menu

Martxoaren 6tik 8ra Kursaalen izango den Change to Change Nazioarteko Konferentziak ehunka jarduera eskainiko ditu publiko guztientzat Astekliman.

Gaurkotasuna / 25 otsaila, 2019

 Ekitaldi nagusia izango den Donostiako ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentziaz gain, arazo global horren inguruan sentsibilizatzeko jarduerak antolatuko dira Euskadiko 49 udalerritan.

 Programa zabalaren barruan, erakusketak, tailerrak, jardunaldiak, mikrotopaketak edo itsasontzi-irteerak izango ditugu martxoaren 1etik 10era bitarte.

 Klima-aldaketaren aurkako borroka herritar guztiei eskainitako erakusketa, tailer eta mikrotopaketa batzuetan gauzatuko da Euskadiko berrogeita bederatzi udalerri ingurutan. Ihobek (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, beste erakunde batzuekin batera (hala nola URA-Uraren Euskal Agentzia, Visesa, AZTI, Neiker, Tecnalia, Aclima klusterra, Itsas Mater Museoa, BC3, Iberdrola, Ecodes, Ekoetxea ingurumen-zentroen sarea, Kristina Enea Fundazioa eta UNESCO-Etxea) ia ehun ekimen antolatuko dituzte gizartea arazo global horren inguruan kontzientziatzeko. Jarduera horiek guztiak Asteklima izeneko Euskadiko Klima Aldaketaren lehen Astearen barruan egingo dira. Asteklima martxoaren 1etik 10era egingo da, eta Klima Aldaketari buruzko ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentzia izango da ekitaldi nagusia.

Donostian, martxoaren 6tik 8ra bitarte izango da hitzordua, eta berotze globalari lotutako urteko garrantzitsuenetako bat izango da. Nazioarteko lehen mailako hizlariek gogoeta egitera eta soluzioak bilatzera bultzatuko duten bitartean, Euskadiko 49 herri eta hiritan herritar guztientzako ia ehun jarduera egingo dira martxoaren 1etik 10era bitarte.

86 ekimen egingo dira guztira: 37 Araban, 26 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan. Gainera, ondorengo astean ere (martxoaren 11tik 17ra bitarte) beste 6 jarduera egingo dira, eta, beraz, guztira 92 ekimen egingo dira klima-aldaketaren aurka.

Ekintza horietan, ahalik eta jende gehien bildu eta inplikatu nahi da. Programaren zati handi bat hitzaldi, tailer eta jardunaldiekin osatuko da, baina herritarrei, gainera, zinema-saioak, lehiaketak, ipuin-kontalariak, erakusketak eta adin-tarte guztietarako beste jarduera batzuk eskainiko zaizkie.

Udalerriek bultzatutako jarduerez gain, industriak, zientziak eta kulturak ere zeregin garrantzitsua beteko dute lehen Astekliman. Jardunaldi eta topaketa horietan landuko diren ikuspegien artean, klima-aldaketak hainbat arlotan (osasuna, moda, big data, ura, enpresa-sektorea, diseinua, itsasertzaren gaineko inpaktua, eraikuntza jasangarria, nekazaritza-sektorea, giza eskubideak eta abar) izango duen eragina azpimarra daiteke.

Halaber, beste ekintza mota batzuk ere izango ditugu, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta Miramar Jauregian egingo den ‘Slow Fashion’ desfilea, erakusketak Donostiako Aquariumean, Alderdi Ederren eta Boulevardean, eta argazki-erakusketa bat Gasteizen, Gasteizko Argazkilarien Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak berak bultzatuta.

Jarduerarik erakargarrienetako bat Mater Itsas EkoMuseoan egingo da. Martxoko lehen bi asteburuetan, herritar guztientzako itsasontzi-irteerak egingo dira, Pasaiako portutik Jaizkibelgo itsaslabarretara. Irteera horietan, klima-aldaketak itsas ingurunean dituen ondorioak landuko dira dinamikoki (itsas mailaren igoera, espezieen desagerpena, aldaketa meteorologikoak eta abar). Eta hilaren 1etik 8ra bitarteko lanegunetan, bi eskola-tailer eskainiko dira egunero, klima-aldaketak itsas ingurunean duen inpaktua azaltzeko. Itsasontzi-irteerak zein tailerrak doakoak izango dira, baina erreserba egin beharko da aldez aurretik.

Euskadiko Klima Aldaketaren lehen Astearen helburua, nolanahi ere, herritarrak erronka global horri aurre egiteko konpromiso pertsonala hartzeko mobilizatzea da, ekintza oro, txikia izanik ere, baliagarria delako premisapean.

