menu

Luz Casal

BBCko Orkestra, Benito Lertxundi eta Luz Casal Kursaal Eszenako denboraldi berrian

Gaurkotasuna / 5 iraila, 2018

Kursaal Eszenak hamar hitzordu aurkezten dizkizue bere denboraldi berrirako. “La casa de los juguetes” ipuin musikatuak emango dio hasiera denboraldi berriari urriaren 20an: samurtasunez eta umorez betetako ipuin honek Claude Debussyren musika du oinarri, frantziar konpositorearen heriotzaren mendeurrena betetzen den honetan. Musika Familian zikloko ikuskizuna, jolasak duen garrantzia aldarrikatu eta genero berdintasunaren inguruan iritzia agertzen duena. Emakumezko aktore bat, pianista bat eta txotxongilo mordoa eszenan, proiekzioek eta animatutako jostailuek lagunduta.

Hurrengo hitzordua, urriaren 26an, BBCko Orkestra Sinfonikoaren eskutik izango da. Sakari Oramoren zuzendaritzapean, Martin Fröst klarinetista ezagunak lagunduko du orkestra. Besteak beste, Sibelius, Hillborg, Debussy eta Prokofieven piezak joko dituzte.

Azaroan, berriz, beste lau hitzordu izango dira: lehenbizikoa, azaroaren 11n, Luxemburgoko Orkestra Filarmonikoarekin. Dukerri Handiko orkestra Kursaalean izango da bere zuzendari titular berriarekin, Gustavo Gimeno valentziarrarekin, 2017ko Hamabostaldian izandako arrakastaren ostean. Vilde Frang emakumezko biolinista izar gazteak biolinerako idatzitako pieza ezagunenetakoa joko du, Beethoven maisuarena hain zuzen. Mahlerrek eta Tchaikovskyk osatuko dute programa. Bestalde, azaroaren 17an, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren hari taldeak “Harien artean” eskainiko du Belén Otxotorena narratzailearen laguntzarekin; ikusleek aukera izango dute musikagileen biografien xehetasun ezezagunekin gozatzeko. Eta azaroaren 22an Luz Casal izango da Kursaaleko gonbidatua.  Hamaika kantu zoragarriren bilduma kaleratu du Casalek, “Que corra el aire” izenburupean. Bere izaera itzela eta musikari dion maitasuna eta pasioa erakutsiko dizkigu Luz Casalek. Azaroko azken hitzordua Piotr Beczala tenorraren eskutik iritsiko zaigu, hilaren 27an. Gaur eguneko tenor handienetako bat eta aurten arrakasta itzelak eta entzutetsuak eskuratu dituena New Yorkeko Metropolitan aretoan eta Bayreutheko Jaialdian.

Benito Lertxundi izango da programazioko protagonistetako bat, abenduaren 1ean. “Ospakizun gauean” da oriotarraren azken lana: hamar kantu dira herri menderatuaren oldar askatzaileaz edota senaren ahotsari arreta jartzeaz ari zaizkigunak, Jorge Bucayren edo Fernando Pessoaren imajinarioan biltzera garamatzatenak; horrez gain, Jon Maiak Terranovatik ekarritako kantu bat ere partekatu nahi izan du eta bere kanturik ezagun eta hunkigarrienak ere eskainiko ditu Lertxundik. Abenduaren 16rako, berriz, Le Concert Lorrain eta Dresdner Kammerchor iragarrita daude. Andrew Parrotten zuzendaritzapean, J. S. Bachen  “Gabonetako Oratorioa” eskainiko dute. Bachek jai-giroko lan bat sortu zuen oratorioa idazterakoan. 1734ko Gabonetan interpretatua izateko propio sortuta, egun berezi horiek gogora dakarzkiguten unez beterik dago. Lukas eta Mateo santuen ebanjelioak iturri dituen testua Jesusen jaiotzarekin hasi eta Errege Magoen gurtzarekin amaitzen da.

Urte berriarekin beste bi ikuskizun izango dira Kursaalen. Batetik, Izaro kantariak emanaldia egingo du Errege bezperan, urtarrilaren 5ean. Mallabiako kantaria aurtengo Jazzaldian ikusteko aukera izan dugu eta oraingoan Donostiara eskainitako “Eason” diskoa aurkeztuko du Kursaalen. Errege bezperako oparia Izaro Andresek dituen jarraitzaile askorentzat. Bestetik, Ballet Nacional de Españaren dantza ikuskizuna iritsiko da Kursaalera urtarrilaren 27an: Antonio Ruiz Soler, Antonio el Bailarín-en omenezko ikuskizuna. Espainiar dantzari nabarmenetariko baten heriotzaren 20. urteurrena betetzearekin batera, bere koreografia ezagunenetako batzuk berreskuratuko dituzte Kursaaleko emanaldian, eta baita Pablo Picassok bere garaian “El sombrero de tres picos” koreografiarako sortutako jantziak eta dekoratuak.

Programazio berri honek uztailean bukatu zen denboraldia osatzen du. 2018ko lehen zazpi hilabetetan hamazazpi kontzertu eskaini ziren, eta 19.518 ikusle bildu ziren guztira.

Kursaal Eskura

Kursaal Eszenak, oraingo denboraldi honetan ere, aurrera egingo du Kursaal Eskura proposamenarekin; Donostiatik urrutien dauden gipuzkoar udalerrietatik datozen zaleei  Kursaalerako etorrera erraztea da ekimen honen helburua.

Antzuola, Arrasate, Bergara, Elgoibar, Getaria, Ezkio, Itsaso, Legazpi, Urretxu, Oñati, Tolosa, Zarautz, Zumaia eta Zumarragako entzuleek izan dute jadanik ekimen honetaz gozatzeko aukera, Kursaal Eszenak antolatutako hamaika kontzertuetan, eta laster beste udalerri batzuek ere proiektu honetan parte hartzea espero da.

Kursaal Eskura 2014. urtean sortu zen, Kursaal Eszenaren eta Gipuzkoako zenbait udaletxeren elkarlanaren emaitzaz, eta doako autobus-zerbitzu bat jartzen du zaleen esku, udalerri horietatik abiatzen dena, eta, Kursaaleko kontzertua/ikuskaria amaitzen denean, jatorrizko abiapuntuetara itzultzen dena.

Abonuak eta sarrerak

Abonuen eta sarreren salmenta  astelehenean, irailaren 3an, hasiko da Kursaleko leihatilan (astelehenetik ostiralera 11:30etik 13:30era; ostegun eta ostiraletan baita 17:00etatik 20:00etara; larunbatetan 17:00etatik 20:00etara) edota Kursaaleko webgunean (www.kursaal.eus).