menu

Benito Lertxundik bi kontzertu eskainiko ditu Kursaal Eszenan, abenduaren 1ean eta 3an, Euskararen Egunarekin bat eginik

Gaurkotasuna / 29 azaroa, 2018

  • Lehen eguneko sarrera guztiak agortu ondoren, bigarreneko bi heren saldu dira dagoeneko.

Abenduaren 1ean eta 3an arituko da Benito Lertxundi Kursaal Eszenan: lehen kontzertuko 1800 sarrerak agortu ondoren, bigarren kontzertuko sarreren bi heren saldu dira dagoeneko. Abenduaren 3ko hitzorduak, gainera, Euskararen Egunarekin egingo du bat.

“Ospakizun gauean” diskoaren aurkezpen birako hitzorduetako bi izango dira kontzertuok. Benito Lertxundik lagun dituen musikariekin zuzenean grabatutako hamar abestik osatzen dute diskoa; desikastearen beharraz, herri menderatuaren oldar askatzaileaz, edota senaren ahotsari arreta jartzeaz ari zaizkigun kantuak, Jorge Bucay argentinarraren edo Fernando Pessoaren imaginarioan biltzera garamatzatenak. Jon Maia bertsolariak Terranovatik ekarritako kantu bat ere partekatu nahi izan du oriotarrak. Horiekin batera, bere kanturik ezagun eta hunkigarrienak ere eskainiko ditu.

Ondoko musikariekin arituko da Lertxundi zuzenekootan: Juantxo Zeberio (pianoa eta sintetizadorea), David Gorospe (bateria), Amaiur Cajaraville (baxua eta kontrabaxua), Gurutz Bikuña (gitarra), Angel Unzu (gitarra, bouzukia eta perkusioa), Xabier Zeberio (biolina eta nyckelharpa), Pello Ramirez (biolontxeloa eta akordeoia), Intza Unanue (koruak), Olatz Zugasti (koruak, harpa eta teklatuak).

Hemeretzi urterekin erloju denda batean hasi zen lanean eta Martin Lizaso nagusiak laud bat utzi zion. Hartan zaletzen hasi eta gitarra elektrikoa erosi zuen jarraian: bere gustuko kantarien bertsioak jotzen hasi zen, dendan bertan, euskarara ekarrita. Halako batean, ordea, La Voz de España egunkari Donostiarrak antolatutako kantu txapelketan parte hartu zuen. Dena aldatu zuen horrek: herrian ospea hartzen hasi eta Mikel Laboak berak ere hots egin zion. 1965 urte ingurua zen, eta Ez Dok Amairu mugimendua ari zen mamitzen: han ziren Artze anaiak, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Julen Lekuona, Laboa bera eta Oteizaren itzal luzea.

BENITO LERTXUNDI
Larunbata, abenduak 1 / 20:00
Astelehena, abenduak 3 / 20:00
18 €

Sarrerak erosi

Piotr Beczala

Lied errezitaldia eta opera ariak Piotr Beczalaren eskutik, egungo bost tenor garrantzitsuenetako bat

Gaurkotasuna / 26 azaroa, 2018

  • Piotr Beczala, Javier Camarena, Juan Diego Flórez, Jonas Kaufmann eta Rolando Villazón abeslariek osatzen dute gaur egungo tenor elitea.
  • Besteak beste, Verdi, Puccini, Bizet eta Tostiren obrak interpretatuko ditu.

Bere ahotsaren edertasunagatik nazioartean goretsia den Piotr Beczala tenor poloniarra Kursaal Eszenan izango da, azaroaren 27an, asteartearekin, 20:00etan. Lied errezitaldia eta opera ariak eskainiko ditu saio honetan, bere ahots guztiz erakargarriarekin: kolore eder liluragarrikoa, ia erabat homogeneoa da Beczala erregistro guztietan eta teknika guztiz landua du.

Saioaren lehen zatian XIX. eta XX. mendeen artean bizi izan ziren egileen abesti italiarrak eskainiko ditu, Donaudyren hiru abesti laburrekin hasita. Bere 36 Arie de stilo antico izenekoek egin dute ezagun Donaudy –sail horretakoak dira pieza hauek–, eta XX. mende hasierako etorkizun handieneko italiar musikaria izan zen. Aria hauek operaren adar idealizatutzat jo ditzakegu, iraganeko musikaren ikuspegi itxuraldatu baten moldean eginak baitirudite. Wolf-Ferrarik ere opera izan zuen helburu nagusi: haren 4 rispetti hauek dira haren ekoizpen liriko aipagarrienak. Respighi 1880ko hamarkadako belaunaldiko kide garrantzitsuenetako bat izan zen eta hark ahots eta pianorako sortutako lan garrantzitsu gehienak azaltzen dira errezital honetan. Wolf-Ferrariren eta Tostiren abestiek ageriko lotura dute herri musikarekin, eta, ia-ia, gaur egun “musika arina” deituko genukeen hartara gerturatzen dira.

