menu

Ainhoa Arteta eta “Madame Butterfly” opera, 80. Musika Hamabostaldiaren izarrak

Gaurkotasuna / 16 apirila, 2019

Abuztuaren 1etik 31ra izango den 80. Musika Hamabostaldian Ainhoa Arteta, “Madame Butterfly” operan, izarra izango da. Gainera, Lucia Lacarra eta Ballet Flamenco de Andalucía konpainiaren eskutik dantzaz gozatzeko aukera ere eskainiko da eta San Telmo Museoak jaialdiaren ibilbidea bere hasieratik gaur egun arte gogoratuko du erakusketa baten bitartez.

80.Musika Hamabostaldiak 90 proposamenetik gora eskainiko ditu 10 ziklotan bananduta eta nagusiki Donostian gauzatuko diren arren, proposamen hauetako batzuk Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herritan ere gozatu ahal izango dituzte entzuleek.

 Mahler Chamber Orchestrak emango die hasiera Kursaal Auditorioko kontzertu sinfonikoei (abuztuak 1), Jacob Hrusa zuzendari txekiarraren batutapean. Bambergeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra izendatu dute berriki. Inaugurazio kontzertuan, Seong-Jin Cho pianista gaztea arituko da, 2015eko Chopin Piano Lehiaketako irabazlea. Claudio Abbadok sortu zuen ganbera orkestrak Donostiako Orfeoia izango du lagun bere bigarren emanaldian (abuztuak 2), Dvoraken “Te Deum” eta Schumannen “2. sinfonia” barne hartzen dituen programarekin.

2012ko Hamabostaldian parte hartu ondoren, Orchestre de Paris programa bikoitzarekin itzuliko da, Daniel Harding zuzendari titularraren gidaritzapean. Emanaldietatik lehena (abuztuak 20) izaera programatikoko kontzertua izango da. Berliozen “Harold Italian” joko dute, konpositorearen 150. heriotza urteurrenean, Lord Byronen poema batean inspiratutako obra. Beethovenen “Pastorala” ere interpretatuko dute, naturaren inguruko programa osatuz. Bigarren saioan dimentsio handiko kontzertua eskainiko dute (abuztuak 21): hiru bakarlari, Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txikia, orkestra osoa eta ganbera orkestra bat arituko dira elkarrekin. Brittenen “Gerrako Requiema” interpretatuko dute, XX. mendeko obra gorenetariko bat. Autoreak gerran zehar suntsitutako Coventryko katedrala berriz kontsakratzeko konposatu zuen requiema. Haren estreinaldirako bi Mundu Gerretan parte hartu zuten hiru herrialdetako bakarlariak elkartzen saiatu zen: Alemania, Britainia Handia eta SESB, azkenean helburu hori erdietsi ez bazuen ere.

Bartoken “Bizar Urdinen gaztelua” operaren kontzertu bertsioa izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (abuztuak 24), Rovert Treviño titularraren batutapean, eta Andra Mari Abesbatzak eskainiko duten kontzertuko pieza nagusia. Opera honek gizakiaren alderik makurrena arakatzen du, baina, era berean, XX. mendeko opera bikainenetarikoa da. Programa Sorozabalen gaztaroko obra batek eta Ravelen pieza batek osatuko dute.

Deutsche Kammerphilharmonie Bremen orkestrak (abuztuak 27)  molde erromantikoa duten orkestretan azken urteotan ezohiko bihurtu den errepertorioa ekarriko du. Ganbera taldeak Bachen biolinerako kontzertuak interpretatuko ditu, konpositore honen obrak hainbat alditan grabatu dituen Hillary Hann birtuosoarekin.

Abuztuaren 30 eta 31n, London Philarmonic Orchestrak piano ziklo nabarmenena interpretatuko du, Beethoven, Juanjo Menaren zuzendaritzapean eta Javier Perianes pianistarekin. Zuzendariak eta bakarlariak Europako hainbat hiritan eskaini dituzte kontzertuok, eta urteak dira biek harreman artistiko emankorra dutela.

Bere opera hitzorduari leial, 80. Musika Hamabostaldiak Pucciniren “Madame Butterfly” programatu du abuztuaren 13 eta 15erako, obra liriko eszenaratuenetariko bat. Palau de les Arts de Valenciaren ekoizpenean, 40. hamarkadan girotuta dago istorioa, Bigarren Mundu Gerraren erdian. Ainhoa Arteta sopranoak protagonistari ahotsa emango dio (Cio-Cio San); Bartzelonako Liceu antzokian interpretatu berri du papera. Ondoko izenek interpretatuko dituzte gainerako pertsonaiak: Marcelo Puente (Pinkerton), Gabriel Bermúdez (Sharpless), Cristina Faus (Suzuki), Paco Vas (Goro), Isaac Galán (Príncipe Yamadori). Easo Ahots Mistoen Abesbatza ere arituko da, besteak beste. Giuseppe Finzik Euskadiko Orkestra Sinfonikoa gidatuko du.