Jardueren garapenari buruzko informazio guztia asteklima.eus webgunean dago eskuragarri

 

Euskadi: hitzordua klima-aldaketarekin

Berotze globala planeta osoa eraginpean hartzen duen arazoa da, eta, 2019. urtean, arazo horri aurre egiteko moduari buruz eztabaidatzeko nazioarteko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat izango dugu Euskadin. ‘Change the Change’ (“aldaketa aldatu”, ingelesez) izeneko Nazioarteko Konferentziak arloko espezialistarik onenetako 50 bilduko ditu, eta 600 pertsona inguruk parte hartzea dago aurreikusita.

Konferentzia Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak antolatu dute, eta Ekitaldi Jasangarriaren Erronka Garbia ziurtagiria lortu du. Ziurtagiri horrek egiaztatzen du ekitaldiak ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak minimizatuz diseinatu, antolatu eta burutu direla.

Gainera, ondorio positibo bat utziko du ingurumenean. Izan ere, Konferentziara joateagatik eragindako emisioak konpentsatzeko aukera emango zaie joaten direnei, Donostian bertako zuhaitz-espezieekin egingo den basoberritze-proiektu baten bidez.

Patricia Petibon

Patricia Petibon sopranoarekin arituko da La Cetra Barockorchester Basel Kursaal Eszenan

Gaurkotasuna / 25 otsaila, 2019

La Cetra Barockorchester Basel eta Patricia Petibon sopranoak, datorren asteartean, otsailak 26, Mundu Zaharrean eta Berrian zehar bidaia zirraragarria gidatuko dute, Kursaal Eszenan eskainiko duten emanaldian.

2010ean izan zen azkenengoz Donostian Patricia Petibon, Kursaal Eszenan bertan. Haren hitzetan, musika norbere baitako txokorik sakonenean sortzen den bizitzeko modua da; horregatik egiten du musika soprano frantziarrak. Erabateko lasaitasunarekin gauzatzen ditu staccato zailenak, eta bere ahotsaren ñabardura kolorista guztiak baliatzeko gai da, melodiak hala eskatzen duenean. Testuarekin ere egiten du bat, garaipena, beldurra, amodioa eta operak berezko dituen emozio guztiak agertokira ekarriz. Garaiko sopranorik onenek soilik dute Petibonek azaltzen duen moldakortasuna. Bere musika barroko frantseseko errepertorioagatik eta errepertorio modernoagatik da ezagun.

La Cetra Barockorchester Basel lagunduko du oraingoan: iraganeko musika egungo entzuleengana dakar Suitzako orkestrak;  interpretazio historikoan aditua da. Entzuleek eta kritikariek txalotu dute nazioarteko jaialdietan, Europako areto garrantzitsuenetan eta grabatu dituen produkzio diskografikoetan.

Astearteko saioan, Mundu Zaharra melodia barroko eta herrikoi frantsesek ordezkatuko dute (Rameau, Charpentier), baita ingeles (Purcell, Handel) eta espainiarrek ere; Berria, aldiz, Petibonek ahanzturatik berreskuratu dituen harribitxiek hezurmamitzen dute, Latinoamerikako kantu herrikoiek, hain zuzen. La Cetrak eta Petibonek askotariko gaiak hari berari lotu eta emaitza bakar zoragarria lortzen dute: agerian uzten dute garai hartako konpositore europarrek ezagutu berri zuten kontinente exotikoarekiko zuten lilura. Horri Patricia Petibonen ukitua gehitu behar zaio, zeinak astinaldi gogor bat eman dion errepertorio barrokoari.

LA CETRA BAROCKORCHESTER BASEL & PATRICIA PETIBON
Asteartea, otsailak 26 / 20:00
42 / 34 / 27 / 22 / 11 €
Sarrerak erosi

PDF  Jaitsi eskuko programa

Isiltasunaren haitzuloa musika-ipuina eta Txirula Magiko Txikia izango dira Musika Familian ekimeneko kontzertuak

Gaurkotasuna / 22 otsaila, 2019

Otsailaren 23an eta 24an, hurrenez hurren, izango dira Kursaal Eszenan Musika Familian programazioko ikuskizunak. Larunbatean, otsailak 23, Isiltasunaren haitzuloa musika-ipuina aurkeztuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gela ekimenak. Igandean, otsailak 24, Opus Liricak Mozarten Txirula Magiko Txikia eszenaratuko du, opera ezagunaren piano bertsio laburtua.

Non hartzen du atseden musikak haren soinurik entzuten ez dugunean? Galdera horri erantzutea amets duen neskatila baten istorioa kontatzen du Isiltasunaren haitzuloa lanak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hari eta piano boskote bat eta Dantzertiko artista talde bat izango ditu lagun protagonistak.

Txirula Magiko Txikia, berriz, musikaren historiako opera entzutetsuenetako baten gazteentzako bertsioa da. Marc Sala tenorra, Ainhoa Garmendia sopranoa, Cesar San Martín baritonoa eta ADAO-DOZE abesbatza izango dira ikuskizunari ahotsa jarriko diotenak.

