menu

Arkitekturako bi Pritzker saridun egongo dira MUGAK Bienalean: Rafael Moneo eta Álvaro Siza

Gaurkotasuna / 30 abuztua, 2019

 Arkitekto nafarra azaroaren 28an egongo da gurean, Kursaal jauregia inauguratu zenetik 20 urte bete direla ospatzeko, eta solasean arituko da Iñaki Gabilondo kazetariarekin. Hori gutxi ez, eta erakusketa bat ere inauguratuko da Moneoren eraikinean, Arkitektura Eskolak antolatua, gaur egun Moneoren beirazko bi prismak dauden orubean, Solar K delakoan, zer eraiki erabakitzeko 25 urtez eginiko proposamenak erakusten dituena.

Álvaro Siza arkitekto portugaldarra urriaren 31an San Telmo Museora etorriko da, Peña Ganchegui Artxiboaren eskutik, eta Carles Muro arkitektoarekin elizen diseinuan egin duen ibilbide oparoaz hitz egingo du.

Urriaren 10etik abenduaren 12ra bitartean, MUGAK-ek ehunetik gora jarduera antolatu ditu. Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere hainbat ekitaldi izango dira.

 MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak luxuzko bi gonbidatu izango ditu aurtengo udazkenean: Rafael Moneo eta Álvaro Siza, Europako arkitekto aintzatetsienetako bi.

Hurrengo azaroaren 28an, aurten Kursaal jauregia inauguratu zenetik 20 urte betetzen direla ospatzeko, Rafael Moneo arkitektoa eta Iñaki Gabilondo kazetaria elkarrekin solasean jarriko ditugu Kursaaleko Ganbera Aretoan. Kursaal jauregia Moneoren lanik entzutetsuenetako bat da, eta hari buruz hitz egingo dute arkitekto nafarrak eta kazetari donostiarrak; besteak beste, Kursaalak hiriko ekonomiari nola eragin dion eta inguruan zer-nolako eragina izan duen hartuko dute hizpide, eta horrez gainera, eraikinaren bilakabideaz, hiriez, herritar izateaz eta bizitzaz ere arituko dira solasean. Izena eman nahi duenak, azaroan bertan izango du horretarako aukera, Kursaalaren web-orrian.

Arkitekto nafarrari 1996an eman zioten Pritzker saria, eta bera izan zen sari hori jaso zuen aurreneko arkitekto espainiarra. Moneok Madrileko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (ETSAM) ikasi zuen, Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoarekin hainbat proiektutan lan egin ondoren. 60ko hamarkadan, Danimarkan jardun zuen lanean Sydney Opera House famatuaren egile Jørn Utzon arkitektoaren estudioan. Irakasle ere aritu da Moneo, Princeton, Harvard eta izen handiko beste unibertsitate batzuetan. Jaso dituen sari ugarien artean, ezin aipatu gabe utzi Arteen Asturiasko Printzea saria eta arkitekturako Mies van der Rohe saria, Donostiako Kursaal jauregiagatik eman ziotena. Azaroan itzuliko da Moneo hain arrasto sakona utzi duen hirira, Donostiara (Kursaal jauregiaz gain, hortxe daude Urumea eraikina, Iesu eliza eta Donostiako Elizbarrutiko museoa, denak ere Moneok eginak).

Kursaal jauregiko solasaldia gutxi ez, eta erakusketa bat ere inauguratuko da Moneoren eraikinean, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Ekolako irakasle- eta ikasle-talde baten ikerketa-lan batean oinarrituta. Erakusketan, gaur egun Kursaal jauregia dagon orubean, Solar K delakoan, Moneok hura proiektatu eta eraiki aurreko 25 urteetan zer eraiki erabakitzeko antolaturiko lehiaketetan aurkezturiko proposamen onenen ibilbide bisual aparta egiten da.

Siza eta hiru elizak

1992ko Pritzker saridun Álvaro Siza urriaren 31n etorriko da Donostiara, Três Igrejas topaketan parte hartuko du. Topaketa Peña Gantxegi Artxiboak antolatu du MUGAK-en bidez, eta horretan, laguntzaile izan du Eusko Jaurlaritza.

Arkitekto portugaldarrak Milango Unibertsitate Politeknikoko irakasle eta Portoko Serralves Museoko komisario Carles Muro izango du solaskide. MUGAK-eko egoitzetako bat den San Telmo Museoan egingo den topaketan, arkitektura erlijiosoaz duen ikuspegia azaldu eta berak diseinaturiko hiru eliza aurkeztuko dizkigu Sizak: elizetako bat Frantzian dago, Rennes-en, eta beste biak Portugalen, Marco de Canaveses-en eta Barão de São João-n.

Álvaro Sizak arkitektura-lan ospetsu asko ditu eginak; besteak beste: Boa Nova jatetxea eta Leça de Palmeira-ko igerilekuak, biak Matosinhos-en; Schlesisches tor etxebizitzak, Berlinen, eta Portoko Arkitektura Fakultatea. 1988ko sute ospetsuaren ondoren, Lisboako hirigune historikoa berreraikitzeko lanetan parte hartu zuen. Urte horretan bertan, arkitekturako lehen Mies van der Rohe saria eman zioten Vila do Conde-ko Borges Bankuaren eraikinagatik (1982-1986). 1993an, Portugalgo Arkitektoen Elkarteak ematen duen Arkitektura Sari Nazionala jaso zuen, eta Honoris Causa doktore izendatu zuten Lausanako Unibertsitatean (Suitza). Gainera, berak diseinatua da Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon duen Bizkaia Aretoa.

 Ehunetik gora jarduera

MUGAK-eko programazio ofiziala urriaren 10ean hasiko da. Egun horretan, euskal arkitekto gazteentzako 2019ko Peña Gantxegi sariak banatuko dira. Aurtengo edizioan, 2017koan bezala, ehunetik gora jarduera antolatu dira: hitzaldi, erakusketa, lantegi, mahai-inguru, mintegi…

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatzen du MUGAK, eta laguntzaile modura, hainbat administrazio publiko, kultur entitate eta arkitekturaren alorreko zenbait elkarte daude tartean; besteak beste, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa eta San Telmo Museoa.

Aurten, Santa Teresa komentuan dagoen Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI) izango da Bienaleko egoitza nagusia, baina beste zenbait tokitan ere jarduera ugari antolatu dira, bai Donostian, bai Bilbon eta bai Gasteizen. Urriaren 21etik 27ra artekoa izango da Bienalaren aste nagusia; proposamen gehienak aste horretan landuko dira.