menu

Kursaalen izango da XXXI. OPC Spain Biltzarra eta 300 biltzar-antolatzaile baino gehiago elkartuko ditu

Gaurkotasuna / 23 urtarrila, 2019

Otsailaren 21ean eta 22an, biltzar-antolaketaren sektoreko 300 profesional baino gehiago bilduko dira Kursaalen XXXI. OPC Spain Biltzarrean; alegia, erakunde horren urteko ekitaldi nagusian. Aurten, «XXI. mendeko ekitaldietarako esperientzia, konpromisoa eta teknologia» du goiburu Biltzarrak.

Biltzarra lehen aldiz egingo da Euskadin, eta enpresa eta hornitzaile nagusiak bilduko ditu. Hortaz, aukera paregabea da sektoreko profesionalen artean helmuga sustatzeko: Estatuko OPC enpresetako zuzendariak, Estatuko OPC zerbitzu eta produktuen hornitzaileak, EAEko ordezkari instituzionalak, Estatuko ekitaldien erakunde sektorialak eta ekitaldien antolaketarekin erlazionatutako prestakuntza-arloetako ikasketak (esaterako, marketina, harreman publikoak, ekitaldien antolaketa eta turismoa).

Hainbat gai aztertuko dira ekitaldi profesional honetan, hitzaldi, tailer, networking ekintza eta bisita teknikoen bidez; besteak beste, gai hauek: OPC enpresetako eta haien zerbitzuetako berrikuntza, ekitaldiak jasangarriagoak bihurtzeko modua, aplikatu beharreko aurrerapen teknologiko berriak, partaideen esperientziaren hobekuntza, inbertsioaren itzulera ekitaldietan eta lurraldean, eta berrikuntza gastronomiaren bidez. Biltzarraren sustatzaileek adierazi dutenez, helburu nagusia da «erakundeei berrikuntzara bideratzen laguntzea, eta, horretarako, antolatzen diren ekitaldiak eta ekitaldi horien kokaleku den lurraldea nabarmentzea».

OPC akronimoak «Organizador Profesional de Congresos» (biltzarren antolatzaile profesionala) esan nahi du eta bilera edo ekitaldietako turismoaren sektorean sartzen da (ingelesez, MICE; hau da, Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions). Haren lana biltzarrak, azokak, batzarrak eta antzeko beste ekitaldi batzuk planifikatzea, antolatzea, zuzentzea eta kontrolatzea da. Espainian, Biltzarren Antolatzaile Profesionalen Enpresen Espainiako Federazioak (OPC España) ordezkatzen du; haren bazkide sortzaileetako bat OPC Euskadi da.

Sektoreko datuak

Nazioarteko Biltzar eta Batzarren Elkartearen (ICCA) arabera, Espainia laugarren tokian dago nazioarteko biltzarren antolaketaren munduko sailkapenean, AEBren, Alemaniaren eta Erresuma Batuaren atzetik. 2016an, nazioarteko 530 biltzar baino gehiago egin ziren, eta 4 milioi partaide inguru baino gehiago izan zituzten guztira. Madril eta Bartzelona nazioarteko sailkapeneko 10 hiri nagusien artean daude.

The Ostelea sailkapenean, Espainiako beste hiri batzuk oso postu onetan agertzen dira; esaterako, Valentzia (76), Sevilla (100), Málaga (152), Granada (169), Bilbo (203) eta Donostia-San Sebastián (239).

Bileretako turismoa erakartzea lehentasunetako bat da helmuga guztietarako, eguneko gastua handia baita, eskaria urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen baitu (orokorrean, udatik kanpo eta astean zehar izaten da) eta negozioak sortzeko eta ezagutza sustatzeko aukera eskaintzen baitu.

MICE sektorea Euskadin

Euskadik jasotzen dituen turista guztietatik, % 17 MICE sektorekoak dira, eta haietatik Euskadik jasotzen dituen negozioetako turisten % 75 Espainiatik datoz. Beste datu esanguratsu bat: Euskadiko biltzarretara etorritakoek egindako gastua nabarmen ari da handitzen; horrela, 56 milioitik (2014) 87 milioira pasatu da (2017). MICE turistaren batez besteko gastua, pertsonako eta eguneko, 133 eurokoa da, eta aisialdiko turistarena, berriz, 104 eurokoa.

Informazio gehiago: www.opcspain.org

Webgunea: www.31congresopcspain.com