menu

Opus Liricaren “Txirula Magikoa” operak inauguratuko du Kursaal Eszenako denboraldi berria

Gaurkotasuna / 19 otsaila, 2019

 

  • “Txirula Magiko txikia” ere eskainiko da, gazteentzako piano bertsio laburtua

 

Mozarten “Txirula Magikoa” bi bider eskainiko du Kursaalen Opus Liricak, ostiral eta larunbat honetan, otsailaren 22 eta 23an, hurrenez hurren. Donostiako konpainiak musikaren historiako opera entzutetsuenetakoa den obra magikoa interpretatuko du. Horrez gain, otsailaren 24an obraren hirugarren emanaldi bat ere izango da: “Txirula Magiko txikia”  gazteentzako piano bertsio laburtua.

 

Mozartek 35 urte zituen “Txirula Magikoa” idatzi zuenean. Bere arteak garatua zuen heldutasuna dagoeneko eta bere obretako asko ezagunak ziren entzuleen artean. Ordea, arazo ekonomiko larriak izateaz gain, bere osasuna eta, batez ere, Contanze bere emaztearena ez zegoen egoera onean: emazteak asteak zeramatzan Baden hiriko errehabilitazio-etxe termal batean sartuta. Gainera, enkargu berri bat jasotzeko itxaropena galdua zuen Mozartek.

 

Enkargu ofizialik jasotzen ez zuenez, lagunentzat konposatzen zuen, batzuetan musutruk. Bere lagun Emanuel Schikander Vienako aldirietako antzoki baten zuzendaria zen, poeta, aktorea… Obra magiko bat eskatu zion Mozarti, zaintzen ari zen lagunari. Garai hartan modan zeuden Vienan horrelako piezak, liluragarri eta komikoak, baina Mozart haratago joan zen. Ongia gailendu zuen gaizkiaren aldean, zati batzuetan apaizek osatutako koru serioek masoien batzarrak zekartzaten gogora, eta garairako eszenaratze ezohikoa proposatu zuen. Pentsamendu humanista utzi zuen agerian opera honekin. Horretxegatik, garaiko hiritar arrunten artean ez zuen arrakastarik izan, denborarekin harrera erraldoia jaso bazuen ere.

 

Sarastro gaiztoak Pamina bahitu du, gauaren erreginaren alaba.Tamino printzeak askatu egin behar du, baina ez da lan erraza izango. Papageno eta haren txirula magikoa izango ditu lagun zeregin horretan: txirula horrekin animaliak otzanduko dituzte Sarastroren gaztelurako bidean. Sarastroren ustez, ordea, maltzurra da gauaren erregina. Horregatik bahitu du Pamina. Azkenean, Tamino eta Pamina, elkarrekin egongo dira eta Papagenok ere maitasuna topatuko du. Gauaren erreginak ordea, ez du patu onik izango.

 

“TXIRULA MAGIKOA”, MOZART
Ostirala, otsailak 22 / 20:00
Larunbata, otsailak 23 / 19:00
70 / 55 / 35 / 25 / 11 €

 

“TXIRULA MAGIKO TXIKIA”, MOZART
Igandea, otsailak 24 / 17:00
25 € / 15 € (12-18 urte) / 8 € (<12 urte)

Sarrerak erosi