menu

Jordi Savallek omenaldia eskaintzen die esklabuei “Esklabotzaren ibilbidea” proiektuan

Gaurkotasuna / 6 martxoa, 2018

Aipatu ikuskizunean hainbat herrietako (México, Colombia, Brasil, Mali, Madagascar…) musikariak arituko dira eta garai ezberdinetatik ibilbidea eskainiko du.

 Martxoaren 7an  Jordi Savall Kursalera iritsiko da (Kursaal Auditorioa, 20:00), “Esklabutzaren ibilbidea” proiektuarekin. Ikuskizun hontan, giza tragedia honen oroimenari bizirik eustea da helburua, eta omenaldi bat eskaintzea mendeetan zehar sistematikoki deportatuak izan ziren milioika gizonen, emakumeen eta haurren salerosketa ikaragarriaren biktimei.

“Lau mendez kasik, 1492. urtetik 1888. urtera arte (urte hartan ezeztatu zen esklabotasuna Brasilen), Europako herrialdeek 25 milioitik gora afrikar deportatu zituzten esklabotasunaren aldera, baina, hala eta guztiz ere, publiko orokorrak ez du aldi hau behar den bezala aintzat hartzen, gizadiaren historiako mingarrienetako eta beltzenetako bat den arren. Gizon, emakume eta haur haiek bortizkeriaz atera zituzten afrikar kontinenteko eta Madagaskarko beren herrietatik europarren kolonietara eramateko, eta beren jatorrizko kultura baizik ezin izan zuten berekin eraman: beren sineste erlijiosoak, beren medikuntza tradizionala, sukalde-usadioak, eta abestiak eta dantzak, eta haiexek gorde zituzten kokaleku edo plantazio deituriko jomuga berrietan.

Nola liteke, ordea, pertsona haiek, esklabotasunaren mende egonik ere, abesteko eta dantzatzeko gogoa izatea? Erantzuna oso erraza da: kantuak eta dantzak, musikaren erritmoak, adierazpenerako eta askatasunerako espazioa zabaltzen zuten. Zoriona eta ezbeharra, sufrimendua eta itxaropena adierazteko modu bat ziren. Jatorri eta hizkuntza erabat desberdinak zituzten jende haientzat guztientzat, kantuak eta dantzak unibertso partekatu bat eskaintzen zuten, eta beren gizatasunaren ukoari aurre egiteko modu bat.

Kontzertu honetan, musika bizia, zeina herri haien oroimenean aztarren sakonak utzi dituzten esklaboen ondorengoen antzinako tradizioen oinordekoa baita, solasean arituko da era guztietako arraza-nahasketak izan dituzten esklaboen, indigenen eta herrien kantuetan eta dantzetan inspiraturiko forma musikal hispaniarrekin eta europarrekin. Ondare afrikarra eta amerikarra, era horretan, Europako Errenazimentutik eta garai barrokotik hartutako eta inportatutako elementuekin nahastuko da.

Musika honen indar biziari eta hunkiberatasun sakonari esker, lortuko dugu gogora ekartzea biktimen ondorengoen memorian oraindik bizirik dirauen “merkataritza triangeluar” izenekoaren eta esklaboen trafikoaren bigarren aldiaren historia, Brasilgoa (jongoak, caboclinho paraibanoak, ciranda, maracatu eta samba), Malikoa (griote abestiak), Kolonbiakoa, Mexiko eta Boliviakoa (abesti eta dantza afrikar tradizionalak). villancicos de negros, villancicos de indios eta negrillas izenekoetan ageri da Mundu Berriko elizetako liturgian esklaboek izan zuten eginkizun behartuaren edo ez behartuaren lekukotasuna, hau da, besteak beste, konkista eta ebanjelizazio behartuko kultura baten emaitza gisa sorturik, Mateo Flecha Zaharrak (La negrina), Juan Gutiérrez de Padillak (Pueblako eskuizkribuak), Juan de Araujok, Roque Jacinto de Chavarríak eta frai Filipe da Madre de Deusek konposaturiko abesti kristauen bitartez.

Entzun ditzagun sufrimenduan taxutu zen historia hura oroitarazten diguten abestiak eta erritmoak, musika heldu zenekoa bizirik ateratzeko bitartekoa izatera; musika zenean bakea, kontsolamendua eta itxaropena zegoen leku bakarra”. (Jordi Savall)

JORDI SAVALL: Esklabutzaren ibilbidea
Martxoak 7 / 20:00
Kursaal Auditorioa
Jordi Savall, viola da gamba eta zuzendaria
La Capella Reial de Catalunya
Hésperion XXI
53 / 43 / 35 / 28 / 12 €

 Sarrera erosi

Dirty Dancingen emanaldi berri baterako sarrerak salgai. Igandea, hilak 11, 20:30ean

Gaurkotasuna / 1 martxoa, 2018

Datorren martxoaren 9an Kursaalera iritsiko den ikuskizun honen sarreren %90a agortua zegoen ezkero, emanaldi berri baterako sarrerak salgai jarri dira. Emanaldi berria igandean izango da, hilak 11, 20:30ean.
Dirty Dancing 80. hamarkadako klasiko handia arrakastaz arrakasta dabil Espainian egiten ari den biran. Ikuskizun hau Kursaalera iritsiko da aurretik txarteldegi arrakasta handia lortuta. Emanaldi berrirako sarrerak salgai daude bai Kursaaleko txarteldegia, baita ikuskizuneko web orrietan ere: www.dirty-dancing.es eta www.sarrerak.kursaal.eus
Musikalak ezin hobe birsortzen du dantzaren generoa estilo berri batekin berrasamatu zuen filma. Garai hartako inguru soziokulturaleko agerraldiren bat gehiago ere badu. Ikuskizunak Johnny eta Babyren arteko amodio istorio sinestezinean erabat murgiltzen du ikuslea.
Oscar sariaren irabazle suertatu zen (I’ve had) The Time of My Life abestiaz gain, Hungry Eyes sentsuala eta filmaren jatorrizko soinu-bandatik at geratu ziren beste zenbait abesti eskainiko ditu antzerki bertsioak.
Espainiara iritsi aurretik, musikala Sydneyko Theatre Royalen estreinatu zen arrakasta handirekin. Mundu mailako gertakari bilakatu zen Estatu Batuetan, Zeelanda Berrian eta Europan produkzioak egin zirelarik, azken honetan gainera, Londreseko WestEndeko txarteldegiko salmenta-marka hautsi zuen. LETSGOk produkzio hau Mexiko Hiriko Molière Antzoki Handira eraman zuen baita ere, bertako antzezle-zerrenda batekin.

Baby eta Johnnyren istorioa
1963. urteko udan Frances “Baby” Hoousemanen bizitza erabat aldatzear dago. Guraso eta ahizpa nagusiarekin New Yorkeko Catskill Mountainseko Kellerman’s luxuzko hotelean oporretan dagoela, ustekabean musikaz eta dantzaz blai dagoen festa zoro batekin egiten du topo langileentzako eremuan. Dantza-pauso probokatzaileek eta musika erritmo hipnotikoek liluratuta, ezin egingo dio muzin mundu horretan buru-belarri murgiltzeari, batez ere Johnny Castle, hoteleko dantza maisua ezagutu ondoren. Baby bere dantza laguna izango da bai eszenatokian baita handik kanpo ere: bi espiritu gaztek bat egingo dute beraien bizitzako udarik desafiatzaileenean.