menu

Donostia, publizitate-industriaren hiriburua 2018ko c de c lehiaketan

Gaurkotasuna / 11 apirila, 2018

Beste urte batez, Donostia komunikazioaren eta sormenaren erdigune bihurtuko da urteroko kongresuaren beste edizio batekin: Club de Creativos (c de c) 2018. Berriro ere komunikazio-industriako eragile guztiak bilduko ditu publizitateak garai berriotan betetzen duen rola berriro idazteko asmoz. Apirilaren 12tik 14ra bitartean izango da eta, urtero moduan, kongresua Facebookekin batera antolatu eta honako hauen lankidetza izango du: Donostia Turismoa & Convention Bureau, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Donostiako alkateak, Eneko Goiak; lehen alkateorde eta turismo-zinegotziak, Ernesto Gascok; Club de Cretaivos-eko zuzendari nagusiak, Denis Itxasok, Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo-diputatuak, Concha Wert-ek eta c de c egunetako zuzendariak, Guille Viglionek, hirugarren urtez jarraian Club de Creativos erakundearen aurkezpena egin dute.

C de c 2018rako antolatutako 50 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko asmoz, sektoreko 1.800 profesional baino gehiago (iragarleak, sortzaileak, planner-ak, egileak eta abar) iritsiko direla aurrez ikusi dute. Aurtengo edizioaren leloa #bonitasimbiosis (sinbiosi ederra) izango da eta honako hau adierazten du horrek: komunikazioaren agertoki berri horri aurre egin ahal izateko foro horren baitan sektoreko profil profesional ugariak uztartzeko duten asmoa.  Inspiraziorako, eztabaidarako, ikasteko eta gogoetarako hiru egun izango dira eta, besteak beste, konferentziak, tailerrak, solasaldiak eta erakusketak izango dira. Gehienak Kursaal jauregian egingo dituzte eta, amaitzeko, apirilaren 14an, larunbatean, Espainiako Sormenaren Sari Nazionalak banatuko dituzte.

Izen ospetsuz betetako egitaraua

C de c 2018k ospe handiko hizlariak bilduko ditu: Fernando Machado, Burger King-eko marketineko mundu mailako presidenteordea; Kazuhiro Shimura, Japoniako Dentsu agentziako sormeneko zuzendaria; Kevin Brady, Estatu Batuetako Droga 5 agentziako group creative director zuzendaria; edo Carl Jonhson, Anomaly agentziako sortzailea, bazkidea eta mundu mailako CEOa (bere izenak adierazten duen moduan, New Yorken kokatuta dagoen agentzia horren helburua publizitateaz harago proiektuak landuta, beti arauak ezarritakotik ateratzea da).

Horrez gain, Toni Segarra sortzaile entzutetsuak Antonio Escohotado filosofo eta idazle polemikoa (bere garaian, jendaurrean oso ezagun bihurtu zen drogen inguruan egin zituen ikerketak zirela eta) eta komunikazio eta marketin arloetako arduradun esanguratsuak elkarrizketatuko ditu: Carlos Barrabés (Grupo Barrabés taldeko presidentea eta Barrabes.com webgunearen, merkataritza elektronikoko munduko lehen webguneetako baten, sortzailea) eta Marta Fontcuberta (senior director global content ohia Coca Cola Company-n), adibidez.

Gainera, c de c 2018 ekimenaren baitan, bi mahai-inguru egingo dituzte. Lehenengoaren hizpidea sektoreko enpresetako kontziliazioa izango da eta c de c ekimenak Más Mujeres Creativas kolektiboarekin elkarlanean landuko du.  Bertan izango dira Mónica Moro, McCann-eko sormeneko zuzendari nagusia; Chacho Puebla, Lola Mullenlowe-ko sormeneko zuzendari exekutiboa; Laura Sampedro, Wieden+Kennedy-ko sormeneko zuzendaria; eta Guille Viglione, Dimensión-eko presidentea eta sormeneko zuzendari exekutiboa.

Bigarren mahai-inguruan, aldiz, duela hilabete batzuk sortzaileen artean Madrilen, Parisen eta Londresen egin zituzten hiru mahai-inguruen inguruko ondorioak ezagutaraziko dituzte. Topaketa haiek c de c erakundeak D&AD elkartearekin (egoitza Londresen duten arte arloko zuzendarien eta diseinatzaileen elkartea) eta Frantziako BETC agentziarekin elkarlanean egin duen prestakuntza-proiektuaren baitan egin zituzten Europako Batzordearen Europa Sortzailea Kultura programako funtsekin. Hiru herrialde haietako sortzaileek c de c 2018an Europako hiru merkatu horietan industriak bizi duen egoeraren inguruko alderaketa egingo dute.