Bigarren zatian Beczalak bere ama-hizkuntzan duen ahoskera ederrarekin gozatu ahal izango dugu, haren herkide Karlowicz musikariaren abesti-sail batean. Polonia Gaztea-ko kide zen Karlowicz, poloniar musika abangoardia europarrarekin lotzea helburu zuen taldekoa. Gazte hil zenez, ordea, ezin izan zuen bere talentua maila goreneraino garatu. Tradizio erromantikoan oinarritutako hogei bat abesti utzi dizkigu, hala ere. Errezitalaren azken zatia operari eskainiko dio Beczalak, eta bost aria ezagun abestuko ditu, ahotsaren erakustaldi handia eginez, programa eklektiko bat burutuz horrela.

PIOTR BECZALA, TENORRA
Asteartea, azaroak 27 / 20:00
39 / 31 / 25 / 20 / 11 €
 Sarrera erosi

Enbaxadore programak 7 enbaxadore berri izendatu ditu

Gaurkotasuna / 22 azaroa, 2018

Zazpi profesional Donostiako enbaxadore izendatu dira Donostia Turismo & Convention Bureauk eta Kursaalek sustatutako Enbaxadore Programaren baitan. Programa honen helburua da, hirian egiten diren bilerei lotutako turismoa babestea eta bultzatzea.

 Ekitaldia Arima Hotelean izango da gaur, asteazkena 21, arratsaldeko 20.00etan eta “Enbaxadore” berriez gain, Donostiako Alkatea (Eneko Goia), Gipuzkoako Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatua (Denis Itxaso), Kursaal Elkarguneko gerentea (Iker Goikoetxea) eta Donostia Turismo&Convention Bureauko zuzendaria (Manu Narvaez) hartuko dute parte.

Enbaxadore programa 2012an sortu zen hirian ekitaldi edo kongresuak antolatu dituzten profesionalak nabarmentzeko. Estatu mailakoak direnean, 450 pertsonatik gorakoak izan behar dira, eta nazioartekoak badira, 200 pertsonatik gorakoak.

“Enbaxadore” berriak gehituta, 59 profesionalek osatzen dute 2012an sortutako elkarte prestigiotsua.

Biltzarren eragina Donostian eta gipuzkoan

Kursaalek eta Donostia Turismo & Convention Bureauk sustatutako programa honen xedea da Estatuko zein nazioarteko ekitaldi garrantzitsuak Donostiara eta Gipuzkoara ekartzea, eta kongresuak antolatzen dituzten pertsonen lana aintzatestea. Hautagaitza aurkezteak eta biltzar bat antolatzeko ardura hartzeak eskatzen duen ahalegina nabarmendu nahi dute Kursaalek eta Donostia Turismo & Convention Bureauk, izan ere, lan desinteresatu honek eragin handia du; bai ekonomian bai gure ingurunean jakintza sortu eta zabaltzeari dagokionez.

Biltzarrek hazkunderako indar handiena duen segmentua osatzen dute; kuantitatiboki lurraldeko baliabide ekonomikoak dinamizatzen dituen ekintza da. 2017an 111 bilera antolatu dira hirian (kongresuak, jardunaldiak, batzarrak…), %54,1 nazioartekoak izan dira, eta 36.956.500€ inguruko inpaktu ekonomikoa izan zuen (ostatu gauak bider partehartzaileen batez besteko gastua (350 €)).

Aurten gehitu diren enbaxadore berriak honako hauek dira:

José Ignacio Asensio Gállego CONGRESO SOCIEDAD ESPAÑOLA DE CIRUGÍA DE LA OBESIDAD MÓRBIDA Y DE LAS ESFERMEDADES METABÓLICA (SECO)  2020
Santiago Larburu Etxaniz CONGRESO SOCIEDAD ESPAÑOLA DE CIRUGÍA DE LA OBESIDAD MÓRBIDA Y DE LAS ESFERMEDADES METABÓLICA (SECO) 2020
Rosa María Valverde Citoras CONGRESO SECA (Sociedad Española de Calidad Asistencial) 2019
José Julián Landa Maya XXV REUNIÓN ANUAL DE LA SOCIEDAD ESPAÑOLA DE URGENCIAS DE PEDIATRÍA (SEUP) 2020
José Luis Fernández Maure CONGRESS OF THE WORLD FEDERATIÓN OF COLLEGES AND POLYTECHNICS – WFCP 2020
Mikel Oiarbide Garmendia REUNIÓN BIENAL RS ESPAÑOLA DE QUÍMICA 2019
Claudio Palomo Nicolau REUNIÓN BIENAL RS ESPAÑOLA DE QUÍMICA 2019
Luz Casal

Luz Casalek “Que corra el aire” disko berria aurkeztuko du Kursaalen

Gaurkotasuna / 20 azaroa, 2018

Hamaika kantu zoragarriz osatutako “Que corra el aire” disko berria dakar Luz Casalek datorren ostegunean, azaroak 22, Kursaalera. Luz-ek bere izaera itzela eta musikari dion maitasuna erakusten dizkigu, izan ere, honezkero musika horren historiaren zati da bera; eta egunetik egunera hobeto kantantzen du, ahots bareagoz, egiaz beteriko ahotsez, berak esan ohi duen legez.

