700 lanpostu baino gehiago eskaintzen ditu; horrela, Lanbide –  Euskal Enplegu Zerbitzuaren bilakaeraren sintoma bilakatzen da, zeina modernizatzen ari baita, enplegagarritasunaren eragile sustatzaile gisa, eta antzinako langabezia-bulegoen sinonimo izateari utzi baitio”.

“Lanbide gero eta eskuragarriagoa da, eta herritarrengandik hurbilago dago, arreta integrala eta pertsonalizatua emateko. Krisialdiaren eta haren langabeziaren ondoren, legegintzaldi honen helburu garrantzitsuena, Eusko Jaurlaritzarentzat eta euskal gizarte osoarentzat, langabezia-tasa % 10etik behera jaistea izan da, eta hori, dagoeneko, lortu egin da. Hori bai, nazioarteko zalantzazko egoera dela eta, erne gaude”, esan du Beatriz Artolazabalek. Sailburuak berretsi egin du “pertsona guztientzako eta, bereziki, gure gazteentzako kalitateko enpleguarekin” duen konpromisoa.

Enpleguaren II. Nazioarteko Kongresua eta 2019ko “Merkalan” Enplegurako eta Heziketarako I. Azoka Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu ditu. “’Merkalan’ azokak enplegu-eskatzaileei 70 enpresa parte-hartzailek eskaintzen dituzten sektore eta trebakuntza guztietako 700 lanpostu baino gehiago erakutsiko dizkie”.

Jardunaldietan, honako hauek izango dira: Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia eta Amaia Arteaga, Marta Etxebarria, Ion Uriarte eta Nestor Arana arloko zuzendariak.

Programa

Franck Morel Gizarte Harremanetarako, Lanerako, Enplegurako eta Lanbide Heziketarako Frantziako lehen ministroaren kontseilariak inaugurazio-hitzaldia eman du:Frantziak kalitateko enpleguarekin duen konpromisoa”. “Kalitateko enplegua sortzeko erronkak eta aukera globalak” aztertu dituzte Jamie Winders Syracuseko Unibertsitateko Autonomous Systems Policy Institute-ko zuzendariak, Christopher Markou Cambridgeko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatekoak eta Albert Cañigueral Ouishareren sortzaileetako batek.

Europar Batasunaren kalitateko enpleguaren estrategia” aztertu du Loukas Stemitsiotis Europako Batzordeko Enpleguko, Gizarte Gaietako eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiko Analisi Tematikoen zuzendariak. Maurizio Bussi LANEko Europako eta Asiako Erdialdeko Eskualdeko zuzendari ondokoak “Kalitateko enpleguaren estrategia globala”z hitz egingo du gaur, eta Alexander Hijzen ELGAko Enplegu Estrategiaren zuzendariak “ELGAren kalitateko enpleguaren estrategia” azalduko du. Gaur arratsaldean, bertaratzen direnek “Tknika” Euskadiko LHko Ikerketako eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa bisitatuko dute, Errenterian.

Asteartea

Bihar, asteartean, hilaren 22an, Markus Zorzi Bavariako Gobernuko Familiako, Enpleguko eta Gizarte Gaietako Ministerioaren Plangintzako, Estrategiako, Gai Juridikoetako eta Komunikazioko zuzendari nagusiak “Bavariako kalitateko enpleguaren estrategia” azalduko du. Laura Pedron Trentoko Probintzia Autonomoko Enplegu Agentziako zuzendari nagusiak bere kalitate-estrategia azalduko du eta Gary Shaughnessy Z  Zurich Foundation-eko presidentea “Zerbitzuen sektorean kalitateko-enplegua sortzea”z mintzatuko da.

Enpresaren eredu inklusibo eta parte-hartzailea azalduko dute Deb Oxley Employee Ownership Associationeko CEOak eta Juan Manuel Sinde Arizmendiarrieta fundazioko presidenteak. Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak itxiko du Kongresua.

Lanbidek, Kursaal Jauregian, Merkalan enplegurako eta heziketarako azokaren lehen edizioa antolatuko du, kontratatzeko beharrak dituzten enpresen eta aktiboki enplegua bilatzen ari diren pertsonen arteko harremana sustatu eta bideratzeko. Esparrua 1.000 metro koadrotik gorakoa izango da, eta, haren diseinuan eta edukietan, Lanbideren zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen behar bereziak izan dira kontuan.

Azokako espazioen banaketa ohiko lan-ibilbide gisa antolatu da: standek arlo tematikoak eta Lanbideren bulego-sareak herritarren esku enplegagarritasuna hobetzeko erabakiak hartzen laguntzeko jartzen dituen banako baliabide guztiak erakutsiko dituzte (enplegu-eskari baten alta, lan-orientazioa, prestakuntza, profesionaltasun-egiaztagiriak, enpresentzako zerbitzuak, ekintzailetza etab.).

