menu

Beirut

Beirut taldeak Donostian egingo du geldialdia, disko berriarekin egiten ari den biran, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko

Gaurkotasuna / 28 ekaina, 2019

Beirut talde estatubatuarra, datorren asteartean, uztailak 2, Kursaalen izango da, Gallipoli disko berria aurkezten, kontzerturako sarrerak dagoeneko agortuta daudelarik, Zach Condon musikariaren taldea azken diskoko folk amerikarretik urrundu da, berriz ere taldearen aurreko lanetako kantu eklektikoen ildora itzulita: munduko txoko ezberdinetako doinuak bildu ditu beste behin, haizezko instrumentuekin, perkusioarekin edota organo elektronikoarekin.

Haurra zela bere eskolako jazz taldean tronpeta jotzen zuen Condonek, eta Mexiko Berrian bizi zenez, musika mexikarra eta pop estatubatuarra gertutik ezagutu zituen. Nerabezaroan nazioarteko pelikulak proiektatzen zituen zinema areto batean egin zuen lan: bertan Fellini eta haren filmeetako musika ezagutu zuen. Lehen kontratu diskografikoa soilik 19 urte zituela sinatu zuen, eta, berehala, ospea hartu eta nazioarteko birak egiten hasi zen. Bere lehen diskoan musika balkanikoaren eragina azaldu zuen; bigarrenean, berriz, Jacques Brel eta Serge Gainsbourgen kantu frantsesak izan zituen eredu. Mexikoko hileta banda batekin grabatzeko aukera izan zuen jarraian, baita Marokon kantuak idaztekoa ere. Esan beharrik ez da, Zach Condon eta, hortaz, Beiruten ibilbidean ezinbestekoak izan direla bidaiak eta munduko txoko ezberdinetako soinu eta melodiak: “Izatez, musika munduan zehar bidaiatzeko aitzakia perfektua da” dio konpositoreak. Hain zuzen, euren jatorriko folk amerikarra baliatu zuten No No No diskoa da, kritikari dagokionez, erantzun epelena jaso zuena.

Italian grabatu dute azkena, Gallipoli, lehenagoko kantu haietako eklektizismora itzulita. Gallipoli irla-gotortuan prozesio bat ikusi ondoren idatzi zuen Zach Condonek diskoari izena ematen dion kantua: “Emaitza zoragarria iruditu zitzaidan. Nire disko zaharren eta berrien nahasketa katartiko hark musika erraietako esperientzia gisa bizitzera eraman ninduen berriz, zoriontasun zahar hartara”.

BEIRUT
Asteartea, uztailak 02 / 20:00
20 €
Sarrerak agortuta