menu

Kursaalen 2018ko balantzea: lehenengo 20 urteetako ekitaldi onena

Gaurkotasuna / 8 otsaila, 2019

Markak hautsi ditu negozio-bolumenari eta emaitzei dagokienez, % 15 eta % 28 hazi baitira, hurrenez hurren

Biltzar-jauregiaren iazko jarduerak 48 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Gipuzkoan, jarduera-maila bikaina izan baita. Horri esker, nabarmen igo da berriro maila, eta markak haustea lortu 4,1 milioiko negozio-bolumenarekin (2017an baino % 15 handiagoa), 311 ekitaldi antolatu ondoren.

Horrez gain, beste marka bat hautsi du eragiketen altxortegiko superabitari dagokionez, 1,2 milioi eurokoa izan baita; hau da, halaber bikaina izan zen aurreko ekitaldikoa baino % 28 handiagoa. Bestalde, azken datuak aztertuz gero, azken bosturtekoan % 51 egin dute gora salmentek, eta zortzikoiztu egin dira emaitzak.

2018ko balantze bikaina jardueraren funtsezko segmentuek gorakada handiak izan dituztelako gertatu da. Batetik, kulturaren arloan, kontzertu asko eskaini dira (152), eta fakturazioa oso handia izan da, 2017koa baino % 12 handiagoa, nahiz eta 2017koak ere marka historikoak hautsi zituen. Bestetik, 2018 urte onenetako bat izan da biltzarrei dagokienez, % 26 egin baitute gora iazko ekitaldikoekin alderatuta. Gainera, biltzarrek, oro har, mundu osoko jendea erakarri dute, haien % 46 nazioartekoa izan baita. Azkenik, oso positiboa den beste hirugarren datu batek ere ekarri du balantza arrakastatsu hori; hain zuzen ere, ekitaldiei lotutako zerbitzuen komertzializazioak (ikus-entzunezkoak, argiztapena, komunikazioak, teknikariak) izan duen gorakada handia (hots, % 32koa).

Bestalde, emaitzen balantze bikain horri biltzar-jauregiarentzat estrategikoa den elementu bat gehitzen zaio: bezeroen gogobetetze-maila handia, galdeketetan antolatzaileek eta erabiltzaileek batez beste 8,6 puntu eman baitizkiote Kursaali.

Aurreko ekitaldietan bezala, Kursaalek inbertsio-ahalegin handia egiten jarraitu nahi du; bide horretatik, 7,6 milioi metatu ditu, eta % 70 finantzatzea lortu superabitekin. Horren haritik, adibide gisa, 2018an Zurriola areto berria zabaldu da. Areto argitsu eta pribilegiatu bat da, ezin hobea bilera txikiak egiteko; 40 lagunentzako tokia du, terrazara irteteko aukera, eta ibaira eta hirira ematen du.
Hau da, metatutako emaitza onak ikusita, ez da beharrezkoa Kursaal sozietatea osatzen duten bi erakundeek (Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia) ekarpen ekonomiko publikorik egitea gastu arruntari aurre egin ahal izateko. Are gehiago, emaitza horiek aukera ematen dute egindako inbertsio garrantzitsuen % 70 sozietateak sortzen dituen baliabideekin ordaintzeko.

10 gipuzkoarretik zortzi izan dira Kursaalen

Donostian eta Gipuzkoan 48 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Kursaalen jarduerak. Horrek garbi uzten du Kursaalen irudia ona dela, eta herritarrek ere hala ikusten dute, haien partaidetzak gora egin duelako eta nabarmen handitu delako gipuzkoarrek Kursaalen jarduerari ematen dioten balorazioa (Ikerfel galdeketa-enpresak egindako azken inkestaren arabera, 4,3koa 5etik). 2018an egindako ikerketa demoskopikoaren arabera, 10 gipuzkoarretik zortzi izan dira Kursaaleko ekitaldiren batean (aurreko datua lautik hirukoa izan zen).

2018: urte onenetako bat biltzarrei dagokienez

Azken ekitaldian jarduera-datuak bikainak izan direla ikusita, biltzarren sektorea datu horien erantzule nagusietako bat da. Eta iazko biltzar garrantzitsuenetako batzuk Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) Kontseilu Exekutiboaren 108. bilera eta Europako Parlamentuko ALDE taldearen bilera izan ziren. Bilera profesionalei dagokienez, hauek nabarmendu behar ditugu: 13th European Molecular Imaging Meeting, Kardiologia Pediatrikoko XII. Biltzarra, ICAE 2018, Graphene Week, Dermatologia Estetiko eta Terapeutikoko XXX. Biltzar Nazionala, Conference European Association for Terminology, 14th International High Speed Machining eta ESP Regional Conference.