Azkenik, Víctor Ullate Ballet Kursaal Auditorioko dantza hitzordu tradizionalaz arduratuko da. “Antígona” (abuztuak 17 eta 18) da haien produkzio berria eta Lucía Lacarrak interpretatuko du paper nagusia, Víctor Ullatek berak sortutako koreografia batekin. Donostiara heldu baino aste batzuk lehenago estreinatuko dute ikuskizuna. Gainera, Víctor Ullate konpainiako zuzendari artistiko izendatu berri dute Lacarra.

 Zikloen egitarau zehatza eta dagoeneko lotuta dauden 80. Musika Hamabostaldiko atalak ondoko estekan kontsultatu daitezke:

www.quincenamusical.eus

Abonuen eta sarreren salmenta

Datorren ostegunean, apirilak 25, bukatuko da epea Hamabostaldiko Lagunek abonuak eta sarrerak eskatzeko.

Sarreren salmenta orokorra ekainaren 4an jarriko da abian, www.quincenamusical.eus webgunearen bidez eta Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.

 

Lucía Lacarra eta Iker Murillo Gure Ametsa Galaren zuzendariak eta protagonistak izango dira Kursaalen

Gaurkotasuna / 8 apirila, 2019

Lucia eta Ikerren arteko elkartze artistikoak, Vitali Safronkine koreografo errusiarrarekin batera, amets berri bat sortu du: Gure Ametsa Dantzaldia. Ikuskizuna Kursaal Auditorioan apirilaren 29an izango da, Dantzaren Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere.

Dantzaldiak bi orduko iraupena, bi zati eta hamaika pieza izango ditu. Milaneko Scala eta Víctor Ullate Ballet ospetsuetako dantzari nagusiekin batera, Lucia eta Ikerrek kalitatez eta berrikuntzaz betetako ekitaldi profesionala zuzenduko dute dantzazaleen gozamenerako.

Dantzatzea Lucia Lacarra eta Iker Murillo artista gipuzkoarrek errealitatea bihurtu zuten ametsa da. Lucia Lacarra (Nijinsky Saria, Benois de la Danse Saria –balletaren Oscarra-, eta Dantza Sari Nazionala) dantzaren arloan bikaintasuna lortzeko Zumaitik atera zen, Hamarkadako Dantzariaren izendapena lortuz. Iker Murillok, bere aldetik, Pasaiatik irten eta Europako konpainia garrantzitsuetan lehen mailako dantzaria izatearen ametsa gauzatu zuen, Gipuzkoako errebelazio sariaren errekonozimendua lortuz.

Gure Ametsa Dantzaldirako sarrerak antzokiko lehiatilan salgai daude eta baita www.kursaal.eus webgunean ere. Sarreren salneurria 15-39 € bitartekoa da.

Ekitaldia: Gure Ametsa Dantzaldia.
Zuzendari artistikoak: Lucia Lacarra eta Iker Murillo.
Koreografoa: Vitali Safronkine.
Dantzariak: Lucia Lacarra, Iker Murillo eta Vitali Safronkine (Nazioarteko Dantzari Nagusiak)/ Vittoria Valerio
(Milaneko Teatro alla Scala Dantzari Bakarlaria) eta Claudio Coviello (Milaneko Teatro alla Scala Dantzari Nagusia)/
Josué Ullate, Elena Diéguez, Cristian Oliveri eta Óscar Comesaña (Víctor Ullate Balleta).

Programa:
1. Zatia: Reminiscence, Festival de las flores en Genzano, The Crossing, Continuo, Quiebro, Sola.
2. Zatia: Dans le même soufflé, Concerto, Giselle, Burka, Matching Thoughts.

Concertgebouw Chamber Orchestra

Concertgebouw Chamber Orchestrak programa originala eskainiko du Kursaal Eszenan

Gaurkotasuna / 5 apirila, 2019

Apirilaren 7an, 19:00etan, Amsterdamgo Concertgebouw Chamber Orchestra, Royal Concertgebouw Orchestra ospetsuko ganbera taldea, Donostian izango da, Van Bree, Dvorák, Webern eta Mozarten obraz osatutako programa eskaitzen, Michael Waterman zuzendari eta kontzertinoaren gidaritzapean, eta Ben Kim pianistarekin.

