menu

Usandizagaren “Mendi-Mendiyan” altxor lirikoa dakar Calixto Bieitok Donostiara, Kursaal Eszenaren denboraldi honetan izango den ekoizpen esanguratsuena

Gaurkotasuna / 27 ekaina, 2019

Jose Maria Usandizaga konpositore donostiarraren “Mendi-Mendiyan” euskal opera ekainaren 29an eszenaratuko da Kursaalen, Kursaal Eszenaren denboraldi honetako ekoizpen esanguratsuena. Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu ondoren helduko da Donostiara, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean. Erik Nielsen arituko da musika zuzendari lanetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin.

“Mendi-Mendiyan” opera ‘Euskal Pizkundea’ deritzan garaian idatzi zuen Usandizagak. Euskal kultura bultzatzeko ahalegina egin zen garai hartan, eta ahalegin horren ondorio izan zen opera hau: Bilboko Koral Elkarteak enkargatu zion Usandizagari, eta Bilbon bertan egin zen haren aurkezpena, 1910eko maiatzaren 21ean. Konpositoreak idatzitako lehen opera izan zen eta bat-bateko ospea ekarri zion donostiarrari.

Agerikoa du obrak euskal musika tradizionalaren eragina: garaiko verismoa eta nazionalismo musikala dario. Jose Power-ek idatzi zuen jatorrizko libretoa eta José Artola poeta donostiarrak ekarri eta moldatu zuen euskarara. Aizkorriko artzain batzuen arteko istorioa kontatzen du “Mendi-Mendiyan” operak. Andrea Joshe Marirekin maiteminduta dago. Hori ikusita, Gaizto jelostu egingo da, hark ere Andrea gorteiatu nahi duelako. Egoera honek tragedia bat eragingo du.

Amaiera hunkigarri eta tristea du hiru zatitan banatutako trama linealak. Erromeriaren eszenan, obrako ospetsuenetariko bat, euskal dantzen, festen eta ohituren erakustaldi handia egiten da. Musika Hamabostaldian hainbat alditan interpretatu da zati hori. Obran abesten den “Ave María”-k ere sustrai sendoak ditu Donostian: urtero interpretatzen da, Ama Birjinaren egunaren bezperan (abuztuak 14), Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikan egiten den Salbean.

Ausrine Stundyte arituko da Andreari ahotsa jartzen, Txikiren ahotsa Olatz Saituak egingo du, Mikeldi Atxalandabasok Joshe Marirena eta Christopher Robertsonek Juan Cruz-ena.

“MENDI-MENDIYAN”, USANDIZAGA
Larunbata, ekainak 29 / 20:00
70 / 56 / 45 / 36 / 11 €
Sarrerak erosi