“ISILTASUNAREN HAITZULOA”
Larunbata, otsailak 23 / 18:00
7 € / 3 € (<12 urte) · 6-10 urte
Sarrerak erosi

“TXIRULA MAGIKO TXIKIA”, MOZART
Igandea, otsailak 24 / 17:00
25 € / 5 € (>12 eta 8 urte) / 8 € (<12 urte)
Sarrerak erosi

Opus Liricaren “Txirula Magikoa” operak inauguratuko du Kursaal Eszenako denboraldi berria

Gaurkotasuna / 19 otsaila, 2019

 

  • “Txirula Magiko txikia” ere eskainiko da, gazteentzako piano bertsio laburtua

 

Mozarten “Txirula Magikoa” bi bider eskainiko du Kursaalen Opus Liricak, ostiral eta larunbat honetan, otsailaren 22 eta 23an, hurrenez hurren. Donostiako konpainiak musikaren historiako opera entzutetsuenetakoa den obra magikoa interpretatuko du. Horrez gain, otsailaren 24an obraren hirugarren emanaldi bat ere izango da: “Txirula Magiko txikia”  gazteentzako piano bertsio laburtua.

 

Mozartek 35 urte zituen “Txirula Magikoa” idatzi zuenean. Bere arteak garatua zuen heldutasuna dagoeneko eta bere obretako asko ezagunak ziren entzuleen artean. Ordea, arazo ekonomiko larriak izateaz gain, bere osasuna eta, batez ere, Contanze bere emaztearena ez zegoen egoera onean: emazteak asteak zeramatzan Baden hiriko errehabilitazio-etxe termal batean sartuta. Gainera, enkargu berri bat jasotzeko itxaropena galdua zuen Mozartek.

 

Enkargu ofizialik jasotzen ez zuenez, lagunentzat konposatzen zuen, batzuetan musutruk. Bere lagun Emanuel Schikander Vienako aldirietako antzoki baten zuzendaria zen, poeta, aktorea… Obra magiko bat eskatu zion Mozarti, zaintzen ari zen lagunari. Garai hartan modan zeuden Vienan horrelako piezak, liluragarri eta komikoak, baina Mozart haratago joan zen. Ongia gailendu zuen gaizkiaren aldean, zati batzuetan apaizek osatutako koru serioek masoien batzarrak zekartzaten gogora, eta garairako eszenaratze ezohikoa proposatu zuen. Pentsamendu humanista utzi zuen agerian opera honekin. Horretxegatik, garaiko hiritar arrunten artean ez zuen arrakastarik izan, denborarekin harrera erraldoia jaso bazuen ere.

 

Sarastro gaiztoak Pamina bahitu du, gauaren erreginaren alaba.Tamino printzeak askatu egin behar du, baina ez da lan erraza izango. Papageno eta haren txirula magikoa izango ditu lagun zeregin horretan: txirula horrekin animaliak otzanduko dituzte Sarastroren gaztelurako bidean. Sarastroren ustez, ordea, maltzurra da gauaren erregina. Horregatik bahitu du Pamina. Azkenean, Tamino eta Pamina, elkarrekin egongo dira eta Papagenok ere maitasuna topatuko du. Gauaren erreginak ordea, ez du patu onik izango.

 

“TXIRULA MAGIKOA”, MOZART
Ostirala, otsailak 22 / 20:00
Larunbata, otsailak 23 / 19:00
70 / 55 / 35 / 25 / 11 €

 

“TXIRULA MAGIKO TXIKIA”, MOZART
Igandea, otsailak 24 / 17:00
25 € / 15 € (12-18 urte) / 8 € (<12 urte)

Sarrerak erosi

OPC Spainen 31. Biltzarra: Sektoreraren erronkak eta eragin ekonomikoa aztertuko dituzte zenbait profesionalek

Gaurkotasuna / 18 otsaila, 2019

Donostian egingo da aurtengo OPC Spain Biltzarra, urtero egin ohi dena, otsailaren 21ean eta 22an. Kursaal Jauregian izango da hitzordua, eta biltzar- eta ekitaldi-sektoreko enpresa nagusietako 300  bat profesional dira elkartzekoak.

OPCE – Euskadiko Biltzar eta Ekitaldi Antolatzaile Profesionalen Enpresa Elkarteak eta Espainiako Biltzar Antolatzaile Profesionalen Enpresa Federazioak antolatzen dute topaketa, eta erakunde publiko nagusien laguntza jasoko du. Han izango dira Donostiako udaleko lehen alkateorde eta Ekonomia Bultzatzeko, Enpleguko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gasco; Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendari Maite Cruzado; eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren barruan dagoen Basquetour turismo-agentziako zuzendari Harkaitz Millán.

