menu

Kursaal 2017: beste marka historiko bat altxortegiko superabitari dagokionez

Gaurkotasuna / 26 otsaila, 2018

3,6 milioi euroko negozio-bolumenarekin (alegia, ezarritako helburua baino % 6,4 handiagoa), 2017an Kursaalek beste marka historiko bat hautsi du eragiketen altxortegiko superabitari dagokionez, 926.320 eurokoa izan baita; hau da, halaber bikaina izan zen aurreko ekitaldikoa baino % 5,7 handiagoa. Datuak (jarduera, biltzar eta bilera korporatiboei buruzkoak) onak izan direlako eta kultura-agendak arrakasta izan duelako lortu dira emaitza horiek.
Zehatz-mehatz, hiru arrazoirengatik hautsi dira markak aurrezpen-mailan. Batetik, urte onenetako bat izan da kultura-jardueraren arloan, haren fakturazioa % 2,9 handitu baita 2016koarekin alderatuta. Bestetik, oso urte ona izan da biltzarrei dagokienez (hain zuzen ere, biltzar-jauregiak lanean daramatzan 19 urteotako bosgarren onena), nahiko handiak ere izan direlako (batez beste, 662 parte-hartzaile). Azkenik, salmentek igoera handia izan dute arlo korporatiboan, batzarren kopurua % 128 handitu baita, eta jardunaldiena, berriz, % 36.
Biltzar-jauregiaren lan bikain horretan nabarmentzekoa da, baita ere, bezeroak oso pozik daudela; ekitaldi bakoitzaren ondoren egiten diren inkestetan, zerbitzuak eta taldearen profesionaltasuna kalifikatzen dituzte, eta, batez beste, 8,4 puntu eman dizkiete, 10etik.
2017ko gertakarien artean nabarmentzekoa da, baita ere, inbertsio-ahalegin handia egin duela Kursaalek, inauguratu zenetik 6,7 milioi euro inbertitu baititu teknologia eta ikus-entzunezko ekipamendua eguneratzeko, eremuak berritzeko eta azpiegitura mantentzeko. Inbertsio handi horren % 78 Kursaalek berak finantzatu du, lortutako superabitei esker.
Hrretaz gain, superabit horiei esker, ez da beharrezkoa izan Kursaal sozietatea osatzen duten bi erakundeek (Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia) ekarpen ekonomiko publikorik egitea gastu arruntari aurre egin ahal izateko.

48 milioiko eragin ekonomikoa
Azken ekitaldian jarduerari buruzko datuak onak izan direla ikusita, nabarmendu beharra dago horrek Donostian eta Gipuzkoan duen eragin ekonomikoa 48 milioi eurokoa izan dela, 2016an bezala.
Eta, nagusiki, ekitaldiei esker lortu da eragin hori; hain zuzen ere, biltzarrei esker. Iaz, biltzar garrantzitsuenetako bat Medikuntza Orokorreko Espainiako Elkartearen (SEMG) Biltzar Nazionala izan zen, ia 3.000 mediku jeneralista ekarri baitzituen. Parte-hartzaile gehieneko bigarren biltzarra Flebologiako eta Linfologiako XXV. Biltzar Nazionala izan zen, 1.500 mediku espezialista bildu baitzituen. 2017ko topaketa profesional garrantzitsuenen artean tekniko eta zientifiko batzuk daude; besteak beste, IEEE Congress on Evolutionary Computation, Matcomp (material konposatuena) eta Nanospain. Ecoplayas, Club de Creativos eta Gastronomika ere izan ziren biltzarren artean.

% 20 parte-hartzaile gehiago Kursaal Eszenan
Kultura-arloan, aipagarria da 2017an Kursaal Eszenak, Kursaalen beraren kultura-programazioak, % 20 handitu duela kontzertuetara etortzen direnen kopurua, eta, horrela, batez beste, eserlekuen % 81 bete dira. Gainera, proiektu kulturala indartuko duten 3 enpresa babesle berriak elkartu dira –Elektra, Telesonic eta Sabico-.
Guztira, 137 kontzertu antolatu ziren, haietatik 28 Kursaal Eszenak proposatutakoak; besteak beste, hauenak: Montecarloko ballet-konpainia, Ken Zazpi, Suisse Romande orkestra, Leiva, Loquillo, Luna, Vanesa Martín, Los Planetas, Chick Corea eta, berrikuntza gisa, bazkaria eta afaria The Como Mother gospel-taldearekin. Carmen opera ere antzeztu zuen Opus Lirica konpainiak.
Beren programazioa Kursaalen gauzatzen duten sustatzaile pribatuek kontzertu gogoangarriak ekarri zituzten Donostiara, eta, guztietan, Auditorioa bete egin zen. Talde hauek eskaini zituzten kontzertuak: La Oreja de Van Gogh, Dani Martín, Los Luthiers (hiru saio), Mayumaná (lau saio), Film Symphony Orchestra, India Martínez eta Raphael («Loco por cantar»). ETBko Goazen 3.0 telesaioaren aurrestreinaldiak eta haurrentzako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun tradizionalak erabat bete zuten Kursaal.
Eta, haiekin batera, ohiko beste batzuk ere izan dira; esaterako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiko emanaldiak, Musika Hamabostaldiko eta Heineken Jazzaldiko udako kontzertuak, eta Donostiako Zinemaldiko 100dik gorako zinema-proiekzioak.