Umetatik datorkio kantatzeko sena. Ordutik, hainbat eta hainbat sari eskuratu ditu, jaioterri duen Galizian hasi eta nazioartean ere aitorpen garrantzitsuak jasotzeraino: Ohorezko Grammy Latinoa, Frantziako Arte eta Letren Saria, kanturik onenari Goya saria, Madrilgo eta Parisko urrezko dominak… Tokioko izen handiko Blue Note jazz aretoa eta Parisko Olympia entzulez betetzeko gai da. Txinan ere egin du bira; musikari gutxik izan dute horretarako aukera.

Dena den, Luz-ek berak bere disko berriko kantuetako batean dioenez, oraina da harentzat garrantzitsua den bakarra. Hamar kantu berri eta Mari Trini musikariari eskainitako omenaldi bat. Album berri honek Luz Casalen orainari buruz dihardu, batzuek diskoa bere iraganaren bildumatzat joko duten arren.

LUZ CASAL
Osteguna, azaroak 22 / 20:00
32 €

Sarrerak erosi

Entre las cuerdas Harien artean

Musika Familian ekimenak “Harien artean” dakar Kursaalera: musikaren historiako pertsonaia ospetsuak ring-ean jarriko dituen kontzertu didaktikoa

Gaurkotasuna / 16 azaroa, 2018

Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren hari-instrumentu taldea batetik, eta Vivaldi, Bach, Mozart, Holst, Britten, Sarasate eta Piazzolla bestetik, norgehiagokan jardungo dira Kursaalean, azaroaren 17an, 18:00etan, Ganbara Aretoa ring bihurtuta.

Ikusleak musikari entzutetsuon bizitzetako alderdirik ezezagunenetatik gidatuko ditu Javier Irigoien moderatzaileak, boxeo-borrokaldi itxura duen kontzertu didaktiko honetan. Umorea eta musikaren tibre, soinu nahiz efektu ezberdinak ardatz, Irigoienek berak eta Belén Otxotorenak sinatu dute testua.

“HARIEN ARTEAN”
Larubata, azaroak 17 / 18:00
7€ / 3€ (<12 urte)
3 urtetik aurrera · Euskaraz

 Sarrerak erosi

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa Kursaalen izango da, Valentziako Gustavo Gimeno zuzendariaren eskutik, Vilde Frang biolinista birtuosoa aldean duela

Gaurkotasuna / 8 azaroa, 2018

  • Gimenok bigarren denboraldia egingo du 1933an sortutako orkestran. Orain gutxi, Torontoko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari ere izendatu dute, eta 2020/21 denboralditik aurrera bi orkestren zuzendaritza txandakatuko du.

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa Europan barna egiten ari den itzuliak berriz ere ekarriko du Dukerri Handiko orkestra nagusia Donostiara. 2017ko Musika Hamabostaldian aritu ondoren, azaroaren 11an, 19:00etan, kontzertua eskainiko du Kursaalen, Valentziako Gustavo Gimeno zuzendariaren gidaritzapean, eta Vilde Frang biolinistarekin.

Errepertorioko bi obrak osatuko dute igandeko programa. Lehena,  Amsterdameko Concertgebouw-k eskatuta, Colin Matthews konpositore eta musikologo ingelesak orkestratutako Mahlerren gaztetako partitura bat izango da, 1876ko piano eta harirako koartetoa. Matthewsen orkestra-bertsioak jatorrizko piezaren balio musikala azpimarratzen du eta emaitza liluragarria da: Mahlerrek egindako konposizio ariketa goiztiar baten dokumentu historikoa.

Biolinerako kontzertua da tresna horrentzat konpositoreak idatzi zuen bakarra. Vienako Operako kontzertinoa eta zuzendaria zen Franz Clementen eskaera bat jaso zuen Beethovenek, biolinerako kontzertu bat. Entzuleek ez zuten obra ontzat jo eta ondoko hamarkadetan gutxitan interpretatu zen kontzertua.  1844an berpiztu zuten obra Mendelssohn orkestra zuzendariak eta Joseph Joachim interpretatzaileak. Gaur egun, genero honetako gailurrean dago obra, Brahmsen biolinerako kontzertuarekin batera.

Txaikovskiren bosgarren sinfoniak edertasunez eta sentimenduz beteriko pieza batean kontzentratzen du errusiar musikagilearen arima osoa. Jeinu sortzaileak zorritxarra nola gainditzen duen kontatzen duen epopeia bat da: arima itxaropenaren bidez arindu daitekeela erakusten du. Patuaren gaia da hari gidaria, hark taxutzen eta ordenatzen baitu osorik gizakiaren bizitza. Laugarren sinfonia baino maila apalagokotzat zuen arren, Txaikovskik azkenerako berreskuratu egin zuen bosgarren sinfoniarekiko adiskidetasuna.

LUXENBURGOKO ORKESTRA FILARMONIKOA
Igandea, azaroak 11 / 19:00
55 / 44 / 35 / 28 / 11 €
 Sarrerak erosi