menu

Akademie für Alte Musik Berlin

Urpean murgilduko da Kursaal Haendelen “Uretako musika”-rekin, Akademie für Alte Musik Berlin ganbera-taldearen kontzertuan

Gaurkotasuna / 24 maiatza, 2019

Urarekin lotutako hiru naziotako lau obra eskainiko ditu Akademie für Alte Musik Berlin ganbera-taldeak, maiatzaren 25ean, Kusaalen. Errepertorio barrokoko pieza ezagunenetarikoa den Haendel-en “Uretako Musika” izango da protagonista.

Akademie für Alte Musik Berlin antzinako instrumentuak darabiltzan munduko ganbera-orkestra garrantzitsuenetarikoa da. Georg Kallweit zuzendari eta kontzertinoarekin etorriko da Donostiara, Haendel, Marais, Telemann eta Delalanderen obrak biltzen dituen errepertorioarekin.

Musika barrokoaren gailurrera heldu zen Georg Friedrich Haendel konpositoreak Ingalaterrako George I Erresuma Batukoarekin adiskidetzeko idatzi zuen “Uretako musika”. Hanoverko printze-hauteslearen kapera-maisua zen Haendel, eta hark Londresera joateko baimena eman zion konpositoreari. Haren operek arrakasta handia lortu zuten Erresuma Batuko hiriburuan eta, horregatik, bere itzulera atzeratu egin zuen musikariak. Ustekabeko aldaketa batzuk tarteko, Hanoverko printze-hauteslea Erresuma Batuko errege bilakatu zen, Georg I.a Erresuma Batukoa. Koroatu berria Londresera joan zenean, oraindik ere haserre zegoen Haendelekin.

Georgek Kielmansegg baroia eraman zuen berarekin Hanoverretik Londresera. Erregeak uretako festa bat antolatzeko asmoa zeukan, Tamesis ibaia zeharkatuko zuen gabarra batean. Baroiak Haendelekin ezkutuan hitz egin zuen, festarako musika konposatu zezan. Georgeri zoragarria iruditu zitzaion musika, eta Haendelek konposatua zela jakin zuenean, harekin bakeak egin zituen.

“Uretako musika” hiru suitek osatzen dute: lehena ibaian behera joandakoan jotzeko, bigarrena afarirako eta hirugarrena itzulerako bidaiarako. Uretan jotzeko zatiak adar eta tronpetekin konposatu zituen musikari alemaniarrak, instrumentuon hots ozenak uretan ondo entzun zitezen (erregeak eta haren gonbidatuek gabarra batean egin zuten bidaia, eta musikariek beste batean).  Bigarren suitea, aldiz, intimoagoa da, afarian jotzeko pentsatua, ontziak ainguratuta zeudenean jotzeko pentsatua.

AKADEMIE FÜR ALTE MUSIK BERLIN: “URETAKO MUSIKA”
Larunbata, maiatzak 25 / 20:00
40 / 32 / 26 / 21 / 11 €
Sarrerak erosi

  Jaitsi esku programa