Onofre Vicente, OPCE euskal elkartearen presidentea, ere izan da Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan, eta adierazi du aukera bikaina dela Biltzarra MICE deritzon sektoreko eragileen artean ezagutza trukatzeko eta harremanak estutzeko.

“Esperientzia, konpromisoa eta teknologia XXI. mendeko ekitaldietarako” du goiburua Biltzarrak, eta hau izango du aztergai nagusia: nola lagundu biltzar- eta ekitaldi-antolatzaile diren enpresa profesionalei berrikuntzarako bidea hartzen, ekitaldiei eta haiek egiten diren lurraldeei balio-ekarpena egin diezaioten.

Etorkizun oparoa du biltzar- eta ekitaldi-turismoak (ingelesez, MICE —Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions—), eta geroz eta garrantzi handiagoa du. Nazioarteko Biltzar eta Konbentzioen Elkartearen arabera (ICCA), nazioarteko biltzarren antolatzaileen zerrendan laugarren postuan dago Espainia, AEB, Alemania eta Erresuma Batuaren atzetik.

Eta Euskadin ere nabari da goranzko joera hori, Eusko Jaurlaritzaren Ibiltur MICE 2016-2017 azterketaren arabera. Beste zenbait daturen artean, hau ageri zaigu azterketa horretan: Euskadik jasotzen duen turismo osoaren % 17 MICE sektoretik dator. Bestalde, nabarmen ari da hazten Euskadin egiten diren biltzarretara datozenen gastuak: 2014an, 56 milioi euro; 2017an, 87 milioi. Hona beste datu aipagarri bat ere: MICE turista bakoitzeko batez besteko gastua 133 euro da, eguneko; aisialdiko turista bakoitzarena, berriz, 104 euro.

Beraz, erakusleiho aparta da Kursaaleko topaketa Euskadirentzat ez ezik Donostiarentzat ere, kalitateko zerbitzuak eta baliabideak eskaintzen baitizkie hiri horrek biltzar- eta ekitaldi-antolatzaileei. Horregatik, MICE turismoaren topaleku gogokoenetakoa da Donostia. Bestalde, lehenbiziko aldia da urteroko OPC Spain biltzarra Euskal Herrian egiten dena.

Gai biziki interesgarriak jorratuko dira ekitaldian; besteak beste, OPC enpresen eta haien zerbitzuen berrikuntza, ekitaldietan aplikatu beharreko aurrerapen teknologiko berriak, ekitaldien jasangarritasuna areagotzeko bideak, ekitaldietan eta lurraldean egindako inbertsioaren itzulkinek duten garrantzia, ekitaldietara joaten direnen egonaldia hobetzeko moduak eta gastronomiaren bidezko berrikuntza.

Horrez gain, Biltzarraren aurretik online egin den galdeketa kolektibo baten emaitzak ere aurkeztuko dira. Galdera honi erantzun diote sektoreko profesionalek:  Zein dira, zure ustez, gure sektoreak hurrengo bost urteotan izango dituen erronka nagusiak? Adimen Artifizial Kolektiboaren bidez jaso dira galdeketaren emaitzak. Hain zuzen ere, Biltzarrean sakon aztertuko da adimen-mota hori.

Hizlariak, berriz, hauek izango dira: Pilar Jericó, aitzindaria talentuaren azterketan, bai eta beldurrak erakunde eta pertsonengan duen eraginarenean ere; Miryam Artola, Muxote Potolo Bateko zuzendari nagusia; Víctor Viñuales, ekonomia berdean aditua eta ECODESen zuzendaria; Franklin Galarraga, Orquidea Technology Groupeko zuzendari nagusia; Rosa Morel, aditua komunikazio digitalean, neurosalmentan eta copywriting emozionalean; Manu Narváez, San Sebastián Turismo & Convention Bureauren zuzendaria; Kepa Olabarrieta, Bilbao Convention Bureauren zuzendaria; José María González del Álamo, Innovation Wars SLren zuzendari nagusia, eta María Fernández, Gasteizko Udalaren Enpresentzako Zerbitzuko teknikaria.

Hitzaldiez gain, bestelako ekitaldirik ere izango da; besteak beste, bisitaldiak Miramoneko Teknologia Parkera (hilaren 22an, ostirala), eta Getariara eta Oriora (hilaren 23an, larunbata). Katxiña txakolindegian “geldialdi” bat egitekoak dira bigarren bisitaldi horretan.