Gainera, aurten, D&AD talks izeneko gunean izango da hizlari moduan Laura Jordan Bambach, Shesays eta Mr. President-en sortzailea. The Guardian egunkariak “emakumezko ikono digital” moduan definititu zuen diseinatzaile digital, sormeneko zuzendari eta eragin handiko feminista  hori.

 Laneko mahaiak eta tailerrak

Ostegunean, apirilaren 12an, arratsaldez, c de c-n garatutako jarduera nagusietako bat egingo dute: A Eguneko lan-mahaiak. Sortzaileen eta iragarleen arteko harremanak landuko dituen jardunaldia izango da.  Arratsalde horretan, herrialdeko iragarle, sortzaile eta planner nagusiek osatuko dituzten mahaiek aurtengorako proposatutako gaia jorratuko dute: nola gerturatu komunikazioa eta sormena enpresetako CEOei publizitate-agentziek eta marketineko sailek egiten duten lanari balio handiagoa eman ahal izateko. Aurreko bi urteotan, 48 enpresatako 90 iragarlek baino gehiagok hartu izan dute parte.

Lan-mahai horiez gain, gai ugariren inguruko tailerrak ere egingo dituzte: taldeen lidergoa, etorkizuna eta berrikuntza, sormenari aplikatutako teknologia eta agentziek bezeroekin ezarri behar duten harreman berria. Azken hori Fernando Machadok (Burger King) eskainiko du.

Osteguneko, hilaren 12ko, eguna amaitzeko, Stefan Sagmeister diseinatzaileak egindako Happy Films filmaren premier-a eskainiko dute. Principal antzokian egingo duen aurrestreinaldirako etorriko da Donostiara.

Gainera, c de c 2018k Andoni Luis Aduriz sukaldariak eskainitako tailer gastronomikoa izango du aurtengo edizioan ere, eta baita “Happy Films” dokumentalaren proiekzioa ere. Principal antzokian egongo da ikusgai apirilaren 12an, ostegunean.

Urteko publizitate onena

c de c 2018 apirilaren 14an itxiko da Publizitateko Sormeneko Sari Nazionalak banatzeko Kursaal jauregian egingo den festarekin. Urteko iragarki onenak zein diren ezagutuko dugu eta, bi alderdi oinarritzat hartuta, urrezko, zilarrezko eta brontzezko garaikurrak banatuko dituzte: ideiak eta gauzatzea. Gainera, saritutako lan guztiak urtero moduan c de c taldeak datorren udazkenean argitaratuko duen Publizitateko Sormeneko Urtekarian sartuko dira.

Bestalde, festa horretan 2018ko Ohorezko c de c saria ere banatuko dute. Aurten, 60ko hamarkadaren hasieran Bartzelonan Studio Pomés eratu zuten Leopoldo Poméi eta Karin Leizi emango diete. Publizitate arloko ekoizpeneko eta argazkigintzako abangoardian egindako lana aitortuko dute horren bidez. Izan ere, XX. mendearen bigarren erdian industrian iraultza eragin zuen hainbat lani esker: Freixeneten eta haren burbuila entzutetsuen kanpaina, 1982ko Futboleko Munduko Txapelketa inauguratzeko ekitaldia edo 1992an Joko Olinpikoak egiteko egoitza gisa Bartzelona hautatzea lortu zuen komunikazioko estrategia.

Sari-banaketa horretan, bestalde, Talentu Gazteari emandako Juan Mariano Mancebo Sariko lehen edizioaren irabazlea ezagutaraziko dute. Saria sormen arloan zen publizitate-komunikazioko beste edozeinetan beren talentuagatik nabarmendu diren gazteak aitortzera zuzenduta dago. Sari horren bidez, Club de Creativos taldeak hil osteko omenaldia egingo dio lehen presidentea eta Espainiako publizitate arloan sortzaile bikainenetako bat izan zenari. Besteak beste, hark egin zituen guztiok gogoak ditugun kanpaina batzuk: RTVErentzako Pippin txakurrarena, Onceren “cuponazo”arena edo Airtel operadorearentzat (gaur egun Vodafone) egindako ‘Hola, soy Edu. Feliz Navidad’.

 Hizlari batzuk

 Fernando Machado: Burger King-eko marketineko mundu mailako presidenteordea

Burger Kingen lanean hasi aurretik, 18 urtez arrakastaz betetako ibilbidea egin zuen Unilever-en. Adweek aldizkariak Grand Brand Genius izendatu zuen, eta M&M Globalek International Marketer of the Year (2013). Doveko (Unilever) mundu mailako VPa zenean, “Dove Real Beauty Sketches” kanpaina zuzendu eta Grand Prix de Titanium saria eta beste 18 lehoi eskuratu zituen Cannesen. 2014an, Burger Kingen zegoela, “Proud Wopher” arrakastatsua bultzatu zuen LGBT komunitateari bultzada emateko, eta 2016an, aldiz, “McWhopper”ekin Print-en sari nagusia eskuratu zuen. 2017an, beste bi arrakasta eskuratu zituen: “Burning stores”, Grand Prix Printen, eta “Google Home Whopper”, Grand Prix Directen.

