menu

Patricia Petibon

Patricia Petibon sopranoarekin arituko da La Cetra Barockorchester Basel Kursaal Eszenan

Gaurkotasuna / 25 otsaila, 2019

La Cetra Barockorchester Basel eta Patricia Petibon sopranoak, datorren asteartean, otsailak 26, Mundu Zaharrean eta Berrian zehar bidaia zirraragarria gidatuko dute, Kursaal Eszenan eskainiko duten emanaldian.

2010ean izan zen azkenengoz Donostian Patricia Petibon, Kursaal Eszenan bertan. Haren hitzetan, musika norbere baitako txokorik sakonenean sortzen den bizitzeko modua da; horregatik egiten du musika soprano frantziarrak. Erabateko lasaitasunarekin gauzatzen ditu staccato zailenak, eta bere ahotsaren ñabardura kolorista guztiak baliatzeko gai da, melodiak hala eskatzen duenean. Testuarekin ere egiten du bat, garaipena, beldurra, amodioa eta operak berezko dituen emozio guztiak agertokira ekarriz. Garaiko sopranorik onenek soilik dute Petibonek azaltzen duen moldakortasuna. Bere musika barroko frantseseko errepertorioagatik eta errepertorio modernoagatik da ezagun.

La Cetra Barockorchester Basel lagunduko du oraingoan: iraganeko musika egungo entzuleengana dakar Suitzako orkestrak;  interpretazio historikoan aditua da. Entzuleek eta kritikariek txalotu dute nazioarteko jaialdietan, Europako areto garrantzitsuenetan eta grabatu dituen produkzio diskografikoetan.

Astearteko saioan, Mundu Zaharra melodia barroko eta herrikoi frantsesek ordezkatuko dute (Rameau, Charpentier), baita ingeles (Purcell, Handel) eta espainiarrek ere; Berria, aldiz, Petibonek ahanzturatik berreskuratu dituen harribitxiek hezurmamitzen dute, Latinoamerikako kantu herrikoiek, hain zuzen. La Cetrak eta Petibonek askotariko gaiak hari berari lotu eta emaitza bakar zoragarria lortzen dute: agerian uzten dute garai hartako konpositore europarrek ezagutu berri zuten kontinente exotikoarekiko zuten lilura. Horri Patricia Petibonen ukitua gehitu behar zaio, zeinak astinaldi gogor bat eman dion errepertorio barrokoari.

LA CETRA BAROCKORCHESTER BASEL & PATRICIA PETIBON
Asteartea, otsailak 26 / 20:00
42 / 34 / 27 / 22 / 11 €
Sarrerak erosi

PDF  Jaitsi eskuko programa