EUSKAL HERRIKO OPCE ELKARTEA

Euskadiko Biltzar eta Ekitaldi Antolatzaile Profesionalen Enpresa Elkartea (OPCE) ekitaldiak eta biltzarrak antolatzen diharduten zenbait enpresa espezialistaren bat-egitetik sortu zen. Profesionaltasunaren eta esperientziaren bermea zuten enpresa guztiek. OPCE Euskadik gogotik egiten du lan Euskal Herrian MICE arloa sustatzeko (Bilerak, Pizgarriak, Konferentziak eta Erakusketak), leku ezin hobea delakoan baitago ekitaldiak, biltzarrak, bilerak, konbentzioak eta azokak egiteko. Besteak beste, enpresa hauek dira elkarteko partaide: Ercisa, Eventia, Eventi3, Fideliza-Grupo Xabide, JotaMas, Lankor, Sergofi eta Tisa.

ESPAINIAKO OPC ELKARTEA

1987an sortu zen OPC España; Federazioa, berriz, 1992an. OPC enpresen 11 autonomia-erkidego hauetako elkarteek osatzen dute: Andaluzia, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Errioxa, Madril eta Erdigunea, Murtzia eta Kantabria. Lau autonomia-erkidegok ordezkaritzak dituzte elkartean: Asturias, Gaztela eta León, Extremadura eta Nafarroa. Eskubide osoko ehun enpresatik gora ditu elkarteak, eta 200 bat enpresa laguntzaile.

OPC enpresen Europako federazio bakarra den OFAPCOko kide da OPC España. Bilera eta biltzarren industriako 1.514 profesional eta 14 herrialde dira federazioko partaide. COCALen kide ere bada OPC España, eta ICTEren bileretan esku hartzen du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Malandain Ballet Biarritzek ‘Marie-Antoinette’ produkzio berria aurkezten dute

Gaurkotasuna / 13 otsaila, 2019

‘Croissant, Plié eta Relevé’ izenburupean, otsailaren 14a eta 21a bitartean aurkeztuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldian erregina frantsesa entzutetsuaren bizitzari buruzko obra. Produkzioaren nazioarteko estreinaldi handia martxoaren 29tik 31ra izango da Château de Versaillesen.

Berriz itzuli da dantza Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren programaziora, Malandain Ballet Biarritzkonpainiarekin lankidetzan oraingoan ere. Izan ere, azken urteotan, fruitu ahaztezinak eman ditu, adibidez, Magifique (2011), Errauskine (2013) eta Ederra eta piztia (2015).

Oraingoan, beste emakumezko pertsonaia baten historia bisitatu dugu: Marie-Antoinette. Thierry Malandainen koreografia du eta, horretarako, Joseph Haydnen lau lan hartu ditu musika-oinarri: 67 eta 8. sinfonia goiztiarrak, ezizenez “Goiza”, “Eguerdia” eta “Arratsaldea” hurrenez hurren, baita 73. Sinfonia ere, “Ehiza” deitua. Ikuskizunak Mélanie Levy-Thiébaut orkestra-zuzendaria izango du maistratzat, errepertorio koreografiko eta zinematografikoko espezialista handia.

Obra Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren baitan estreinatuko da otsailaren 14 eta 15ean Donostiako Kursaal Auditoriumean, otsailaren 19an Iruñeko Baluarte Auditoriumean eta otsailaren 21ean Bilboko Euskalduna Jauregian. Produkzio berri honek lehen emanaldiak 2018ko azaroan izan zituen Biarritzeko Gare du Midin, Malandainen egoitzan. Abonu Denboralditik pasa ondoren, martxoaren 29tik 31ra, produkzioak bere nazioarteko estreinaldi handia izango du Opéra Royal: les grands concerts de Versaillesziklo prestigiodunaren baitan, Château de Versailles-en ospatzen dena. Hain zuzen, Luis Augusto delfinaren eta Maria Antonieta artxidukesaren arteko ezteiak ospatzeko 1770. urtean inauguratu zuten Versaillesko Errege Operako eszenatokian antzeztuko da lehen aldiz obra hau. Hirugarren aldia da Malandainek eta Orkestrak Parisko metropoliko hiri honetara batera bidaiatzen dutela. 2013an egin zuen Errauskinerekin eta 2015ean Ederra eta Piztiarekin.

Euskadiko Orkestraren eta Frantziako 19 zentro koreografiko nazionaletako bat den Malandain Ballet Biarritzen arteko harreman estua artistikoki oso baliozkoa da. Elkarlan horrek osagarriak diren jarduerak garatzen dituzten kultur erakundeen artean sinergiak sortzeak duen garrantzia azpimarratzen du, sinergia hoiek gerora eszenatoki garrantzitsuenetan aurkeztuko diren maila goreneko sorkuntzen garapena ahalbidetzen baitute, gure kulturaren ordezkaritza onena bilakatuz.