 Kazuhiro Shimura: Dentsuko sormen-zuzendaria

Bioteknologian lizentziatua da Tokioko unibertsitatean, eta Toyotarako Dentsuko sormen-zuzendaria da. Bezero horrekin sari ugari irabazi du jaialdietan (LIA, Clio, One Show, D&AD, Cannes, Asia Pazifikoko Publizitateko Jaialdia eta abar) eta horien artean aipatu beharrekoa da Open Road Project lana, hiriko mugigarritasuna hobetzeko eta aparkaleku-arazoak konpontzeko sortutako ekimena. Horretarako, automobil eta motozikleta banaren ezaugarriak uztartzen dituen ibilgailu elektriko (EV) txiki bat proposatzen dute.

 Kevin Brady: Droga 5 agentziako Group creative zuzendaria

20 urte baino gehiago daramatza sormenaren munduan. Besteak beste, Bozell, Lowe, Publicis, Y&R eta Droga 5 enpresetan egin du lan eta azken horretan 2007an sartu zen, sortu eta handik gutxira. Bere ibilbide osoan, 20 lehoi inguru irabazi ditu Cannesen eta, beste hainbat aitorpenen artean, sariak eskuratu ditu honako hauetan ere: D&AD, One Show, Andy eta Art Director’s Club.  Bere hitzetan, urte hauetan guztietan, egiak modu soilean zabaltzen dituzten iragarki zintzoak egiten saiatu da.

Laura Jordan Bambach: Shesays eta Mr. President-en sortzailea

Diseinatzaile digitala, sormeneko zuzendaria eta eragin handiko feminista. Honela izendatu zuen The Guardian egunkariak: “emakumezko ikono digitala”. Jaiotzez australiarra, Laura Jordan Londreseko Mr. President agentziako sormeneko bazkidea eta SheSays (www.shesays.org.uk) erakundeko (marketin digitalaren munduan beren ibilbidea ekitera emakumezkoak animatzen dituen boluntarioen nazioarteko erakundea da) zuzendaria eta sortzaileetako bat da. D & ADko presidente ohia da eta aitorpen ugari jaso izan du. 2014. urtean, Erresuma Batuko eragin handieneko 100 pertsona digitalak biltzen dituen The Drum’s Digerati zerrendako lehen postua eskuratu zuen. 2015ean eta 2016an, aldiz, Inspiring Fiftyk Europako Teknologia arloko Berrogeita hamar Emakume Inspiratzaileenen zerrendan sartu zuen, eta Erresuma Batuko eragin handieneko 500 pertsonetako bat izan zen Debrett-en arabera.

Carl Jonhson: Anomalyko sortzailea, bazkidea eta mundo mailako CEOa

Mundu mailako publizitate-industriako exekutiboetako bat da. Bere ibilbide profesional ia osoa garatu du TBWA agentzian. Omnicom-ek Palmer Clemmow Johnson (Johnsonek 1988an sortu zuen Londreseko agentzia bat) erosi zuenean sartu zen bertan eta, besteak beste, bezero hauentzat egin zuen lan: Nike, Sony PlayStation, Virgin eta British Telecom. Ordutik, CEOa izan da TBWA Simons Palmer-en eta TBWA Chiat Day NYn, eta eragiketen zuzendaria TBWA Worldwide-n. 2004an New Yorken Anomaly, beti arautik kanpo egotea helburu duen proposamena, eratzea erabaki zuen.

Stefan Sagmeister: Sagmeister&Walsh-en sortzailea eta diseinatzaile grafikoa

Austriar hau diseinu grafikoaren arloan, nazioartean, pertsona entzutetsuenetako bat da. Leo Burnett Hong Kong-en eta Tibor Kalman-entzat egin du lan, eta Oliviero Toscanirekin batera Benettonen Colors aldizkaria eratu zuen. 1993an, New Yorken bere lehen diseinu-estudioa, Sagmeister Inc., jarri zuen abian eta bertan musikako eta arte arloko pertsona entzutetsuentzat egin zuen lan: David Byrne, Lou Reed edo The Rolling Stones, eta Mariko Mori artista japoniarra, esate baterako. 2012an, Jessica Walsh-ekin batera, Sagmeister&Walsh sormen-agentzia sortu zuen New York hirian. Zazpi urtez behin, Sagmeisterrek atseden hartu eta estudioa urtebetez ixten du bere sormeneko panorama sendotu eta berritzeko asmoz. Sri Lankan eta Balin emandako azken urte sabatikoaren ondorioz sortu du The Happy Film filma Hilman Curtis-ekin batera.