menu

Sílvia Pérez Cruzek bere azken lana, “Vestida de nit” aurkeztuko du Kursaalen

Gaurkotasuna / 21 maiatza, 2018

  • Ahots bereziki egokikorra du eta guztiz pertsonala duen abeslari katalanak emanaldi bat eskainiko du Kursaalen bihar, asteartea, maiatzak 22

Sílvia Pérez Cruz Palafrugellen jaio zen 1983an, eta azken denborotan agertu den ahotsik zirraragarrienetako bat da. Zentzua duenez geroztik ezagutzen du musikaren hizkera, herri-abesti iberiarren eta latinoamerikarren artean hazi zen, klasikoan eta jazzean hezi, eta flamenkoak kutsatu du.

Ezinezko gauza da Sílvia Pérez Cruz estilo bakarrean kokatzea. Guztiz egokikorra eta guztiz pertsonala da. Elkarrekin gutxitan ematen diren bi ezaugarri dira, baina abeslari hau definitu egiten dute. Lantzen dituen estilo ugariekiko leiala da beti, inoiz bera izateari utzi gabe, eta bere-berea duen modu hunkigarri batean abesten du.

4 eta 23 urte bitartean musikarekin loturiko ikasgai-sorta zabal bat landu zuen: solfeoa, saxo eta piano klasikoak, kaxoia, harmonia, kantua (jazza eta flamenkoa), inprobisazioa, moldaketak, saxoa (jazza), konposizioa… Jazz-kantuko lizentzia eskuratu zuen ESMUC-en.

Ezin konta ahala diskotan eta proiektutan parte hartu du, eta artista askorekin aritu da elkarlanean, nola diren, besteak beste, Eliseo Parra, Lluís Llach, Gino Paoli, Stefano Bollani, Rocío Molina, Jorge Drexler, Hamilton de Holanda eta Joan Manuel Serrat. Espainiako Orkestra Nazionalarekin ere abestu du, Josep Ponsen zuzendaritzapean. Azaroaren 11n egin zuen debuta konpositore eta bakarlari gisa (Universal, 2012), eta publikoaren nahiz kritikaren harrera ezinhobea eskuratu zuen, baita urrezko disko bat irabazi ere. Sílviak bere karreran zehar hainbat antzerki-lanetan parte hartu du, eta, era berean, Pablo Bergerren Blancanieves filmaren ahotsa izan zen; film horrek 10 Goya sari eskuratu zituen 2013an, besteak beste jatorrizko abesti hoberenari emandakoa. Eduard Cortésen Cerca de tu casa filmaren soinu-bandaren konposizioan eta grabazioan parte hartu du; etxegabetzeei buruzko film horren protagonista da gainera, eta honek ere jatorrizko abesti hoberenaren Goya saria eskuratu zuen, “Ai, ai, ai” abestiari emana (2017).

Vestida de nit da Sílviaren azken diskoa (Universal Music, 2017). Bere errepertorioko klasikoak eta orain arte argitaratu gabeko abestiak eskaintzen ditu Sílviak obra honetan, hari-kintetoarentzat moldaturiko disko batean (Javier Galiana de la Rosak, Joan Antoni Pich-ek, Carlos Montfortek eta Sílviak berak egin dute moldaketa). Vestida de nit itzulia, publikoaren arrakasta handiz, Argentina, Txile, Uruguai, Portugal, Turkia eta Frantziatik igaro da, eta horrez gainera, Espainiako hogeita hamar hiri baino gehiago bisitatu ditu.

Maiatzak 22 / 20:00
Kursaal Auditorioa
SÍLVIA PÉREZ CRUZ
33 €

Sarrerak erosi