Sinopsia

Bi erakundeek elkarlanean prestatutako obra honek Marie-Antoinetteren historia kontatzen du. Erresumako maitagarri gaiztotzat eta bere gaitz guztien erruduntzat jo zuten, bere hilotza eskorga baten barruan, burua hankartean zeramala, eraman aurretik. Bere axolagabekeriagatik, Erregina izateko interes faltagatik, Trianonengatik, bere maitale, limurtze edo diamanteengatik, panfleto eta karikaturetan zabaldutako Gortearen sona galtzeengatik, Iraultzarengatik eta isuritako odolak aurrerapena ekarriko zuen sinesmenarengatik ez balitz, Maria Antonietak bizitza sotil bat izango zuen eta ez zen torturatua hilko. Zer gertatu zen, baina, herri guztiak maite zuen erregina bat jendearen estimua galdu eta gorrotatua hil zedin? Zer gertatu zen monarkiaren ikur zenak bere amaiera azkartzen lagun zezan? Ezinezkoa da galdera konplexu horiei ballet batekin erantzutea. Horrenbestez, Maria Antonietaren bizitza osoa antzezteko ezintasun materialak bultzatuta, balletaren narrazioa eta testuingurua Versaillesera mugatzea erabaki dugu.

Protagonistak

Thierry Malandain

80tik gora koreografia egin dituela, dantzaren errepertorio koherentea osatzen jarraitzen du Malandain Ballet Biarritzen zuzendari eta koreografo Thierry Malandainek, Balletari estuki lotua, non gorputz dantzaria, bere indarra, birtuosismo, gizatasun eta sentsualitatea lehenesten dituen. Bere hitzetan: “Konplexurik gabeko ballet klasikoarena da nire kultura eta hori da nik garatzen dudana. Bere kode artistiko eta sozialak beste garai batekoak direla onartzen badut ere, nire ustez lau mendeko historiarengandik jaso dugun material horrek guztiak baliabide paregabeak eskaintzen baitizkio dantzariari. Dibertitzea, maite dudan dantza lortzea da nire nahia, klasikoa izango dena zenbaitentzat, garaikidea bestentzat. Plazeraren arrastoa uzteaz gain, jainkotasunarekin adiskidetu nahi duen dantza, izatearen zailtasunei erantzuteko”.

Malandain Ballet Biarritz

Malandain Ballet Biarritz 1998an sortu zen Kultura eta Komunikazio Ministerioaren eta Biarritzeko hiriaren ekimenez eta Akitania Berria Eskualdearen eta Pirinio Atlantikoen Kontseilu departamentalaren babesarekin. Frantziako hemeretzi Zentro Koreografiko Nazionaletako (ZKN) bat da. Malandain Ballet Biarritzen ezaugarri nagusia, aldiz, honako hau: taldea osatzen duten hogeita bi dantzarien espezializazioa teknika klasikoa bada ere beren espresioa garaikidea dela, Thierry Malandainen koreografien bitartez. Malandain Ballet Biarritz ikusle gehien dituzten Europako konpainien artean dago egun: 100.000 ikusle hartzen ditu urteko eta 100 bat ikuskizun eskaintzen ditu, horietako herena atzerrian delarik.

Mélanie Levy-Thiébaut

Mélanie Levy-Thiébautek (Casablanca, 1964) piano-ikasketak Casablancako Kontserbatorioan hasi zituen, 6 urte zituela, baina orkestra-zuzendari izateko grina zuen harrezkero. Graciane Finzi musikagilearen alaba, Ligeti, Stockhausen eta Messianen lan guztiak entzun zituen haurtzaroan zehar. Eta, halere, errepertorio klasikoarenganako joera agertu zuen. 1996. urtean, Mulhouseko Orkestra Sinfonikoak zuzendari laguntzailea izendatu zuen. 1998 eta 2005 bitartean, Cadre Noir de Saumur erakundeko aholkulari artistikoa izan zen eta bere ikuskizunak Frantzian eta atzerrian zuzendu zituen. 2005. urtean Manifesto Orkestra sortu zuen, metalezko haize-instrumentuen talde bat, Errenazimendutik jazzeraino estaltzen duen errepertorio bat jotzen duena. 2011n “Musique classique pour Tous” ekimeneko zuzendari artistiko izendatu zuten, St Quentin en Yvelinesen, Manifesto Orkestrarekin batera. 2014. urtean, Ensemble Instrumental de la Mayenne (Loirako Eskualdea) taldeak musika-zuzendari izendatu zuen. Eta, honela, erregularki zuzentzen du Nantesko Folles Journées jaialdian. Levy-Thiébautek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratu du lehenago ere. 2017ko urrian izan zen, hain zuzen, Babilonia berria (1929) Kosintseven filmari zuzeneko musika jarri zietenean.

Saio osagarria

Abonu-kontzertuetarako sarrera gehienak salduta daudela, produkzio berri honen saio osagarri batera bertaratzeko aukera eskainiko da. Kursaal Auditoriumean izango da ostiralean, otsailak 15, 16:00etan.

