menu

Ludovico Einaudik Kursaalen eskainiko du “Seven Days Walking” birako lehen kontzertua Estatuan

Gaurkotasuna / 29 maiatza, 2019

Kontzertua azaroaren 4an izango da eta sarrerak maiatzaren 30ean jarriko dira salgai

Ludovico Einaudi pianista italiarrak “Seven Days Walking” bere azken proiektua aurkeztuko du datorren azaroaren 4an Donostian, Kursaal Eszenako udazkeneko programazioaren barruan. Joan den martxoan ekin zion Einaudik zazpi grabazioz osatutako “Seven Days Walking” proiektuari: “Day 1” argiratu ondoren, hilabetero disko bat kaleratzen joango da egitasmoa osatu arte. Proiektu horren emaitza aurkeztuko du konpositore italiarrak Donostian. Munduko biraren barruan Espainiako estatuan emango duen lehen kontzertua izango da Einaudik Kursaalen eskainiko duena. Sarrerak maiatzaren 30ean jarriko dira salgai.

Ibilbide luzea eta emankorra darama Einaudik. “Seven Days Walking” proiektua osatzen duten lanen aurretik, beste 13 disko eman zituen argitara eta, zalantzarik gabe, konpositore garaikideen artean ezagunenetakoa izatera iritis da. Horren lekuko, streaming kopururik handiena duen musika klasikoko artista da gaur egun eta 2015ean kaleratutako “Elements” diskoari esker azken 20 urteotan britaniar zerrenda ofizialean Top-15 delakoan sartzea lortu duen musika klasikoko lehen konpositorea dugu Einaudi.

Turinen jaioa, Ludovico Einaudik konposizio eta piano ikasketak egin zituen Milanen eta XX. mendeko avant-garde mugimenduko konpositore handienetakoa izan zen Luciano Berioren ikaslea izan zen. Musika klasikoan ospea eta arrakasta lortu ondoren, bere bide propioa jarraitzea erabaki zuen Einaudik eta afrikar musika, folka eta rockarekin esperimentatzen hasi zen. 1988an kaleratu zuen lehenbiziko diskoa, “Time Out” eta haren ondotik etorri dira, besteak beste, “Salgari” (1995), “Eden Roc” (1999), “Una Mattina” (2004) edota “Nightbook” (2009).

Einaudiren sentsibilitate handiko musika intimoak mundu zabalean jarraitzaileak ditu eta zinemarako egin duen musikak ere zerikusia du horretan. Besteak beste, ondoko filmei jarri die musika konpositore italiarrak: “This is England 86” (BAFTA sarietarako izendapena lortu zuena), “I am still here”, “Intocable” edo “Mommy”. 2016. urtean Greenpeace erakundearekin kolaboratu zuen aldaketa klimatikoaren arriskuez kontzientziazioa pizteko helburuarekin eta Ozeano Artikoaren erdian, ur gaineko plataforma batean jo zuen Ludovico Einaudik orduan. Orain, “Seven Days Walking” proiektuarekin etorriko da Donostiara.

LUDOVICO EINAUDI
Azaroak 4, astelehena / 20:00
50 €