menu

Concertgebouw Chamber Orchestra

Concertgebouw Chamber Orchestrak programa originala eskainiko du Kursaal Eszenan

Gaurkotasuna / 5 apirila, 2019

Apirilaren 7an, 19:00etan, Amsterdamgo Concertgebouw Chamber Orchestra, Royal Concertgebouw Orchestra ospetsuko ganbera taldea, Donostian izango da, Van Bree, Dvorák, Webern eta Mozarten obraz osatutako programa eskaitzen, Michael Waterman zuzendari eta kontzertinoaren gidaritzapean, eta Ben Kim pianistarekin.

Concertgebouw Chamber Orchestra mundu osoan aritua da, nazioarteko bakarlari eta zuzendari gonbidatu entzutetsuekin. Egungo zuzendaria Michael Waterman da, 2012az geroztik: Royal Concertgebow Orchestrako kide den Waterman familiako bosgarren biolinista da, bere aitona, osaba, ama eta aitaren ondoren. Ben Kim pianista gazte estatubatuarrak botere, zehaztasun eta sentimendu hunkigarriz jotzen du partitura. Hainbat sari eskuratu ditu, baita kritikaren laudorioak ere.

Johannes Bernardus van Bree-ren “Lau hari laukoterentzako allegroa” artisau-lan goren baten erakustaldia baino askoz gehiago da. Gaitasun liriko eta melodiko handia du; egiaz da lan erromantikoa. Lau laukoteak erabat orekatuta daude bata bestearekiko, autonomoak izanda ere, batak bestea osatzen baitute, erabat.

Antonin Dvorákek 1875. urtean konposatu zuen bere “Harietarako Serenata Mi maiorren, Op. 22”, bi asteko epean. Musikari txekiarraren orkestra-lan ospetsuenetakoa da.

“12. Piano Kontzertua La maiorren KV 414” Mozartek 1783ko garizumako kontzertuetan intepretatu zituen pianorako hiru kontzertuetatik lehenengoa da. Garaiko musika mota eta forma guztiak darabiltza; estilo kosmopolita du eta adierazkortasun alemaniarra, grazia italiarra eta dotorezia frantsesa biltzen ditu.

“Langsamer Satz” (“Mugimendu geldoa”) Austria Beherean zehar egindako ibilaldi batean konposatu zuen Anton Webernek. Bere emaztea izango zen Wilhelmine Mörtl lehengusinarekin egin zuen bidaia. Horregatik, amodiozko musika da hau, tonala, baina kromatikoa.

CONCERTGEBOUW CHAMBER ORCHESTRA
Igandea, apirilak 07 / 19:00
42 / 34 / 27 / 22 / 11 €

Sarrerak erosi