Sarrerak salgai daude 20 eurotan Orkestraren webgunean.

Kursaalen 2018ko balantzea: lehenengo 20 urteetako ekitaldi onena

Gaurkotasuna / 8 otsaila, 2019

Markak hautsi ditu negozio-bolumenari eta emaitzei dagokienez, % 15 eta % 28 hazi baitira, hurrenez hurren

Biltzar-jauregiaren iazko jarduerak 48 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Gipuzkoan, jarduera-maila bikaina izan baita. Horri esker, nabarmen igo da berriro maila, eta markak haustea lortu 4,1 milioiko negozio-bolumenarekin (2017an baino % 15 handiagoa), 311 ekitaldi antolatu ondoren.

Horrez gain, beste marka bat hautsi du eragiketen altxortegiko superabitari dagokionez, 1,2 milioi eurokoa izan baita; hau da, halaber bikaina izan zen aurreko ekitaldikoa baino % 28 handiagoa. Bestalde, azken datuak aztertuz gero, azken bosturtekoan % 51 egin dute gora salmentek, eta zortzikoiztu egin dira emaitzak.

2018ko balantze bikaina jardueraren funtsezko segmentuek gorakada handiak izan dituztelako gertatu da. Batetik, kulturaren arloan, kontzertu asko eskaini dira (152), eta fakturazioa oso handia izan da, 2017koa baino % 12 handiagoa, nahiz eta 2017koak ere marka historikoak hautsi zituen. Bestetik, 2018 urte onenetako bat izan da biltzarrei dagokienez, % 26 egin baitute gora iazko ekitaldikoekin alderatuta. Gainera, biltzarrek, oro har, mundu osoko jendea erakarri dute, haien % 46 nazioartekoa izan baita. Azkenik, oso positiboa den beste hirugarren datu batek ere ekarri du balantza arrakastatsu hori; hain zuzen ere, ekitaldiei lotutako zerbitzuen komertzializazioak (ikus-entzunezkoak, argiztapena, komunikazioak, teknikariak) izan duen gorakada handia (hots, % 32koa).

Bestalde, emaitzen balantze bikain horri biltzar-jauregiarentzat estrategikoa den elementu bat gehitzen zaio: bezeroen gogobetetze-maila handia, galdeketetan antolatzaileek eta erabiltzaileek batez beste 8,6 puntu eman baitizkiote Kursaali.

Aurreko ekitaldietan bezala, Kursaalek inbertsio-ahalegin handia egiten jarraitu nahi du; bide horretatik, 7,6 milioi metatu ditu, eta % 70 finantzatzea lortu superabitekin. Horren haritik, adibide gisa, 2018an Zurriola areto berria zabaldu da. Areto argitsu eta pribilegiatu bat da, ezin hobea bilera txikiak egiteko; 40 lagunentzako tokia du, terrazara irteteko aukera, eta ibaira eta hirira ematen du.
Hau da, metatutako emaitza onak ikusita, ez da beharrezkoa Kursaal sozietatea osatzen duten bi erakundeek (Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia) ekarpen ekonomiko publikorik egitea gastu arruntari aurre egin ahal izateko. Are gehiago, emaitza horiek aukera ematen dute egindako inbertsio garrantzitsuen % 70 sozietateak sortzen dituen baliabideekin ordaintzeko.

10 gipuzkoarretik zortzi izan dira Kursaalen

Donostian eta Gipuzkoan 48 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Kursaalen jarduerak. Horrek garbi uzten du Kursaalen irudia ona dela, eta herritarrek ere hala ikusten dute, haien partaidetzak gora egin duelako eta nabarmen handitu delako gipuzkoarrek Kursaalen jarduerari ematen dioten balorazioa (Ikerfel galdeketa-enpresak egindako azken inkestaren arabera, 4,3koa 5etik). 2018an egindako ikerketa demoskopikoaren arabera, 10 gipuzkoarretik zortzi izan dira Kursaaleko ekitaldiren batean (aurreko datua lautik hirukoa izan zen).

2018: urte onenetako bat biltzarrei dagokienez

Azken ekitaldian jarduera-datuak bikainak izan direla ikusita, biltzarren sektorea datu horien erantzule nagusietako bat da. Eta iazko biltzar garrantzitsuenetako batzuk Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) Kontseilu Exekutiboaren 108. bilera eta Europako Parlamentuko ALDE taldearen bilera izan ziren. Bilera profesionalei dagokienez, hauek nabarmendu behar ditugu: 13th European Molecular Imaging Meeting, Kardiologia Pediatrikoko XII. Biltzarra, ICAE 2018, Graphene Week, Dermatologia Estetiko eta Terapeutikoko XXX. Biltzar Nazionala, Conference European Association for Terminology, 14th International High Speed Machining eta ESP Regional Conference.

