menu

Ballet Nacional de España

Kursaal Eszenan izango da Ballet Nacional de España, Antonio Ruiz Soler “El Bailarín” dantzariari eskainitako omenaldiarekin

Gaurkotasuna / 25 urtarrila, 2019

Espainiako dantzak ezagutzera ematen dituen instituzio garrantzitsuena da Ballet Nacional de España. Urtarrilaren 27an Kursaal Eszenan arituko da, Antonio Ruiz Soler “El Bailarín” dantzariari eskainitako omenaldiarekin; XX. mendeko flamenko-dantzari emankor, bertutetsu eta loriatsuena izan zen.

2011. urtetik Antonio Najarrok zuzendutako konpainiak Espainiako dantza estilo ororen erakustaldia egiten du munduko antzoki entzutetsuenetan, tradizioa eta abangoardia uztartzen dituzten hainbat ikuskizunen bidez.

Gau honetako koreografien artean da Eritaña: bolera sevillanetako pausoekin elikatzen da, eta XIX. mendeko dantzatzeko moduak ere eragina du pieza honetan. Isaac Albenizek bere bizitzako azken urteetan konposatutako suite Iberia lanaren 4. koadernoko zati bat da. Ondotik dantzatuko dute La Taberna del Toro pelikulan azaltzen den Taranto. Hura ikustean, Elsa Brunelleschi Londresko Royal Balleten irakasle izandakoak zera idatzi zuen: Antonioren konpainiak edozein aitorpenetatik haragoko hobekuntza lortu zuela.

Dena den, oraingoan berriz interpretatuko duten Pablo Sarasateren Zapateandoren bertsioa izan zen dantzariaren solorik enblematikoena. Konpositore nafarraren partitura gozamen hutsa da izatez, baina partituraren xehetasun guztiak biltzen dituen interpretazioak bere ospea are gehiago handitu zuen. Ondoren, Ernesto Halffter konpositorearen Fantasía Galaica lana izango da gaueko laugarren dantza: Sevillakoak balletaren tradiziora hurbildu, eta Fantasía Galaica-ren amaierako alboradan muñeira ere erabili zuen, Galiziako dantzarik hedatuena.

El sombrero de Tres Picos lana Gregorio Martínez Sierrak enkargatu zion Manuel de Fallari, ikuskizunari amaiera emango dion dantza: El corregidor y la molinera ballet-pantomimaren berridazketa da. Fallak Leonide Massine bertsio originalaren koreografoaren agindupean konposatu zuen. Antonioren bertsioarekin, El sombrero de tres picos-ek arrakasta handia eskuratu zuen dantza espainiarren hizkuntza darabilen koreografia bezala. Gainera, dantza honetarako eszenografiak Pablo Picassok diseinatu zituen.

BALLET NACIONAL DE ESPAÑA
Igandea, urtarrilak 27 / 19:00
39 / 31 / 25 / 20 / 11 €
Sarrerak erosi

Kursaalen izango da XXXI. OPC Spain Biltzarra eta 300 biltzar-antolatzaile baino gehiago elkartuko ditu

Gaurkotasuna / 23 urtarrila, 2019

Otsailaren 21ean eta 22an, biltzar-antolaketaren sektoreko 300 profesional baino gehiago bilduko dira Kursaalen XXXI. OPC Spain Biltzarrean; alegia, erakunde horren urteko ekitaldi nagusian. Aurten, «XXI. mendeko ekitaldietarako esperientzia, konpromisoa eta teknologia» du goiburu Biltzarrak.

Biltzarra lehen aldiz egingo da Euskadin, eta enpresa eta hornitzaile nagusiak bilduko ditu. Hortaz, aukera paregabea da sektoreko profesionalen artean helmuga sustatzeko: Estatuko OPC enpresetako zuzendariak, Estatuko OPC zerbitzu eta produktuen hornitzaileak, EAEko ordezkari instituzionalak, Estatuko ekitaldien erakunde sektorialak eta ekitaldien antolaketarekin erlazionatutako prestakuntza-arloetako ikasketak (esaterako, marketina, harreman publikoak, ekitaldien antolaketa eta turismoa).

Hainbat gai aztertuko dira ekitaldi profesional honetan, hitzaldi, tailer, networking ekintza eta bisita teknikoen bidez; besteak beste, gai hauek: OPC enpresetako eta haien zerbitzuetako berrikuntza, ekitaldiak jasangarriagoak bihurtzeko modua, aplikatu beharreko aurrerapen teknologiko berriak, partaideen esperientziaren hobekuntza, inbertsioaren itzulera ekitaldietan eta lurraldean, eta berrikuntza gastronomiaren bidez. Biltzarraren sustatzaileek adierazi dutenez, helburu nagusia da «erakundeei berrikuntzara bideratzen laguntzea, eta, horretarako, antolatzen diren ekitaldiak eta ekitaldi horien kokaleku den lurraldea nabarmentzea».

OPC akronimoak «Organizador Profesional de Congresos» (biltzarren antolatzaile profesionala) esan nahi du eta bilera edo ekitaldietako turismoaren sektorean sartzen da (ingelesez, MICE; hau da, Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions). Haren lana biltzarrak, azokak, batzarrak eta antzeko beste ekitaldi batzuk planifikatzea, antolatzea, zuzentzea eta kontrolatzea da. Espainian, Biltzarren Antolatzaile Profesionalen Enpresen Espainiako Federazioak (OPC España) ordezkatzen du; haren bazkide sortzaileetako bat OPC Euskadi da.

Sektoreko datuak

Nazioarteko Biltzar eta Batzarren Elkartearen (ICCA) arabera, Espainia laugarren tokian dago nazioarteko biltzarren antolaketaren munduko sailkapenean, AEBren, Alemaniaren eta Erresuma Batuaren atzetik. 2016an, nazioarteko 530 biltzar baino gehiago egin ziren, eta 4 milioi partaide inguru baino gehiago izan zituzten guztira. Madril eta Bartzelona nazioarteko sailkapeneko 10 hiri nagusien artean daude.

The Ostelea sailkapenean, Espainiako beste hiri batzuk oso postu onetan agertzen dira; esaterako, Valentzia (76), Sevilla (100), Málaga (152), Granada (169), Bilbo (203) eta Donostia-San Sebastián (239).

Bileretako turismoa erakartzea lehentasunetako bat da helmuga guztietarako, eguneko gastua handia baita, eskaria urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen baitu (orokorrean, udatik kanpo eta astean zehar izaten da) eta negozioak sortzeko eta ezagutza sustatzeko aukera eskaintzen baitu.

MICE sektorea Euskadin

Euskadik jasotzen dituen turista guztietatik, % 17 MICE sektorekoak dira, eta haietatik Euskadik jasotzen dituen negozioetako turisten % 75 Espainiatik datoz. Beste datu esanguratsu bat: Euskadiko biltzarretara etorritakoek egindako gastua nabarmen ari da handitzen; horrela, 56 milioitik (2014) 87 milioira pasatu da (2017). MICE turistaren batez besteko gastua, pertsonako eta eguneko, 133 eurokoa da, eta aisialdiko turistarena, berriz, 104 eurokoa.

Informazio gehiago: www.opcspain.org

Webgunea: www.31congresopcspain.com