menu

Benito Lertxundik bi kontzertu eskainiko ditu Kursaal Eszenan, abenduaren 1ean eta 3an, Euskararen Egunarekin bat eginik

Gaurkotasuna / 29 azaroa, 2018

  • Lehen eguneko sarrera guztiak agortu ondoren, bigarreneko bi heren saldu dira dagoeneko.

Abenduaren 1ean eta 3an arituko da Benito Lertxundi Kursaal Eszenan: lehen kontzertuko 1800 sarrerak agortu ondoren, bigarren kontzertuko sarreren bi heren saldu dira dagoeneko. Abenduaren 3ko hitzorduak, gainera, Euskararen Egunarekin egingo du bat.

“Ospakizun gauean” diskoaren aurkezpen birako hitzorduetako bi izango dira kontzertuok. Benito Lertxundik lagun dituen musikariekin zuzenean grabatutako hamar abestik osatzen dute diskoa; desikastearen beharraz, herri menderatuaren oldar askatzaileaz, edota senaren ahotsari arreta jartzeaz ari zaizkigun kantuak, Jorge Bucay argentinarraren edo Fernando Pessoaren imaginarioan biltzera garamatzatenak. Jon Maia bertsolariak Terranovatik ekarritako kantu bat ere partekatu nahi izan du oriotarrak. Horiekin batera, bere kanturik ezagun eta hunkigarrienak ere eskainiko ditu.

Ondoko musikariekin arituko da Lertxundi zuzenekootan: Juantxo Zeberio (pianoa eta sintetizadorea), David Gorospe (bateria), Amaiur Cajaraville (baxua eta kontrabaxua), Gurutz Bikuña (gitarra), Angel Unzu (gitarra, bouzukia eta perkusioa), Xabier Zeberio (biolina eta nyckelharpa), Pello Ramirez (biolontxeloa eta akordeoia), Intza Unanue (koruak), Olatz Zugasti (koruak, harpa eta teklatuak).

Hemeretzi urterekin erloju denda batean hasi zen lanean eta Martin Lizaso nagusiak laud bat utzi zion. Hartan zaletzen hasi eta gitarra elektrikoa erosi zuen jarraian: bere gustuko kantarien bertsioak jotzen hasi zen, dendan bertan, euskarara ekarrita. Halako batean, ordea, La Voz de España egunkari Donostiarrak antolatutako kantu txapelketan parte hartu zuen. Dena aldatu zuen horrek: herrian ospea hartzen hasi eta Mikel Laboak berak ere hots egin zion. 1965 urte ingurua zen, eta Ez Dok Amairu mugimendua ari zen mamitzen: han ziren Artze anaiak, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Julen Lekuona, Laboa bera eta Oteizaren itzal luzea.

BENITO LERTXUNDI
Larunbata, abenduak 1 / 20:00
Astelehena, abenduak 3 / 20:00
18 €

Sarrerak erosi