menu

Ainhoa Arteta eta “Madame Butterfly” opera, 80. Musika Hamabostaldiaren izarrak

Gaurkotasuna / 16 apirila, 2019

Abuztuaren 1etik 31ra izango den 80. Musika Hamabostaldian Ainhoa Arteta, “Madame Butterfly” operan, izarra izango da. Gainera, Lucia Lacarra eta Ballet Flamenco de Andalucía konpainiaren eskutik dantzaz gozatzeko aukera ere eskainiko da eta San Telmo Museoak jaialdiaren ibilbidea bere hasieratik gaur egun arte gogoratuko du erakusketa baten bitartez.

80.Musika Hamabostaldiak 90 proposamenetik gora eskainiko ditu 10 ziklotan bananduta eta nagusiki Donostian gauzatuko diren arren, proposamen hauetako batzuk Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herritan ere gozatu ahal izango dituzte entzuleek.

 Mahler Chamber Orchestrak emango die hasiera Kursaal Auditorioko kontzertu sinfonikoei (abuztuak 1), Jacob Hrusa zuzendari txekiarraren batutapean. Bambergeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra izendatu dute berriki. Inaugurazio kontzertuan, Seong-Jin Cho pianista gaztea arituko da, 2015eko Chopin Piano Lehiaketako irabazlea. Claudio Abbadok sortu zuen ganbera orkestrak Donostiako Orfeoia izango du lagun bere bigarren emanaldian (abuztuak 2), Dvoraken “Te Deum” eta Schumannen “2. sinfonia” barne hartzen dituen programarekin.

2012ko Hamabostaldian parte hartu ondoren, Orchestre de Paris programa bikoitzarekin itzuliko da, Daniel Harding zuzendari titularraren gidaritzapean. Emanaldietatik lehena (abuztuak 20) izaera programatikoko kontzertua izango da. Berliozen “Harold Italian” joko dute, konpositorearen 150. heriotza urteurrenean, Lord Byronen poema batean inspiratutako obra. Beethovenen “Pastorala” ere interpretatuko dute, naturaren inguruko programa osatuz. Bigarren saioan dimentsio handiko kontzertua eskainiko dute (abuztuak 21): hiru bakarlari, Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txikia, orkestra osoa eta ganbera orkestra bat arituko dira elkarrekin. Brittenen “Gerrako Requiema” interpretatuko dute, XX. mendeko obra gorenetariko bat. Autoreak gerran zehar suntsitutako Coventryko katedrala berriz kontsakratzeko konposatu zuen requiema. Haren estreinaldirako bi Mundu Gerretan parte hartu zuten hiru herrialdetako bakarlariak elkartzen saiatu zen: Alemania, Britainia Handia eta SESB, azkenean helburu hori erdietsi ez bazuen ere.

Bartoken “Bizar Urdinen gaztelua” operaren kontzertu bertsioa izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (abuztuak 24), Rovert Treviño titularraren batutapean, eta Andra Mari Abesbatzak eskainiko duten kontzertuko pieza nagusia. Opera honek gizakiaren alderik makurrena arakatzen du, baina, era berean, XX. mendeko opera bikainenetarikoa da. Programa Sorozabalen gaztaroko obra batek eta Ravelen pieza batek osatuko dute.

Deutsche Kammerphilharmonie Bremen orkestrak (abuztuak 27)  molde erromantikoa duten orkestretan azken urteotan ezohiko bihurtu den errepertorioa ekarriko du. Ganbera taldeak Bachen biolinerako kontzertuak interpretatuko ditu, konpositore honen obrak hainbat alditan grabatu dituen Hillary Hann birtuosoarekin.

Abuztuaren 30 eta 31n, London Philarmonic Orchestrak piano ziklo nabarmenena interpretatuko du, Beethoven, Juanjo Menaren zuzendaritzapean eta Javier Perianes pianistarekin. Zuzendariak eta bakarlariak Europako hainbat hiritan eskaini dituzte kontzertuok, eta urteak dira biek harreman artistiko emankorra dutela.

Bere opera hitzorduari leial, 80. Musika Hamabostaldiak Pucciniren “Madame Butterfly” programatu du abuztuaren 13 eta 15erako, obra liriko eszenaratuenetariko bat. Palau de les Arts de Valenciaren ekoizpenean, 40. hamarkadan girotuta dago istorioa, Bigarren Mundu Gerraren erdian. Ainhoa Arteta sopranoak protagonistari ahotsa emango dio (Cio-Cio San); Bartzelonako Liceu antzokian interpretatu berri du papera. Ondoko izenek interpretatuko dituzte gainerako pertsonaiak: Marcelo Puente (Pinkerton), Gabriel Bermúdez (Sharpless), Cristina Faus (Suzuki), Paco Vas (Goro), Isaac Galán (Príncipe Yamadori). Easo Ahots Mistoen Abesbatza ere arituko da, besteak beste. Giuseppe Finzik Euskadiko Orkestra Sinfonikoa gidatuko du.

Azkenik, Víctor Ullate Ballet Kursaal Auditorioko dantza hitzordu tradizionalaz arduratuko da. “Antígona” (abuztuak 17 eta 18) da haien produkzio berria eta Lucía Lacarrak interpretatuko du paper nagusia, Víctor Ullatek berak sortutako koreografia batekin. Donostiara heldu baino aste batzuk lehenago estreinatuko dute ikuskizuna. Gainera, Víctor Ullate konpainiako zuzendari artistiko izendatu berri dute Lacarra.

 Zikloen egitarau zehatza eta dagoeneko lotuta dauden 80. Musika Hamabostaldiko atalak ondoko estekan kontsultatu daitezke:

www.quincenamusical.eus

Abonuen eta sarreren salmenta

Datorren ostegunean, apirilak 25, bukatuko da epea Hamabostaldiko Lagunek abonuak eta sarrerak eskatzeko.

Sarreren salmenta orokorra ekainaren 4an jarriko da abian, www.quincenamusical.eus webgunearen bidez eta Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.