Club de Creativos elkartearen topaketa eta Gastronomika biltzarra ere egin ziren; biek ala biek Kursaalen dute egoitza gaur egun.

Guztira 152 kontzertu, 20 urtean izan den kopuru handiena

Kultura-arloan, aipagarria da 2018an Kursaal Eszenak, Kursaalen beraren kultura-programazioak, % 7 handitu duela ikuskizunetara etortzen direnen batez besteko kopurua, eta, horrela, guztira, 30.450 pertsona erakarri ditu. Gainera, proiektu kulturala indartuko duen beste enpresa babesle bat sartu da: ArcelorMittal.

Guztira, 152 kontzertu antolatu ziren, haietatik 26 Kursaal Eszenak proposatutakoak; besteak beste, hauenak: Apocalyptica, Oreka TX, Silvia Pérez Cruz, Fleet Floxes, Luz Casal eta Benito Lertxundiren kontzertu bikoitza. Horrez gain, La Bohème opera ere antzeztu zuen Opus Lirica konpainiak. Musika klasikoko kontzertuen artean, hauek aipatu behar ditugu: Europako Ganbera Orkestra, Jordi Savall, Tonhalle (Zürich), Luxenburgoko Filarmonikoa, BBCren Orkestra Sinfonikoa, eta haurrentzako lau kontzertu.

Beren programazioa Kursaalen gauzatzen duten sustatzaile pribatuek kontzertu gogoangarriak ekarri zituzten; besteak beste, kantautore hauenak: Pablo López, Joan Manuel Serrat, Ismael Serrano, Manolo García eta Rozalén. Arrakasta handia izan zuten, halaber, Dirty Dancing musikalaren lau saioek, Texas-ek, Sergio Dalmak, Los Secretos-ek, Sara Barasek eta Forever King of Pop lanean Michael Jacksoni egindako omenaldiak. Bestalde, Goazen telesailaren ikuskizunak, «Donostia magiaz blai» ekitaldiak eta haurrentzako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun tradizionalak erabat bete zuten Kursaal familiez.

Eta, haiekin batera, ohiko beste batzuk ere izan dira; esaterako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiko emanaldiak, Musika Hamabostaldiko eta Heineken Jazzaldiko udako kontzertuak, eta Donostiako Zinemaldiko 100dik gorako zinema-proiekzioak.

Nazioarteko bost biltzar 2019rako

Kursaalen 2018rako aurreikuspenen arabera, 20 bat biltzar egingo dira; besteak beste, nazioarteko bost.

Lehenik eta behin, Turismo Gastronomikoaren V. Mundu Foroa / 5th UNWTO World Forum on Gastronomy Tourism nabarmendu behar da, baita «Change to Change» Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Batzarra ere. Nazioartekoak dira, halaber, Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarra, 19th International Conference on Integrated Care (ICIC) eta Gastronomika 2019, besteak beste.

Otsailean, 31. OPC Spain Biltzar Nazionala izango da, eta, urtean zehar, beste hauek: Club de Creativos elkartearen biltzarra (CdC-k beste hiru urtez Donostian eta Kursaalen geratzeko konpromisoa hartu du), Zainketa Intentsibo Pediatrikoen 34. Biltzar Nazionala, Hegaztizaintzako LVI. Sinposio Zientifikoa eta Anestesiako/Erreanimazioko eta Minaren Terapiako Erizainen Elkartearen 29. Biltzarra.

2019ko biltzar nagusiak

31. OPC Spain Biltzar Nazionala
«Change to Change» Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Batzarra
Club de Creativos 2019 – CdC
19th Int. Conference on Integrated Care (ICIC)
Turismo Gastronomikoaren V. Mundu Foroa / 5th UNWTO World Forum on Gastronomy Tourism
Zainketa Intentsibo Pediatrikoen Elkarte Nazionalaren 34. Biltzar Nazionala
Kimikako Espainiako Errege Elkartearen (RSEQ) XXXVII. Bilera (bi urtez behingoa)
LHko Nazioarteko Biltzarra
San Sebastián Gastronomika 2019
Hegaztizaintzako LVI. Sinposio Zientifikoa
Anestesiako/Erreanimazioko eta Minaren Terapiako Erizainen Elkartearen 29. Biltzarra – ASEEDAR TD 2019
Kalitate Asistentzialaren Espainiako Elkartearen (SECA) XXXVII. Biltzarra
Kalitate Asistentzialaren Euskadiko Elkartearen (AKEB Konekta) V. Jardunaldia

2019ko azoka nagusiak

AD Egido makinen azoka
Expofarma 2019
Nazioarteko III. Komiki eta Manga Jaialdia
Especializa-T 2019 azoka
San Sebastián Gastronomika 2019 azoka