Concertgebouw Chamber Orchestra mundu osoan aritua da, nazioarteko bakarlari eta zuzendari gonbidatu entzutetsuekin. Egungo zuzendaria Michael Waterman da, 2012az geroztik: Royal Concertgebow Orchestrako kide den Waterman familiako bosgarren biolinista da, bere aitona, osaba, ama eta aitaren ondoren. Ben Kim pianista gazte estatubatuarrak botere, zehaztasun eta sentimendu hunkigarriz jotzen du partitura. Hainbat sari eskuratu ditu, baita kritikaren laudorioak ere.

Johannes Bernardus van Bree-ren “Lau hari laukoterentzako allegroa” artisau-lan goren baten erakustaldia baino askoz gehiago da. Gaitasun liriko eta melodiko handia du; egiaz da lan erromantikoa. Lau laukoteak erabat orekatuta daude bata bestearekiko, autonomoak izanda ere, batak bestea osatzen baitute, erabat.

Antonin Dvorákek 1875. urtean konposatu zuen bere “Harietarako Serenata Mi maiorren, Op. 22”, bi asteko epean. Musikari txekiarraren orkestra-lan ospetsuenetakoa da.

“12. Piano Kontzertua La maiorren KV 414” Mozartek 1783ko garizumako kontzertuetan intepretatu zituen pianorako hiru kontzertuetatik lehenengoa da. Garaiko musika mota eta forma guztiak darabiltza; estilo kosmopolita du eta adierazkortasun alemaniarra, grazia italiarra eta dotorezia frantsesa biltzen ditu.

“Langsamer Satz” (“Mugimendu geldoa”) Austria Beherean zehar egindako ibilaldi batean konposatu zuen Anton Webernek. Bere emaztea izango zen Wilhelmine Mörtl lehengusinarekin egin zuen bidaia. Horregatik, amodiozko musika da hau, tonala, baina kromatikoa.

CONCERTGEBOUW CHAMBER ORCHESTRA
Igandea, apirilak 07 / 19:00
42 / 34 / 27 / 22 / 11 €

Sarrerak erosi

China agentziak Adolfo Domínguezentzat egindako «Sé más viejo» kanpainak eraman du 2019ko Sormenaren Sari Nazional Nagusia

Gaurkotasuna / 1 apirila, 2019

Aurten ere, ideia berritzaileak eta diseinu bitxiak ekarri dituzten 1.200 sortzaile baino gehiago izan dira Kursaal biltzar-jauregian

China agentziak Adolfo Domínguezentzat egindako «Sé más viejo» kanpainak eraman du Sormenaren Sari Nazionalen XX. edizioko Sari Nagusia. Sari horiek martxoaren 30ean, larunbata, banatu ziren Kursaalen, c de c 2019 Espainiako sormenaren lehiaketari amaiera emateko.

Club de Creativos (c de c) elkarteak antolatu du c de c 2019, Facebook-ekin batera, eta martxoaren 28an, 29an eta 30ean egin da Kursaalen, Donostia Turismoa & Convention Bureau-ren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Lehiaketako epaimahaia marketinaren eta komunikazio komertzialaren industriako 24 profesionalek osatu dute (gehienak sortzaileak). Sari Nagusia eraman duen kanpainan, Adolfo Domínguezek egile-modako enpresa dela erreibindikatzen du, eta iraunkortasuna eta estiloa defendatzen, fast fashion deiturikoaren gainetik.

Sari Nagusiaz gain, epaimahaiak urrezko 11 sari, zilarrezko 25 eta brontzezko 37 eman ditu guztira.

Halaber, 247 pieza hautatu dira c de c elkarteak udazkenean argitaratuko duen XX Anuario de la Creatividad urtekarian agertzeko.

Gala

Irabazle gertatutako piezak Kursaaleko auditorioan Publizitateko Sormenaren Sari Nazionalak banatzeko egin zen galan ezagutarazi ziren, David Broncano komiko eta aurkezlearen eskutik. 2019ko Ohorezko c de c saria ere eman zen, eta, aurten, Toni Segarrarentzat izan da, azken hamarkadetako sortzaile bikainenetako bat eta Espainiako publizitate-kulturaren eta gizartearen iruditeria kolektiboaren parte bihurtu diren kanpaina ugariren arduraduna; besteak beste, hauena: «Me gusta conducir» (BMW), «Redecora tu vida» (Ikea) eta «A qué huelen las nubes» (Evax).

Era berean, Talentu Gazteari dagokion Juan Mariano Mancebo Sariaren irabazleak ere ezagutarazi ziren galan; aurten, Elenita Hernándezi eta Rodrigo D. Batistari eman zaie.