Club de Creativos elkartearen topaketa eta Gastronomika biltzarra ere egin ziren; biek ala biek Kursaalen dute egoitza gaur egun.

Guztira 152 kontzertu, 20 urtean izan den kopuru handiena

Kultura-arloan, aipagarria da 2018an Kursaal Eszenak, Kursaalen beraren kultura-programazioak, % 7 handitu duela ikuskizunetara etortzen direnen batez besteko kopurua, eta, horrela, guztira, 30.450 pertsona erakarri ditu. Gainera, proiektu kulturala indartuko duen beste enpresa babesle bat sartu da: ArcelorMittal.

Guztira, 152 kontzertu antolatu ziren, haietatik 26 Kursaal Eszenak proposatutakoak; besteak beste, hauenak: Apocalyptica, Oreka TX, Silvia Pérez Cruz, Fleet Floxes, Luz Casal eta Benito Lertxundiren kontzertu bikoitza. Horrez gain, La Bohème opera ere antzeztu zuen Opus Lirica konpainiak. Musika klasikoko kontzertuen artean, hauek aipatu behar ditugu: Europako Ganbera Orkestra, Jordi Savall, Tonhalle (Zürich), Luxenburgoko Filarmonikoa, BBCren Orkestra Sinfonikoa, eta haurrentzako lau kontzertu.

Beren programazioa Kursaalen gauzatzen duten sustatzaile pribatuek kontzertu gogoangarriak ekarri zituzten; besteak beste, kantautore hauenak: Pablo López, Joan Manuel Serrat, Ismael Serrano, Manolo García eta Rozalén. Arrakasta handia izan zuten, halaber, Dirty Dancing musikalaren lau saioek, Texas-ek, Sergio Dalmak, Los Secretos-ek, Sara Barasek eta Forever King of Pop lanean Michael Jacksoni egindako omenaldiak. Bestalde, Goazen telesailaren ikuskizunak, «Donostia magiaz blai» ekitaldiak eta haurrentzako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun tradizionalak erabat bete zuten Kursaal familiez.

Eta, haiekin batera, ohiko beste batzuk ere izan dira; esaterako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiko emanaldiak, Musika Hamabostaldiko eta Heineken Jazzaldiko udako kontzertuak, eta Donostiako Zinemaldiko 100dik gorako zinema-proiekzioak.

Nazioarteko bost biltzar 2019rako

Kursaalen 2018rako aurreikuspenen arabera, 20 bat biltzar egingo dira; besteak beste, nazioarteko bost.

Lehenik eta behin, Turismo Gastronomikoaren V. Mundu Foroa / 5th UNWTO World Forum on Gastronomy Tourism nabarmendu behar da, baita «Change to Change» Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Batzarra ere. Nazioartekoak dira, halaber, Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarra, 19th International Conference on Integrated Care (ICIC) eta Gastronomika 2019, besteak beste.

Otsailean, 31. OPC Spain Biltzar Nazionala izango da, eta, urtean zehar, beste hauek: Club de Creativos elkartearen biltzarra (CdC-k beste hiru urtez Donostian eta Kursaalen geratzeko konpromisoa hartu du), Zainketa Intentsibo Pediatrikoen 34. Biltzar Nazionala, Hegaztizaintzako LVI. Sinposio Zientifikoa eta Anestesiako/Erreanimazioko eta Minaren Terapiako Erizainen Elkartearen 29. Biltzarra.

2019ko biltzar nagusiak

31. OPC Spain Biltzar Nazionala
«Change to Change» Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Batzarra
Club de Creativos 2019 – CdC
19th Int. Conference on Integrated Care (ICIC)
Turismo Gastronomikoaren V. Mundu Foroa / 5th UNWTO World Forum on Gastronomy Tourism
Zainketa Intentsibo Pediatrikoen Elkarte Nazionalaren 34. Biltzar Nazionala
Kimikako Espainiako Errege Elkartearen (RSEQ) XXXVII. Bilera (bi urtez behingoa)
LHko Nazioarteko Biltzarra
San Sebastián Gastronomika 2019
Hegaztizaintzako LVI. Sinposio Zientifikoa
Anestesiako/Erreanimazioko eta Minaren Terapiako Erizainen Elkartearen 29. Biltzarra – ASEEDAR TD 2019
Kalitate Asistentzialaren Espainiako Elkartearen (SECA) XXXVII. Biltzarra
Kalitate Asistentzialaren Euskadiko Elkartearen (AKEB Konekta) V. Jardunaldia

2019ko azoka nagusiak

AD Egido makinen azoka
Expofarma 2019
Nazioarteko III. Komiki eta Manga Jaialdia
Especializa-T 2019 azoka
San Sebastián Gastronomika 2019 azoka