LED fatxada, munduko handienetako bat
Kursaalek biltzar-jauregi gisa dituen berezitasunei (helmuga erakargarria, kokapen estrategikoa, abangoardiako eta arkitekturako eraikin ikonoa, bi Michelin izar dituen jatetxeko gastronomia) aukera paregabe bat gehitu behar zaie orain ekitaldi korporatiboak erakartzeari begira: eraikina bera enpresen irudi eta markaren leiho argidun bihurtzeko aukera. Urte honetatik aurrera, Donostiako biltzar-jauregiak munduko LED fatxada handienetako bat eskainiko die ekitaldien antolatzaileei.
Euskarri digital ikusgarri eta berritzaile hau eraikinarekin mimetizatuta dago, eta, hari esker, orain arte pentsaezinak ziren marketin-ekintza sortzaileak eta dinamikoak jar daitezke martxan. Bezeroak pertsonaliza dezake, eta fatxadan bere marka, logotipoa edo irudi korporatiboa modu ikusgarrian erakutsi. LED pantaila erraldoia komunikazio-tresna ahaltsu gisa eskaintzen da; eremu erakargarria da; eta, bertan, enpresak nabarmendu egin daitezke, edo zirrara eragin diezaiekete ikusleei. 1.512 metro koadroko azalera du (70 x 21,6), eraikin ikoniko batean kokatuta dago, eta elementu bereizle eta paregabea da.

16.000 jarraitzaile baino gehiago sare sozialetan
2017an, Kursaal 16.000 jarraitzaile baino gehiago izatera iritsi da sare sozialetan; hain zuzen ere, Twitter-en, Facebook-en eta Instagram-en. Biltzar-jauregiak nagusiki herritarrekin zuzenean harremanetan jartzeko erabiltzen ditu bitarteko horiek.

Nazioarteko zortzi biltzar 2018rako
Kursaalen 2018rako aurreikuspenen arabera, 20 bat biltzar egingo dira; besteak beste, nazioarteko bederatzi, nagusiki Europa mailan, eremu geografiko estrategikoa baita ekitaldi zientifiko eta teknikoak erakartzeko Donostiako biltzar-jauregiak ezarrita duen politikan.
Lehenik eta behin, Europako Parlamentuaren bilera bat nabarmendu behar da; hain zuzen ere, ALE taldearena (Alliance of Liberals and Democrats for Europe). Maiatzean izango da, eta 200 parlamentari bilduko ditu.
Irailean, Graphene Week izango da, Graphene Flagship ekimenaren barruan. CIC Nanogune-k bultzatzen du, eta etorkizunari eta garapen-bidean dauden teknologiei buruzko munduko ekitaldirik handiena da. Europako Batzordea da ekimenaren aitzindaria. Graphene Week grafenoarekin eta bi dimentsioko materialekin lan egiten duten zientzialari, berritzaile eta ikertzaile guztien topaketa profesional onena da.
Nazioarteko esparru zientifiko eta teknikoaren barruan kokatzen dira, baita ere, Inguratzaile Arktektonikoen Nazioarteko VIII. Biltzarra,13th European Molecular Imaging Meeting (650 ordezkari) edo 14th International High Speed Machining.
Azti-Tecnalia da urrirako aurreikusita dagoen Ecosystem Services Partnership Regional Conference (ESP) bileraren bertako sustatzailea. Europako Terminologia Elkartearen biltzarra (EAFT) azaroan izango da. Elkarte horrek eleaniztasuna sustatu nahi du terminologiaren bidez.
Azkenik, lanbide-heziketa izango da maiatzaren amaieran egingo den nazioarteko biltzarraren gaia. Arlo horretan Euskadi eredugarria da.

2018ko biltzar nagusiak

• Neurokirurgia Pediatrikoko XXXIV. Bilera Nazionala
• 13th European Molecular Imaging Meeting
• Espainiako Club de Creativos elkartearen 2. Jaialdia
• 14th International High Speed Machining
• Kirurgia Pediatrikoko XXXIV. Biltzar Nazionala
• European Parliament Meeting
• Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarra
• Kudeaketako Erizainen Jardunaldi Nazionalak
• Inguratzaile Arkitektonikoen Nazioarteko VIII. Biltzarra (ICAE)
• Graphene Week
• San Sebastián Gastronomika 2018
• Ecosystem Services Partnership Regional Conference (ESP)
• Lanerako Prestakuntzako eta Orientabideko (LPO) Biltzarra
• Dermatologia Estetiko eta Terapeutikoko XXX. Biltzar Nazionala (GEDET)
• Conference of European Association for Terminology (EAFT)

2018ko azoka nagusiak

• III. Komiki eta Manga Jaialdia (COMIKD)
• SEVATUR (Ihesbidearen eta turismoaren azoka)
• 14. Stock Azoka
• San Sebastián Gastronomika
• Kursaal Ezkontzak
• Expofarma