menu

Kursaal Eszenak Bachen “Gabonetako Oratorioa” dakar, Eguberritako atariko gisa

Gaurkotasuna / 14 abendua, 2018

Datozen jai eta ospakizunei hasiera emanez, Bachen “Gabonetako Oratorioa” interpretatuko dute Le Concert Lorrain eta Dresdner Kammerchor-ek, Kursaal Eszenan, datorren igandean, abenduak 16.

Bachek jai-giroko musikalan bat sortu zuen “Gabonetako Oratorioa” idazterakoan. Santo Tomas eta San Nicolas eliza handietarako konposatu zituen Gabonetako Oratorioa osatzen duten sei zikloak, haietako bakoitza Eguberritako jai liturgiko banatarako. Lukas eta Mateo santuen ebanjekioak iturri dituen testua Jesusen jaiotzarekin hasi eta Errege Magoen gurtzarekin amaitzen da. Lehen hiru kantatek Gabonetako lehen hiru egunekin bat egiten dute; laugarrena Zirkunzisio jaiari dagokio. Ondotik, bosgarrena dator: Urte Berriko lehen iganderako prestatua, eta seigarrenak Epifaniaren gaia jorratzen du. Saioan zehar, ebanjelistak irakurtzen ditu Testamendu Berriko testuak, solistek pertsonaiei ahotsa ematen dieten bitatean. Koruak, berriz, talde handiei ematen die ahotsa.

Ospe handiko obra honetan bere sortzailearen maisutasuna agertzen da, modu paradigmatikoan. Bach-ek parodia darabil, ohi duen moduan, eta aurretiaz idatzitako obretako gaiak berreskuratzen ditu, baita gaur egun galduta dauden musika-lanetakoak ere. Oratorio hau ez zen bereziki aintzat hartua izan mende erromantikoan, ziurrenik, garai hartan parodiarekiko zegoen ulertu ezinagatik. Oro har, bozkariozko giro zirraragarria dario obrari, eta samurtasunerako ere badu tarterik. Hala ere, Kristoren sakrifizioaren pentsamenduak funtzio garrantzitsua du: Jesusen heriotzarekin soilik ekarriko dio haur bedeinkatuak salbazioa gizateriari. Festa giroz eta aintzaz irudikatzen du konposizioak hori.

LE CONCERT LORRAIN & DRESDNER KAMMERCHOR
Igandea, abenduak 16 / 19:00
49 / 39 / 31 / 25 / 11 €

Sarrerak erosi