“ASKE!”, Jaso ikastolaren zazpigarren musikalak Kursaalen eskainiko du bira amaierako emanaldia

Gaurkotasuna / 18 urria, 2019

Ikastolako ikasleek sortua, familia osoarentzako den ikuskizun honek aniztasun sexuala du gai nagusitzat.

 “Aske!” euskarazko musikala Kursaalera iritsiko da datorren larunbatean, urriak 19an. Aniztasun sexualaren trataera gai nagusitzat hartuta, Jaso Ikastolak proposatzen duen endredo komedia da hau. Istorioak, pertsonaiek eta haien inguruak bizi duten bidai psikologikoan zehar eramango gaitu; norberaren identitate eta onarpen prozesuaren bidaian, hain zuzen ere.

Onarpen eta aniztasun sexualaren mezua zabaltzeko asmoarekin sortutako musikal honek, gazte desberdinen istorioa kontatzen digu. Izan ere, protagonisten hitzetan “pertsonai bakoitzak badu bere barne istorioa eta beraien eboluzioa ikusiko da”. Beldurrei aurre egitea izango da haien erronka nagusietako bat, eta, batez ere, haien ingurukoek bizi duten itsutasuna argitzea; hauek, itsutasuna sistema patriarkalaren ondarea den legez, ez baitira gazte hauek bizi dituzten barne borrokak onartzeko gai.

Kantuak, dantzak, akrobaziek eta efektu bereziek bat egingo dute ordu bete eta 25 minutuko iraupena duen ikuskizun honetan. “Aske!” Jaso Ikastolako ikasleek prestatu eta egin duten zazpigarren sorkuntza da; Imanol Janices, Irantzu Zabalza eta Nerea Martínez irakasleak izan dituzte langintza horretan zuzendari eta gidari.

50 ikasleek osatzen dute lan taldea eta beraiek dira sorkuntza lanaz gain eszenaratzeko lan guztiak egiteaz ere arduratzen direnak. Gidoiaren sorkuntza, koreografien sorkuntza, argien diseinua, soinuaren diseinua, eszenografiaren sorkuntza, jantzien diseinua, muntaia… Gauzak honela, diziplina, lan taldea, motibazioa eta batez ere, lagunartekoa, lantzen dute. Ikasleek beraiek azaldu dutenez, “elkarlana eta beste kurtsoko ikasleekin harremantzea izan da hoberena”. Ideia honen harira, Imanol Janices zuzendariak honela dio: “musikalak ikastolako giroa hobetu du, izan ere, musikalean parte hartzen duten gazteek lotura bihurtzen dira. Dena den,  musikalaren helburua nagusia euskara sustatzea da eta euskara gazteei modu moderno batean hurbiltzeko moduak badaudela erakutsi nahi dugu”.

Kursaaleko ikuskizuna birako azkena izango da eta honen aurrean sentimendu kontrajarriak dituzte gure protagonistek: “gogo handiz datoz Kursaalera, baina pena handiz ere azken saioa delako”. Dena den, hasiak dira zortzigarren musikalaren prestaketa lanetan.

ASKE! MUSIKALA
Urriak 19 larunbata / 18:00
7 € / 3 € (<12 urte)
Euskaraz (6 urtetik aurrera)

 Sarrera erosi

Vetusta Morla

Vetusta Morla taldeak data berria gehitu dio Kursaalera egingo duen bisitaldiari

Gaurkotasuna / 4 urria, 2019

Estatuko indie musikaren ikonoa den Vetusta Morla taldeak bi kontzertu eskainiko ditu Kursaal Eszenaren denboraldi berrian, euren estudioko bosgarren lana, “Mismo sitio, distinto lugar” izenekoa, aurkezteko helburuz.

Hasiera batean iragarritako datari, azaroak 2, hitzordu berri bat erantsi zaio orain, hain zuzen ere egun bat lehenago: azaroak 1, ostirala, 20:00.

Bi kontzertu hauetarako sarrerek prezio bakarra dute, 45 €, eta bi eratara eskura daitezke: www.kursaal.eus orria bitarteko (baimendutako online salmenta kanal bakarra) edota Kursaaleko leihatilara hurbilduta.

Madrilgo taldearen bosgarren diskoa, “Mismo sitio, distinto lugar”, hamar abestik osatzen dute eta kantu hauek taldearen birsortze eskuliburutzat har daitezke; zintzotasun ukaezinaren ezaugarria bere horretan mantenduz, Vetusta Morlak errealitatea musikaren bidez interpretatzeko duen beharretik sortzen den gidaliburutzat hain zuzen.

VETUSTA MORLA
Azaroak 1, ostirala / 20:00 (data berria)
Azaroak 2, larunbata / 20:00
Kursaal Auditorioa
45 €