menu

Musika Hamabostaldiaren 79. edizioan, edukieraren 91% bete da Auditorioa, eta aretoa 6 aldiz bete da

Gaurkotasuna / 4 iraila, 2018

Kursaal Auditorioa izan da Musika Hamabostaldiaren gune garrantzitsuenetako bat. Auditorioa 6 bider bete da erabat eta %91ko betetzea lortu da. Guztira, leihatilan bildutako diru-kopurua 952.000 euro gordinekoa da. Ikusle-kopuruari dagokionez, ia 37.000 pertsona izan ziren jaialdiaren 79. edizioko emanaldietan.

Auditorioan programatutako emanaldien artean, azpimarragaria da La Fura dels Baus konpainiaren “Kreazioa” ikuskizunak (abuztuak 2 eta 3) lortutako arrakasta: sarrera guztiak agortuta abiatu zuten jaialdia. Halaber, erabat bete ziren honako kontzertuak: Rotterdams Philharmonisch Orkest (abuztuak 24), Budapest Festival Orchestra eta Donostiako Orfeoia (abuztuak 27) eta “Amoria”ren, Katia eta Marielle Labèquen egitasmo berriena; horretan euskal musikaren 500 urte gainbegiratzen dituzte, euskal musikari gailenek osatutako talde batek lagunduta. Gaur, 79. edizioari amaiera emateko, Koloniako WDR Sinfonieorchester orkestrak eta Donostiako Orfeoiak emango duten kontzerturako sarrerak ere agortu dira honezkero.

Edizio honetako bigarren proposamen eszenikorako Rossiniren izenburu bat berreskuratu zen, haren heriotzaren 150. urteurrena betetzen den honetan: abuztuaren 11n eta 13an, Musika Hamabostaldiak “Italiarra Aljerren”, Hamabostaldiak berak, Buenos Airesko Colón Antzokiak eta San Lorenzo de El Escorial-eko Udako Jaialdiak ekoitzitako bertsioan. Joan Anton Rechik egindako berrirakurketa berriak operaren mamia 40ko hamarraldira eraman eta, nolabait esateko, antzezlan baten barruan kokatzen zen eszenaratzea aurkeztu zuen, errebista kutsua zuena.

Kursaal Auditorioa, gainera, berrelkartzeetarako eta ospakizunetarako toki bihurtu zen eta une gogoangarriak bizi izan ziren bertan. Abuztuaren 18 larunbatean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Andra Mari Abesbatzak eman zioten hasiera aurtengo ziklo sinfonikoari, Christian Zachariasen agindupean; Christian Zacharias sarri etortzen da Hamabostaldira eta oraingoan zuzendari eta pianista gisa jardun zuen. Abuztuaren 22an, Hamburgeko NDR Elbphilharmonie Orchester orkestra Donostiara itzuli zen, lehenbiziko aldiz etorri eta 35 urte beranduago (hura izan zen jaialdian esku hartu zuen aldi bakarra); bere zuzendari printzipal gonbidatu Krzysztof Urbanskiren gidaritzapean, NDR orkestrak zur eta lur utzi zituen entzuleak kontzertuaren amaieran “Agur Jaunak” jo zuenean. Rotterdams Philharmonisch Orkest (abuztuak 24), azken hamar urteotan bere titular izan ostean orkestrarekiko konpromezua amaitzear den Yannick Nezet-Seguinekin, Hamabostaldiko publikoarekin berrelkartu zen; orkestra bere mendeurrena ospatzeko egiten ari den nazioarteko biran murgilduta dagoela etorri da Donostiara eta Hamabostaldiak bat egin nahi izan zuen ospakizun horrekin: Easo Eskolaniak “Zorionak zuri” eta doinu horren nederlanderako bertsioa kantatu zituen. Abuztuaren 27an eta 29an kontzertu bana eman zuen Budapest Festival Orchestra ere askotan izaten da jaialdian; izan ere, azken hamarkadan bosgarren aldiz dator Hamabostaldira; lehenengo kontzertuan, bere zuzendari Ivan Fischer-ek bertaratutakoen harrera ona eskertu zuen Brahmsen “4. hungariar dantza”ren jatorrizko bertsioa interpretatuz eta musikariak eurak kantatu ere egin zuten. “Amoria” ikuskizuna euskal musikaren gainbegiratze arrakastatsua gertatu zen eta Labèque ahizpentzat eta hainbat euskal musikarirentzako topagune bihurtu zen, esaterako Carlos Mena kontratenorra, Hegiak taldeko kideak eta Easo Eskolania; abesbatza horren eta pianisten duoaren arteko estreinako lankidetza Sir John Eliot Gardiner-ekin 2016an egindako lanean du jatorria: Katia Labèquek “Amoria”ren aurkezpenean kontatu zuenaren arabera, hura izan zen Easo Eskolaniaren berri  eman ziena, “munduko haur-abesbatza onena” dela esan omen zien britaniar zuzendariak. Bitxikeria horrek mahaigaineratzen du Musika Hamabostaldiak bertako abesbatzen eta nazioarteko artistentzako topaleku bezala duen garrantzia.

Musika Garaikideko Zikloa sorkuntza berritzaileenaren euskarri dela erakusten dute aurten horretan estreinatutako hiru lanek: Mario Ruizen “Aus del Dämmerung”, Gerhard Laukotearen kontzertuan entzungai izan zena; eta Raquel García-Tomás “Così mostraste a lei i vivi ardori miei” eta Mikel Urquizaren “Cinco sólidos perfectos y una mariposa”, Cosmos Quartet eta Noelia Rodilesek interpretatu zituztenak.

“Kantu Kontari”, zuzeneko musikaz lagunduta ipuinkontalari batek emandako formatu txikiko ikuskizuna, Kursaalera itzuli da abuztuko larunbatetan, eta horren bertsio ibiltaria Zumaia, Getaria, Mutriku, Irun eta Ordiziara iritsi da. Horrez gain, haurrentzako programatu dira Neonymusen “Historia inventada de la música inventada” eta “Materia” tailerra, Hamabostaldiaren 79. edizioko kartelaren egile Juan Luis Goenagaren lanaren inguruan Maushaus-ek diseinatua

Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren aurrerapen

2019. urtean Donostiako Musika Hamabostaldiak 80 urte beteko ditu. Hori ospatzeko diseinatuko den programazioan lanean dihardugu. Besteak beste, datorren edizio horretan ariko dira London Philharmonic Orchestra, Juanjo Menaren zuzendaritzapean eta Javier Perianes pianista bakarlari dela, eta Parisko Orkestra eta Donostiako Orfeoia, Daniel Harding zuzendariaren agindupean. Hurrengo Hamabostaldian eszenaratzeko aukeratutako opera da Pucciniren “Madama Butterfly”, San Lorenzo de El Escorialeko Udako Jaialdiarekin koprodukzioan.