menu

Piotr Beczala

Lied errezitaldia eta opera ariak Piotr Beczalaren eskutik, egungo bost tenor garrantzitsuenetako bat

Gaurkotasuna / 26 azaroa, 2018

  • Piotr Beczala, Javier Camarena, Juan Diego Flórez, Jonas Kaufmann eta Rolando Villazón abeslariek osatzen dute gaur egungo tenor elitea.
  • Besteak beste, Verdi, Puccini, Bizet eta Tostiren obrak interpretatuko ditu.

Bere ahotsaren edertasunagatik nazioartean goretsia den Piotr Beczala tenor poloniarra Kursaal Eszenan izango da, azaroaren 27an, asteartearekin, 20:00etan. Lied errezitaldia eta opera ariak eskainiko ditu saio honetan, bere ahots guztiz erakargarriarekin: kolore eder liluragarrikoa, ia erabat homogeneoa da Beczala erregistro guztietan eta teknika guztiz landua du.

Saioaren lehen zatian XIX. eta XX. mendeen artean bizi izan ziren egileen abesti italiarrak eskainiko ditu, Donaudyren hiru abesti laburrekin hasita. Bere 36 Arie de stilo antico izenekoek egin dute ezagun Donaudy –sail horretakoak dira pieza hauek–, eta XX. mende hasierako etorkizun handieneko italiar musikaria izan zen. Aria hauek operaren adar idealizatutzat jo ditzakegu, iraganeko musikaren ikuspegi itxuraldatu baten moldean eginak baitirudite. Wolf-Ferrarik ere opera izan zuen helburu nagusi: haren 4 rispetti hauek dira haren ekoizpen liriko aipagarrienak. Respighi 1880ko hamarkadako belaunaldiko kide garrantzitsuenetako bat izan zen eta hark ahots eta pianorako sortutako lan garrantzitsu gehienak azaltzen dira errezital honetan. Wolf-Ferrariren eta Tostiren abestiek ageriko lotura dute herri musikarekin, eta, ia-ia, gaur egun “musika arina” deituko genukeen hartara gerturatzen dira.

Bigarren zatian Beczalak bere ama-hizkuntzan duen ahoskera ederrarekin gozatu ahal izango dugu, haren herkide Karlowicz musikariaren abesti-sail batean. Polonia Gaztea-ko kide zen Karlowicz, poloniar musika abangoardia europarrarekin lotzea helburu zuen taldekoa. Gazte hil zenez, ordea, ezin izan zuen bere talentua maila goreneraino garatu. Tradizio erromantikoan oinarritutako hogei bat abesti utzi dizkigu, hala ere. Errezitalaren azken zatia operari eskainiko dio Beczalak, eta bost aria ezagun abestuko ditu, ahotsaren erakustaldi handia eginez, programa eklektiko bat burutuz horrela.

PIOTR BECZALA, TENORRA
Asteartea, azaroak 27 / 20:00
39 / 31 / 25 / 20 / 11 €
 Sarrera erosi